Uhinak igortzeari utzi, irrati osatuago bat jaio dadin

  • Info7 irrati libreak larunbat honetan amaituko ditu emisioak, hamahiru urtetan euskara hutsez dialean aritu ostean. Urteotan proiektuan parte hartu duen oro eskertzen ari dira azken biran. Laster aurkeztuko dute irrati berria.


2018ko abenduaren 13an - 07:56
Info7 irratiko 2011ko lan taldea / Argazkia: Info7 Irratia

Ez dira asko euskara hutsean emititzen diren irratiak. Are gutxiago libreak direnak. Gehien-gehienak tokian tokikoak edo lokalak izan ohi dira, frekuentzia Euskal Herri osora zabaltzeko gaitasunik ez dutenak. Bada bat ordea, hamahiru urte luzez euskaldunon artean izan dena, eta zoritxarrez ala zorionez, bere emisioak larunbat honetan amaituko dituena: Info7 irratia. 2006az geroztik, Aztibegia elkartea eta Gara egunkaria egon dira egitasmoaren atzean, sostengu nagusienak izanik. Ez dira, baina, bakarrak izan. “Kolaboratzaile, langile eta urteotan parte hartu duten guztiak beharrezkoak izan dira”, adierazi zuten Info7-ko kideek irratiaren amaiera iragarri zutenean.

Euskal irratigintza sustatzeaz arduratu da urteotan guztiotan. Info7ko kazetari eta Aztibegia elkarteko lehendakaria den Eider Olazarrek hasierako helburu nagusia “aniztasuna” dela dio: “Euskal Herri mailako ikuspegi nazional bat edukitzea, eta aldi berean lizentzia lortzea, legaltasun osoz lan egiteko”. Bi helburuak beteko lituzken irratiak euskal herritarron euskarri komunikatiboetako beharrizanak asetuko bailituzke. Aise egin du Info7-k.

FMz emititzeko legaltasuna izango zuen Euskal Herri mailako irrati proiektu bat sortzeari ekin zioten 2006an. Lizentziak lortzen joan dira urtez urte, eta azken urteotan Euskal Herriaren zati handi batean izan da entzungai: EAE osoan eta Nafarroaren iparraldean. Irratigintza dialean –FMn– emititzeko zeuden eta oraindik ere badauden zailtasunak nabarmendu ditu Olazarrek: “Oso egoera antidemokratikoa eta desorekatua dago”. Dialean komunikazio hedabide handiak dira nagusi, eta bestelako proiektu askok ez dute lizentziarik legaltasun osoz lan egin ahal izateko.

Jauzi bat proiektu berri batera

Info7-ren jarduna hemen amaitu arren, urte berriarekin batera zerbait berria ekarriko dutela aurreratu dute. Jende gehiagoren parte hartzearekin egindako proiektu bat izango dela dio Olazarrek, eta hau ere euskara hutsean emitituko dela. Proiektua “progresiboa” izango da. Urtarrilean izango dira lehen emanaldiak, kontu puntualak baino ez, baina udaberri ingururako “osatuago” egotea espero da. Sortu orduko EAE osoan izango da entzungai, eta baita Nafarroa iparraldeko eta ekialdeko zenbait lekutan ere. Euskal Herri mailako ikuspegi orokor bat biltzen saiatuko da hau ere, lizentzia eta baimen guztiak behar bezala edukita.

Amaiera bira

Urriaren 15ean, saio batean jakinarazi zuten emisioak utziko zituztela, eta azaroan egin zuten agerraldi publikoa. Azken bi aste hauetan programazio berezi bat dute eskuartean.

Irratitik igarotako jendearekin bildu, audio horiek berreskuratu eta nostalgiaz beteriko solasaldiak ari dira egiten. Protagonistak elkartu eta momentu goxoak oroitu. Tartean herri harresien zuzeneko emanaldia egin zuten hura oroitu dute, eta bertso txapelketen jarraipenak –irratigintzako lehenak izan ziren bertsoak zuzenean ematen–. Orotara 400 kolaboratzaile inguru izan ditu Info7-k. Herriz herri laguntzaileak ere izan dituzte, tokian tokiko seinalea eman ahal izateko. “Musutruk lan egin duen jende asko”, dio Olazarrek. Horiek eskertzeko unea ere izango da. Bestalde, webgune berezi bat ireki dute, amaiera birako xehetasunak biltzen dituena.

Lehen emanaldi berezia Itziarren egin zuten, Joxe Landarekin. Info7-ren sorreratik gaur arte, astelehenetik ostiralera eguraldiaren iragarpena ematen zuen, bolondres. Bere jarduna baloratu eta eskertu zuten. Bergaran ere izan ziren 18/98 auziaz hitz egiten, atzo Altsasuko gurasoekin, gaur Iruñerriko mugimendu feministeko kideekin eta Joseba Asiron alkatearekin, eta ostiralean Baionan, Anaiz Funosasekin eta Mixel Berokhoirigoinekin bilduko dira.

Azken dantza

Larunbat honetan, hilak 15, itxiko ditu ateak Info7-k, eguerdira arteko irratsaioarekin. Goizeko bederatzietatik eguerdiko ordu batetara arituko dira irratian, eta festa giroan amaituko dute, Urruñan (Lapurdi). Proiektuaren parte izandako guztiei luzatu zaie gonbidapena, batez ere bazkide diren 2.000 horiei. “Hauek gabe ez litzateke posible izango; sostengu ekonomikoa izan dira”, dio Olazarrek. Eguerdiko ordu bata denean utziko dute behin betiko uhinak igortzeari, eta bazkaria izango da ondoren. Bazkalostean, La Jodedera musika taldearen kontzertua izango da, hauei eskertuz 10. urteurreneko kantua egin izana.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Info7 irratia
Urtarrilaren 1ean hasiko da Info7 irratiaren ordezkoa

Abenduaren 15ean amaitu zituzten emisioak, eta euskara hutsezko irrati libre baten sorrera iragarri zuten, xehetasun gehiagorik eman gabe. Bizkaian eta Gipuzkoan hasiko dira.


Info7 irratiak emititzeari utziko dio, jauzi bat eman eta euskara hutseko proiektu berri bati ekiteko

"Aztibegia elkarteak erabaki du Info7 irratiaren etapa itxi, jauzi bat eman, eta irrati proiektu berri bat sortzeko lanean murgiltzea". Hala jakinarazi du irratiaren jabe den elkarteak abenduaren 15ean emisioa etengo dutela eta urte berriarekin batera, euskarazko... [+]


2016-10-14 | ARGIA
Kontzertu bikoitza Info7 irratiaren 10. urteurrena ospatzeko

10 urte bete ditu Info7 irratiak. Urriaren 14an Donostiako Garoa liburu dendan Morau, Izaro eta La Chula Potraren kontzertuak antolatu dituzte. 18:00etan hasiko da. Azaroaren 18an Bukowskin Joseba Tapiaren proiektu berria ezagutzeko aukera emango dute: Tapia eta besamotzak.


Eguneraketa berriak daude