Tolosako Ezpala Gaztetxearen epaiketa abenduaren 18an izango da

  • Abenduaren 18an epaituko dute Tolosako Ezpala gaztetxea okupatzeagatik salaketa jarri zioten tolosarra. Gazteen ustez, "kolpe latza" litzateke eraikina husteko agindua.


2020ko azaroaren 27an - 16:51
Arg.: Tolosaldeko ataria

Duela urte eta erdi, 2019ko apirilean, zenbait gaztek Tolosako eraikin zahar bat okupatu, eta, beste behin, Ezpala gaztetxea eraikitzeari ekin zioten han. Eraikina, izatez, margo enpresa bat zen. Hutsik zegoen, utzita, eta hala zeramatzan hamasei urte baino gehiago. Gazteek, biltzeko gunerik ez zutela ikusirik, hura okupatzea erabaki zuten, erabilera bat eman ahal izateko. Handik gutxira, baina, eraikinaren jabeak salaketa jarri zuen, eta urtebete geroago heldu zen epaiketaren data. Hasieran, ekainean epaitu behar zuten okupazioan parte hartu zuen tolosar gazteetako bat, baina atzeratu egin behar izan zuten, COVID-19aren pandemiak prozesu juridiko ugari motelarazi baitu. Orain, jada badakite data berria: abenduaren 18a.

Mikel Hernandez eta Iraia Santxez Tolosako eta Ibarrako gazte asanbladetako kideak dira, hurrenez hurren, eta biek ere, inguruko gazte askok bezala, ezjakintasunez bizi izan dituzte azkeneko hilabeteak. Ez zekiten zenbat luzatuko zen data berria ezartzeko prozesua. Hala ere, epaiketaren aurrean, “hankak lurrean” dituztela dio Hernandezek. “Badakigu aukera handia dagoela epaileak husteko agindua emateko. Egoera kezkagarri baten aurrean egongo ginateke. Ezpala hustuz gero, gure jardun politikoa aurrera eraman ahal izateko gunerik gabe egongo ginateke, eta gu bezala geratuko lirateke eskualdean langileen bizi baldintzen alde jarduten duten beste hainbat eragile”.

Negoziaziorik gabe

Hori gerta ez dadin, eraikinaren jabearekin harremanetan jarri nahi izan dute euren abokatuaren bitartez, negoziazioa martxan jartzeko. “Baina ez gaitu entzun nahi izan”. Eta salatu duten jarrera bakarra ez da eraikinaren jabearena izan. Izan ere, Tolosako Udalaren “erreakzio falta” ere salatu dute. “Abastos eraikina itxita dago aspalditik. Eragile ugari bildu izan gara han, eta erabilera ematen diogu. Hala ere, udaletxeak ez du erantzuten hura erabili ahalko dugun edo ez”, salatu du Hernandezek.

Epaiketaren behin betiko data jakin berritan, komunikatu bat kaleratu zuten eskualdeko zenbait gaztek, eta han azaldu dute Ezpala gaztetxearen egoera ez dela kasu bakan bat. Argudiatu dute Euskal Herrian langileen kontrolpeko guneek eta gaztetxeek erasoak jasan dituztela azken aldian. “Besteak beste, Zarauzko Putzuzulo gaztetxea eraitsi nahi dute; Legutioko hotel bat husteko arriskuan dago, eta Bilboko Etxarri II gaztetxea ere antzeko egoera batean dago. Aipatzekoa da azken horretan elkartasun antolaketaren bitartez lortu zela eraikina oraindik ez hustea”.

Bilbokoaren gisako egoerak errepikatzeko, Ezpalako gazteek ezinbesteko tresnatzat dute langileen antolakuntza. “Egungo gizarte eredua gutxi batzuek irabaziak lortzera bideratuta dagoela ulertu behar dugu; gehiengo bati bizkar ematera, alegia”, azaldu du Santxezek. “Orain, gainera, krisi ekonomikoa azkartu egin da, pandemiagatik, eta nahiko nabaria da proletarizazio egoera bat jasaten ari garela. Bizitzako arlo gehienetan nabaritzen da hori: etengabeko kaleratzeetan, etxegabetzeetan eta ikasketa prozesua aurrera eramateko baldintza desegokietan”. Santxezen ustez, “ofentsiba” horren aurka beharrezkoa da langileek “gehiengoa batzea”, eta baita langileak “elkartasunez antolatzea ere”, euren bizi baldintzetan hobekuntzak lortzeko.

