Ablazioa debekatzeko eskatu du NBEk

  • Nazio Batuen Erakundeak (NBE) emakumeei genitalak mozteko praktika debekatzeko eskatu du. Ablazioa hainbat herrialdetako neskek pairatzen dute (Afrikako zonalde batzuetakoek bereziki, baina baita Europan bizi diren etorkinek ere, besteren artean) eta ondorio kaltegarriak ditu fisikoki zein psikologikoki.


2012ko azaroaren 28an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37
Ablazioa egiteko erabiltzen diren tresnek eta moduak are arriskutsuago bihurtzen dute prozesua.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ablazioa kondenatzeaz gain, hura existitzen den lekuetan hezkuntza kanpainak bultzatuko ditu NBEk. 110 herrialdek babestu dute erabakia.

Ablazioa, emakumeen kontrol sexualerako tresna

Zaloa Basabe berdintasun teknikariak ablazioaren inguruan hitz egin zuen ARGIAren 2.345 zenbakian (2012-11-18). "Ablazioaren atzean emakumeen kontrol sexuala egon da beti", azaldu zigun: "Herrialde batzuetan, ablazioa emakumeak gizonari eskaintzen dion oparia da. Azken finean, beti ere kontrolaren zentzuan, fidelitatea ziurtatzeko modutzat hartzen da. Milaka aitzakia egon daiteke, modu batera edo bestera konbentzitu behar dituzte emakumeak. Komunitatearen ohorea mantentzea ere bilatzen dute ablaziorekin".

Ablazioaren ondorioak "oso larriak" direla dio: "Ablazioa berez astakeria da, baina horri gehitu behar zaio zein egoeratan eta zein tresna erabiliz praktikatzen den. Harakintza hau anestesiarik gabe egiten da eta Somalian esaterako, arrantza egiteko haria, burdin hariak edo hari begetalak erabiltzen dituzte josteko. Oso arriskutsua da prozesua. Emakume asko ablazioa praktikatzeko unean bertan hiltzen dira odolustuta, beste askok infekzioak harrapatzen dituzte eta egun batzuetara hiltzen dira. Gainera, hilerokoarekin batera izugarrizko minak izaten dituzte eta erditzerakoan ere arazoak sortzen dira eta asko hil edo bizitza osorako infektatuta geratzen dira. Horrez gain, hiesaz kutsatzeko bigarren arrazoi nagusia da ablazioa, praktikatzen den herrialdeetan. Bizitza osorako ondorioak ditu, eta ez soilik ondorio fisikoak, baita psikologikoak ere".


Azkenak
Eguneraketa berriak daude