“Pentsatuko ez genituen elkarte eta herriek hartu dituzte kilometroak Xiberoan”

  • Ostiral goizaldean igaro zen Korrika Zuberoatik, eta denbora tarte txikia egin bazuen ere, balio izan du erakusteko euskararen aldeko atxikimendua handituz doala, eta gazteak indartsu datozela. “Ikastolatik kanpo euskarazko aktibitateak egitea konplikatua da, baina Korrikak bateriak kargatzen dizkigu, ikusita zenbat jende den”, dio Oihana Larrandaburu Xiberoko ikastoletako irakasleak.


2024ko martxoaren 16an - 14:47
Azken eguneraketa: 2024-03-17 14:37:03
Xiberoko ikastolak Maulen lekukoa hartu duen unea, Oihana Larrandabere arrosaz. / Argazkia: AEK.

Martxoaren 15eko egunsentiarekin batera hartu zuten lekukoa Xiberoko ikastolek, Maulen, 165. kilometroan. Tartean zegoen Oihana Larrandaburu bertako ikasle ohi eta egungo Eperra ikastolako irakaslea, eta kontatu digu “plazer handia” izan dela denek batera bizitzea Korrikaren igarotzea: “Korrikaren aitzin goaitatzen ginelarik gure kilometroa, aitatxi eta amatxi batzuk hurbildu dira, buraso ohiak, ikasle ohi andana bat, eta bistan dena, oraingo burasoak eta haurrak ere. Holako harrotasun sentimendua izan da, denak hor izaitea”.

Atxikimendua zabaldu da

Larrandaburuk Zuberoako euskaltzaletasunean “aldaketa handia” nabaritu du: “Atxikimendua, bederen, handitu da, nahiz eta beharbada ez diren denak euskaltzaleak edo”. Aldeko jarrera hori urteetako lanari esker txertatzea lortu dutela dio:  “Maulen eta beste herrietan ere pentsatuko ez genituzkeen elkarteek hartu dituzte kilometroak”. Halere, aitortu du Korrikaren testuingurutik atera ostean egunerokoa desberdina dela:  “Borrokatuak gara, eta konplikatua da ikastolatik kanpo euskara entzuteko”.

Haurra zeneko garaiak oroituta, jakitun da beti ez dela hainbeste jende bildu euskara sustatzeko ekimenean: “Haur denborako Korrikaren oroitzapena enetako handia zen, baina burasoekin-eta aipatuta, kontatzen dute zer borroka zen eta konplikatua zela”. 1980 eta 1990eko hamarkadetan Zuberoatik Korrika pasatzean jende gutxi izaten zela gogoratu du, eta horregatik dela “biziki polita” ikustea oraingo indarra eta, bereziki, gazte kopuru handia. “Bateriak kargatuta” daudela baieztatu digu, eta asteburuan Mauleko ihauterietan elkarrekin bestan eta kultur jardueretan gogoz jarraituko dutela. Korrika hor ere presente izan dute, lekuko erraldoi bat egin baitute ikastolakoek ihauterietarako.

Euskara aitzinean

Nola azaldu haurrei Korrikaren aldarrikapena? Larrandaburuk argitu du ikastolan euskararen erabilpena “beti” aitzinean ezartzen dutela, eta Korrikaren garrantzia haurrei transmititzen dietela. “Buraso ainitz gau eskolara eta AEKra joaten dira, horrek indarra emaiten du, haurrek badakite zer den”. Azpimarratu du lagundu duela aurtengo Korrikan Azterketak Euskarazen aldarrikapenak lehen lerrora ekartzea, Zuberoko ikasleek ere gertutik bizi izan dutelako borroka hori.

Xiberoko ikastolek 50 urte bete zituzten 2023an, eta Larrandaburuk Xiberoko Botzan gogorarazi zuenez, hastapen zailak izan zituzten; gose grebak eta borrokak tarteko, “emeki-emeki bere bidea egin du”. Egun,105 ikasle dituzte, Basabürüako Alozeko ikastolan eta Sohütako Eperra ikastolan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Korrika
2024-03-25 | Leire Artola Arin
Burbuilaren ostean badago zer erein

Irundik Baionara, ezin ezkutatuzkoa izan da 23. Korrikak eragindako harrotasuna. ‘Herri Harro’ leloak zentzua hartu duela ikusi dugu lekuko hartzaileen aurpegietan, eta atzetik euskararen alde oihuka aritu diren korrikalariengan. Bakoitzak bere gorputzetik eta bere... [+]


Inoizko Korrikarik ikusiena izan da

1.700.000 ikustaldi izan ditu EiTBren emanaldiak –Hamaika TBrenak gehitu behar zaizkio–. Pozik agertu dira AEKko arduradunak: “Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa”.


Ane Elordi: "Batasunaren Korrika izan da"

11 egunetan bizipen hunkigarri asko bizi dituela esan du Ane Elordik Euskadi Irratian. “Aje emozionala, bi urtetan egindako lana, kideak ondoan izanik, eskertza, babesa, Euskal Herri osoa Baionan elkartu da... Momentu oso bereziak bizi izan ditugu azken egunean”.


Eguneraketa berriak daude