Herritar askok jakin ez arren, hilabeteotan gaztetxearen itxura berritzen eta zenbait konponketa egiten aritu dira gazteak, auzolanean. “Eraikina okupatu genuenean, egoera kaskarrean zegoen; hezetasun handiko gune ugari zituen. Hasieratik egonkortu genuen tokia, funtzionala izan zedin, gure beharretara egokituz eta itxuraz aldatuz”. Teilatua konpontzea izan zen azken lana, “oso egoera txarrean zegoelako. Oraindik ere lan asko dago egiteko, baina asko hobetu dugu”, azpimarratu du Santxezek.

Antolatutako saioetan —jardunaldiak, hitzaldiak eta musika saioak egiten ari dira gaztetxean—, eta gazteen babesean nabaritu dute egindako lanaren emaitza. Tolosako Gazte Asanbladaz gain, herriko eta eskualdeko eragile ugarik erabiltzen dute Ezpala, eta, hori dela eta, aurrerago, “eta posible den heinean”, jardunaldi eta ekitaldi gehiago lantzen saiatuko direla gaineratu dute.

Nekerik ez, gogoa bai

Epaiketaren egunerako itxaropen handirik ez badute ere, Tolosaldeko Gazte Asanbladako kideak ez dira bakarrik sentitzen euren borrokan. “Eskualdeko hiru herritako gazte asanbladek osatzen duten Tolosaldeko Gazte Frontea ere gurekin dugu, babesa emateko prest”. Gazteek ez dakite zein izango den azken epaia. “Husteko aginduarena susmoa besterik ez da oraingoz, baina epaia hori balitz, auskalo noiz gauzatuko luketen”, azaldu du Hernandezek.

Jasotako babesari esker, gaztetxearen defentsarako borrokan tinko mantentzen direla aitortu dute bi gazteek. “Gure jardun politikoa aurrera eramateko gune egonkor bat behar dugu; beste behar batzuk asetzeaz gain, funtzio hori ere betetzen baitu Ezpalak”. Kezkatuta daude, baina, aldi berean, indarrez bizi dute egoera. “Egindako lan guztiagatik eta emandako erabileragatik, guretzat kolpe handia litzateke gaztetxea kentzea”.

Epaiketa egunaren aurretik zenbait ekintza antolatzeko asmoa dute gazteek. Besteak beste, Tolosako Gazte Asanbladaren bilakaera, eta, oro har, Tolosaldeko Gazte Frontearen ibilbidea azaltzen duen argazki erakusketa bat jarriko dute Tolosako Triangulo plazan. “Militanteak ez gaude nekatuta. Gogotsu jarraitzen dugu, eta argi dugu ez garela etxean geratuko”, aitortu dute. “Gaztetxearen egoera eskualdean ezagutarazteko eta gizarteratzeko asmoa dugu. Guretzat oso garrantzitsua da garai zail honetan babes sozial hori izatea”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gaztetxeak
Zestoako gaztetxea husteko agindua eman du epaileak

Eraikinetik ateratzeko agindua eman diete Zestoako Gazte Asanbladako kideei, eta prozesuaren gastuak ordaintzera zigortu dituzte. Gaztetxearen defentsan mobilizatzera deitu dute igandean, otsailak 4, Zestoako plazatik.

 


Bi gazte epaitu dituzte asteazkenean Zestoako gaztetxearen okupazioagatik

Zestoako Elizondo eraikina gaztetxe berri gisa okupatu zuen Gazte Asanbladak. Eraikina Elizaren jabetzakoa da, eta gotzaindegiak gaztetxearen aurkako prozedura abian du. Protesta ekintzak nagusitu dira azken asteetan, igandean Zestoako elizan, esaterako. Zestoako Udalak adierazi... [+]


2024-01-23 | Gedar
Zestoako Gaztetxearekin elkartasunez, Eliza seinalatzen jarraitzen dute

Zestoako Gaztetxearen kontrako prozedura judiziala mantentzen du Elizak: asteazken honetan izango da epaiketa. Aurreko ostiralean, Gaztetxearen aldeko elkarretaratze bat izan zen Donostiako Artzain Ona katedralean.


Zarauzko gaztetxean lapurreta egin dutela salatu dute

Kontzertuetarako materiala eta baliozko tresnak eraman dituzte.


2023-09-12 | Ahotsa.info
Ez Dago Hilda festibala urriaren 28an ospatuko da Berriozarren "eszena autogestionatuarentzat" lokal bat helburu

Ez Dago Hilda festibalaren antolakuntzak azaldu duenez, festibal honen helburua dirua lortzea izanen da Iruñerriko eszena autogestionatuak behar duen entsegu espazio bat eskuratzeko. Urriaren 28an Berriozarko Ilargi parkean ospatuko da hirugarren edizio hau.


Eguneraketa berriak daude