Oihana Arana 'Dizdaitte' sariketaren lehen edizioko txapeldun

  • Bakarkako lanak amaitu arte erabaki ez den final estuan gailendu da Arana, Txaber Altube abadiñoarrari bost puntu eta erdiko aldea aterata.


2020ko martxoaren 02an - 11:45
Oihana Arana txapelduna bukaerako agurra kantatzen.

Larunbat iluntzean Oñatiko Antixena Gaztetxean jokatu zen finalean, Oihana Arana eskoriatzarra nagusitu da. Maila eta erritmo handiko saioaz gozatzeko aukera izan zuten bertaraturiko bertsozaleek. Txinparta bertso eskolak antolatu duen bertsolari gazteen ‘Dizdaitte’ sariketaren lehen edizioari amaiera paregabea eman zioten oholtzan izan ziren sei protagonistek.

Denetariko gai eta ariketei aurre egin behar izan zieten, Maider Arregi (Oñati), Ane Zuazubiskar (Arrasate), Eli Pagola (Ereñozu), Oihana Arana (Eskoriatza), Urko Arregi (Oñati) eta Txaber Altube (Abadiño) finalistek. Bi ordu inguruko saioan, 8ko handi, 8ko txiki, 6ko motz, puntuka eta bakarkako ariketa puntuagarriak bete zituzten bertsolariek.

Arana txapelduna, egindako lanetatik 6ko motzean Eli Pagola ereñozuarrarekin batera kantatu zuen ofizioarekin geratu zen gustoren. Urte pila eta gero eskenatokietara itzuli, eta itzulerako lehen kontzertura inor bertaratu ez den talde bereko bi musikariren paperetik kantatu zuten. Publikoaren barre algara eta txalo zartak eragin zituzten hiruna bertso kantatu zituzten bi bertsolariek.

Saio borobil eta orekatua osatu zuten denek, bakoitzak bere bertsokerari distira (Dizdaitte oñatieraz) ateraz. Umorerako tartea, gai sakonagoak lantzeko aukera, ez zen ezer faltatu entzuleen bertso gosea asebetetzeko. Arregi anai-arrebak ere protagonista izan ziren, etxean jokatu zuten finalean.

Puntuazioei dagokionez, alde handirik ez. Ofizio guztiak osatu eta gero, puntukako ariketak ez zuen apenas alderik eragin. Hori bai, bakarkako lanei ekin aurretik bertsolari zein bertsozaleen barruak berotzeko balio izan zuen. Amaierako bakarkako ariketararte ez zen erabaki nork jantziko zuen txapela.

1-Oihana Arana 272 puntu

2-Txaber Altube 266,5 puntu

3-Ane Zuazubiskar 265,5 puntu

4-Maider Arregi 262,5 puntu

5-Eli Pagola 259,5 puntu

6-Urko Arregi 249 puntu

 

12 bertsolari, 3 saio

Sariketak izan duen hilabete inguruko ibilbidean, hiru saio antolatu dira eta Euskal Herriko hainbat tokitako hamabi bertsolarik hartu dute parte. Larunbatean Antixena gaztetxean kantatu zuten sei bertsolariek, otsailaren 8an eta 15ean, Pako eta Ikatz tabernetan jokatu ziren finalaurreko bi saioetan eskuratu behar izan zuten finalerako txartela. Finalaurreko saio bakoitzeko irabazleak zuzenean eta gainerako lauak puntuazio bidez sailkatu ziren.

Antolakuntzako kideak “oso gustura” azaldu dira txapelketa formatu berri honek inguruko bertsozaleen artean izan duen harrerarekin. Giro ederrean jokatu dira hiru saioak eta jendeak “maila oso politeko” bertsolari gazteez gozatzeko parada izan duela azpimarratu dute.

Argazki gehiago:

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Dizdaitte sariketa
Eguneraketa berriak daude