Taldekako Xilabako ondoko fasean nor kantatuko zuen zehazten doa emeki-emeki

  • Pasa den asteburuan, Amenduzeko Eiheran eta Azkaingo Xoko Ona ostatuan jokatu ziren Taldekako Xilaba Xapelketako ligaxken laugarren asteburuko saioak.


2019ko urriaren 15an - 12:31
Amenduzeko eihera jendez mukuru bete zen. 4koplasara taldeak finalerdietarako txartela eskuratu zuen (argazkia: Bertsularien Lagunak).

Azaroaren 11n Amenduzeko eihera mukuru bete zen, afarirako mahaiak gehitu behar izateraino. Eskukula eta 4koplasara taldeek, biak Ezkorbrutei gailendu ondotik, finalerdira pasatzea jokoan zuten. Agurrekin giroa piztu zuten eta ez zen gaualdi osoan itzali. Gaiak aktualitatea eta umorea uztartuz joan ziren: haien artean mintzo diren ahantziriko zulo bateko ETAren arma ahantziak, kantuekin laborarien eta herriaren borroka edota barazkijaleekiko kritika, Euskal Irratiak koplako saioan eta baita porno aktore izan nahi duenaren burasoena ere.

Bakarkako gaian, Ramuntxo Chrystiri, “eskuin muturrak sobera ziztela dio” gaiari kantatu behar izan zion. “Alde bateko eta besteko nahi langileen defentsa / ...Aterabide bera dugunik ez dezala nehork pentsa” bota zuen lehenean. Bigarrenean Ramuntxo, eskuina igotzean ezkerrak behera egiten duela eta ifrentzuz azalduz hasi zen, eskuinekoen kexua nondik heldu zen ulertzen erranez finitzeko. Amets Arzallusek berriz “ezin ditu gehiago galtzak hetsi”. Argalegi zela entzun izan duela eta jaten hasi denaren paperean sartu zen, “lehenik hartu Big Mac bat, bat ta gero beste bi / pisuan gora ta gora hasi ta ezin geldi / o(r)ai galtzak ezin lotuz duda sartu zait neri / ez al ditudan erosten sobera tinkoegi”, bota zuen lehen bertsoan. Mundu erdia dieta egiten ari dela nabarmenduz hasi zuen bigarrena... “Ta ez naiz ongi senditzen kilo hauen harira / hala ere jan eta gora nahi nuke tira / galtza haundiagoak erosi eta neurrira / ezin baikintezke bizi itxurari begira”. Gero jinen zen libreko bertsoaldiek bertsolariak publikoarengandik hurbiltzea ahalbidetu zuen eta horrek jadanik beroa zen giroa leherrarazi zuen. Azken agurren ondotik Hodei Renteria gai emaileak finalerdira 4koplasara taldea iraganen zela iragarri zuen. Ondorioz, azaroaren 2an Baionako Zizpa gaztetxean Hasta la 2toria eta 4koplasara lehiatuko dira.

Urriaren 12ko saioa ere bezperakoaren pare joan zen, Xoko Ona ostatuko gela ttiki gelditu baitzen. 60 pertsonatik gora agertu zen Ekainaz eta Kontrabanda taldeak entzutera. Saio hori ere giro paregabean iragan zen, funtsean Xilaba joan den moldean. Urriaren 12a izanki (guardia zibilaren eguna) Ekainaz taldea guardia zibilez jantzirik “makil kaska joko d(ug)u zonbait bizkar” erranez hasi zen. Kontrabandak “multxoko bi galtzaileen guda / ongi etorri kontsolamendura” abestu zuen, bi saioetan gailenduz haien multxotik Hasta la 2toria sailkatu dela oroitaraziz. Lagun arteko lehia zela argi gelditu zen, biziki etxeko giroa sendi baitzitekeen. Bereziki giro goxo hori nabarmendu behar dugu jendeak gozatu zuela begi bistakoa baita. Saio horrek, gaurkotasuna izan zuen aipagai, aldaketa klimatikoa, kantuarekin Knörren “morts pour la patrie” edo Larrun mendiaren inguruko arazoa ere hurbil izan zuten “trenean gora turistak begiratzen dituzten bi ahuntzak”. Umorea ere presente izan zen, prefosta. Ahuntzek umoretik kantatu zuten eta horretarako beste gairik ere aditu ahal izan zen, mozkorra den amatxi aitonarekin oheratu ordez bilobarekin oheratu zena kasu, edo zazpi aldiz gidabaimena huts egin duenak zortzigarren aldiko inspektore bera egokitu zaionarena ere. Eta horrela doa Xilaba, behin betiko finalerdiko sailkapena Berttolin jokatuko den saioan erabakiko da.

Beheko bideoetan ikus ditzakezue Amenduzeko eta Azkaineko saioetako irudiak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Taldekako Xilaba 2019
2019-11-18 | ARGIA
Artetxe eta Txoperena anai-arrebak txapeldun, taldekako Xilaban

300 bat entzuleren aitzinean burutu dute aurtengo taldekako Xilabaren finala, larunbatean Izturitzen. Lagun arteko giro goxo eta beroa azpimarratu dute bertsolariek zein bertsozaleek.


2019-11-05 | Erran .eus
Hasta La 2toria eta Ez Otoi Pentsa taldeek lortu dute Taldekako Xilabako finalera sailkatzea

Taldekako Xilaba Txapelketako final aitzinekoak joan den ortziralean eta larunbatean jokatu ziren Baionan eta Muskildin. Lehenbizikoan 4koplaSara eta Hasta La 2toria taldeak aritu ziren eta bigarrenak lortu zuen aitzinera egitea. Bigarren final aitzinekon, Ez Otoi Pentsa eta... [+]


Urruñako Berttolin erabakita geratu da 2019ko Taldekako Xilabako azken kanporaketa

Etxean kantatu zuen Urruñago taldeak irabazi zuen azken kanporaketako saioan.


Eguneraketa berriak daude