Ni Esne Beltza banintz...

  • Ni Esne Beltza banintz, horrela erantzungo niekeen Iruñeko Bizardunei beroan, beren kaleko hizkera ganberroan, probokatzailean, eta beren hizkuntzan, ñabarduraren bat eginda noski, metaforaren bat edo beste erabilita:


2015eko azaroaren 26an - 06:49

Comunicado para los importadores de whisky irlandés, del de garrafón, del adulterado:

- Nosotros tocamos lo que nos sale de la punta de la púa.

Fin del comunicado.

Baina ez naiz Esne Beltza, nahiz eta taldeko kide banaizen, eta horrek ez dit iritzia kateatzen, lehenik neu bainaiz, izen eta abizen, eta haren defentsan bezala, erasoan aritzeko eskubide osoa daukat.

Errespetatzen dut Esne Beltzaren erabakia, talde bezala ez da inor beste talde bati zer esan, sortu edo egiten duen aipatzeko, eta hargatik gelditu da isilik, erantzutera sartu gabe. Zertarako polemikak haizatu? Talde bat beste talde baten kontra publikoan? Non ikusi da hori? Batez ere biak izorratuen alde berean egonik!

Eta hotzean, uste dut Bizardunek Esne Beltza aipatuaz olatu bat baino ez dutela hartu, beren mezuaren barnean dauden gauza anitzen gogoeta pizteko, ez dela Esne Beltzaren aurkako mezu bat, nahiz eta itsusia den hainbeste kostata egindako lana argitara eramateko orduan egin izana «el comunicado de los vigías», ulergarria ote zen eta ulertu ote zaien, beste da. Baina talde bakoitzak badaki ze garrantzitsua den diskoaren argitaratze garaia. Itsusia izan da hori. Bestalde, gurea bezalako kultura zapaldu eta ttipituetan aski zailtasun badugu burua gorantz ateratzeko elkarri mokoka ari gaitezen, edo agian, horrexegatik ari gara mokoka. Zailtasunak besterik ez ditu «kulturak» aurrera egiteko, eta aurretik «euskal» jartzen badiozu oraindik gehiago, eta zurrunbilo horretan harrapatuak gaude sortzaile guztiak gure herri zahar honetan. Izan idazle, musikari, zinemagile, antzerkilari edo titiritero, laguntzarik ez da ortzi-mugan ageri, ez behintzat laguntza moralik eta ezta ganorazko aholkurik ere, gutiago babes ekonomiko ordenatu eta proportzionalik; eta sortzaileak mahaira ogia eraman behar du egunero, beraz, bidegurutze honen aitzinean: edo ongi jan gabe gelditzen zara edo zure txikiek ez dute ongi jaten. Bietako bat.

Esne Beltza banintz, Bizardunen komunikatu nahaspilatsua baliatuta gorrotoa barnean dutelarik zernahi erratera ausartzen direnei, heien hitzei buelta pare bat emateko eskatuko nieke, Esne Beltza ez delako haien arazoen arduradun, edo beste sorbururen bat izanen duela arazoak, baina batez ere konponbideak. Guk berdin gozatzen dugu Kortaturen «A la calle» edo Itoizen «Lau teilatu», eta gustuko ez duguna ez dugu entzuten. Ez da hain zaila.

Esne Beltza banintz, egunotan jasotako euskal sortzaile askoren babesari banan bana eskerrak emanen nizkieke, eta jarraitzaileen goxotasunari berdin, muxu bat doa hegan. Elkartasuna baino gauza ederragorik nekez aurki daitekeela lau haizeetara iragarriko nuke eta mundu indibidualizatu honetan oraino halako argi-izpirik badela aldarrikatuko nuke, harro, harrokeriarik gabe.

Esne Beltza banintz, nahinori erranen nioke ez garela ezeren bandera, ez ikur, eta ezta ordezkari ere, guk gurea egiten dugula baizik, gustuko duguna eta nahi dugun eran; Esne Beltzak beti defendatu duela berea, izaera errebeldea duela, eta hori festarekin uztartzen duela, bide horretan aliatuak egiteko, izan bertako eta izan kanpoko, eta gure-gurea dela kartzela-zulotan usteltzen ari diren anai-arrebei kantuak eskaintzea bezala maitasunari edo eguneroko txepelkeriei idazteko eskubidea.

Esne Beltza banintz aitortuko nuke kontu arantzatsu bat, delikatua iruditzen zaiguna asko eta askori, diruaz hizketatzea. Baina taldeko nehor ez dela musikatik bizi adieraziko nuke, horrek erran nahi duen guztiarekin, agian norbaitek biziki aberats eta distiratsu ikusten gaitu, baina ez da hala. Eta uste dut, hau berau egungo euskal agertokiko taldeei gertatzen zaiela erranda, ez nintzatekeela oker ibiliko. Garai txarrak dira sorkuntzarentzat, kanpoko eskuek ere zure zakutik hartzen baitute, fiskalak ez dira nehoiz agertuko zure patrika betetzera. Nik argi dut garaian euskal agertokietan ezagutu genituen ehunka kontzertu haiek, eta batez ere taldeek, zailtasun ederra izanen luketela egun, zerga-biltzaile eta deretxoaren zerbitzari ekonomiko guztiak gainera erorita, horretan ere askatasunak atzera egin baitu. Deituiozu horri asegurantza sozial, edo toki batean erregistratu edo besteko engainatu, deitu nahinola, baina erraz erraten da: marrazoz betetako itsasora joan eta molda zaitez bakar-bakarrik. Guk, apustu bat egin genuen autogestioaren alde, koherentzia behar baikenuen aldarrikatzen genuenaren eta egiten genuenaren artean, orduz gero gure zigilu propioa dugu, teknikari eta laguntzaile taldea, gure lan guztiak guk ekoitziak dira, eta aurrera eramaten dugun proiektu oro gure lan-izerdiz lortua da. Eta horrekin ez dut lepoa agertu nahi, baizik talde ttikiez oroitzen naiz, guk baino harrabots gutio ateratzen dutenez, entsegu lokalean orduak eta orduak inbertitzen dituztenez, nola kristo egin dezaketen aurrera imajinatuaz.

