Noiz pasako da Korrika zure herritik?

  • AEK-k ikusgai jarri du 23. Korrikako ibilbidea, eta otsailaren 1etik aurrera irekiko du kilometroak erreserbatzeko aukera. Martxoaren 14tik 24ra egingo dute euskararen aldeko kontzientzia suspertzea helburu duen ekimena, eta egun hauetan pasako da hiriburuetatik: 15ean Maule eta Donibane Garazitik, 16an Iruñetik, 18an Gasteiztik, 21ean Bilbotik, 23an Donostiatik, eta 24an Baionan amaituko da.


2024ko urtarrilaren 11n - 10:45
Azken eguneraketa: 11:58
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Jada kontsultatu daitezke Irundik Baionara bitarte Harro Herri lelopean Korrikak zapalduko dituen herrien zerrenda eta ordutegiak AEKren webgunean. Martxoaren 14an hasiko da Irunen, ostegunez, San Juan plazatik abiatuta 16:00etan. Hamaika egunetan 2.700 kilometro egingo ditu Korrikaren lekukoak, eskuz esku, eta Baionaraino helduko da martxoaren 24an, igandea, 12:30 aldera. Bertan irakurriko dute mezu ezkutua, eta "amaierako jai handia" 13:30ean hasiko dela iragarri du AEK-k.

AEK-k gogorarazi du Korrikaren helburuak direla "euskararen aldeko kontzientzia suspertzea" eta "euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea". Otsailaren 1ean zabalduko dute kilometroak erreserbatzeko aukera.

Hau da milaka lagunen artean Korrikak hamaika egunetan egingo duen ibilbidea:

Martxoaren 13an Irun eta Hondarribitik igaro ostean 17:00ak aldera Lapurdira pasako da Hendaiatik eta barnealderantz egingo du. Gauerdia pasata Nafarroa Beherera sartuko da, eta martxoaren 14an goizaldeko 07:00ak inguruan Zuberoako hiriburua zapalduko du. Mauletik berriro Lapurdira joan eta Donibane Garazira helduko da 11:00ak aldera. Eguerdian Nafarroa Garaira sartuko da, Baztandik. Asteburua lurralde horretan emango du: Bortziriak eta Pirinioak pasata, larunbatean 17:15ean Iruñera helduko da, eta Erriberarantz joko du ostean.

Martxoaren 15 gauerdian Lizarra atzean utzita Arabarantz egingo du Mendialdetik. Astelehen iluntzean sartuko da hiriburuko Alde Zaharrean, eta Gasteiz atzean utzita Arabako Lautadan amaituko du eguna. Nafarroako Sakanan hasiko du asteartea, eta Goizuetatik barrena –2009tik ez da igaro bertatik– Gipuzkoara sartuko da. Martxoaren 20a Zarautz inguruan hasiko dute, asteartetik asteazkenerako gauerdian. Debagoiena eta Debabarrena korrika egin ostean, Mutrikutik Bizkaira egingo du jauzi, 14:00ak aldera.

Bizkaiko kostaldean jarraituko du ibilbidea asteazken arratsaldean, eta Gernikara gauez iritsiko da. Martxoaren 21ean 17:00ak inguruan zapalduko du hiriburua, eta Bilbotik Ezkerraldera eta Meatzaldera egingo du iluntzean. Ostegunean ere Bizkaian barrena arituko dira euskaltzaleak, eta une batean Arabara desbideratuko da, Aiaraldea eta Artziniegatik pasatzeko. Gauerdian Legutiotik Gipuzkoarantz egingo du, eta Goierritik iparralderantz eginda, 19:00ak inguruan helduko da Donostiara, martxoaren 23an.

Igandea Gipuzkoatik Lapurdirantz igaroko du, goizaldean Oiartzun, Lesaka eta Saratik pasa, eta azken kilometroak Biarritz, Angelu eta Hiriburun egingo dituzte, Baionarat heldu arte, martxoaren 24 eguerdian.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Korrika
Eguneraketa berriak daude