Esne Beltza banintz erranen nuke baietz, ados nagoela egungo euskal agertokiek erakusten duten errealitateari buruz gogoeta pausatu beharraz. Ez soilik zergatik musika erritmo batzuek besteek baino arrakasta gehiago duten, hau da, izango da irrati batzuk nahiago dutela mota batekoa eta ez dutela beste batekoa agertzen eta bultzatzen, izango da telebistek ez dutela ezer egiten minoritarioak diren taldeen sorkuntzen alde, transgresoreak diren horiek, artearen ikur berri, eraldatzaile, berritzaile...horiek nekez baitute izarraren begirada segundo bakar batzuez ere. Izango da bestalde, egun, kontzertuak gutiago antolatzen direla, antolatzaileek heien programetan mota batekoak gehiago sartzen dituztela besteetakoak baino, izango da ere horren eskubidea dutela, izango da kontsumoa hortik datorrela, izango da kontsumitzaileak librea behar duela izan, irratiak bezala, publiko izan ala pribatu, agerkariek bezala, egunkariek...izango da ostatuetako musika ez dela berriro laurogeigarren hamarkadakoa izanen, izango da talde berriek bultza-lekuak behar dituztela, izango da krisi kreatiboan gaudela, edo izango da nehoiz baino gehiago sortzen dela, eta talde gehiago daudela, izango da kanpotik datorrenak, globalizazioak eragina duela gure musikan, lagunartean, eta ohean!, izango da, zer den euskal eta zer ez definitu beharko dela, edo agian ez dela definizioaren beharrik.. buf, hari honi tiraka zenbat «izango da» desberdin idatz daitezkeen, baina argi da eztabaidagai anitz badela.

Ze, izango da ere nola hobetzen diren sortzaileen bizi-baldintzak, eta ez soilik musikarienak, orotarikoenak baino. Izango da babesa behar dutela herri honetan kulturgintzan ari direnek, izango da talde batzuei sorkuntzentzat laguntzatxoa bideratzen zaigun bezala denontzat bideratu behar dela laguntza, eta orekatu, edo laguntza instituzionalak txeke-zuriz banku eta enpresarientzat bideratzen dira bakar-bakarrik? Izango da ere gure aldetik zer egin behar dugun ispiluari beha ezagutuko dugula, gardenki eta zintzotasunez hitz eginda, bakoitzak ardura non duen eta zer aldatu behar duen agertuta, izango da bestela hitz eta pitz gabiltzala eta ez dugula fitsik egiten aldatzeko. Agian, seguruenik, izango da musika taldeen eginbeharra musika sortzea dela, eta eztabaida hauek ez direla sorkuntza horren parte...

Baina norbanakook talde bihurtuta elkarrekin hitz egin behar dugula uste dut, gogoeta zabala, pausatua, ekarpenekin eta partekatzeekin eraman behar dela aurrera, gure herriaren atal garrantzitsu bat baitago jokoan, eta tentuz aztertu eta gogoetatu ondoren aldaketak abian ezartzea baino beste erremediorik ez zaigula gelditzen.

Ze... ze erraza den honen guztiaren ardura Ezker Abertzaleari egoztea, edo D ereduari, edo E-Gazteari, edo gu bezalako musika talde bati! Eta guztiarekin koktel bat eginda nori begiratu gabe bota eta hortik zehar barreiatzea. Amen.

Esne Beltza banintz, eta goian aipatu ditudan eta ez ditudan egin beharreko guztiei heltzeko prest ez dagoena irainka etorriko balitzait, Esne Beltzaren musika kritikatuz, beste erritmo musikalak faltan sumatzen dituelako, sinpleki erranen nioke ez dezala denbora gal sareetan eta blogetan, har dezala gitarra eskuan eta has dadila sortzen, guk babes guztia eskainiko diogula, eta nehoiz ez dugula bere sorkuntzarik zakarretara bidaliko. Erranen nioke gu hemen gaudela, gitarrak eskuetan hartuta, gerra ematen segitzeko prest. Eta ahal delarik festa giroan. Alaitasun pixka bat beharrezkoa baitugu lan gogorrei ekiten diegun bitartean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Esne Beltza
Zenbait burutazio Bizardunak-Esne Beltza aferaz

Ez neukan gaiaz idazteko batere asmorik, baina ikusten ari naiz joan den astean Bizardunak taldeak Esne Beltzaren azken singleaz publikatu duen Facebookeko post bat dela eta animoak ez direla hoztu oraindik.


Eguneraketa berriak daude