Zaloa Basabe

"Ablazioaren atzean emakumeen kontrol sexuala egon da beti"

  • Somalian gobernua osatzearekin batera, bertako konstituzioan ablazioa debekatu dute, Afrikako beste hainbat herrialdetan bezala. Ez da nahikoa, ordea, gizartean hain errotuta dagoen praktika desagerrarazteko. Equala aholkularitzako berdintasun teknikari Zaloa Basaberekin mintzatu gara gaiaz.

Amaia Zabala @amaia_zabala
2012ko azaroaren 18a

Zer da zehazki ablazioa eta zein ablazio mota praktikatzen da Somalian?

Hainbat ablazio mota daude, ohikoenak zirkunzisioa, erauzketa eta infabulazioa dira eta Somalian azken hori egiten da, guztietan krudelena. Infabulazioan kanpoko eta barneko ezpainak moztu eta klitoria erauzten diete, eta gero bagina josi. Soilik zulo txiki bat uzten diete txiza eta hilekoko odola atera dadin. Erditzerakoan, berriro ireki behar izaten diete eta ondoren berriro josi. Hainbat herrialdetan, senarra denboraldi baterako kanpora joaten bada berriro josten diete bagina.

Zein ondorio ekartzen die honek emakumeei?

Ondorio oso larriak. Ablazioa berez astakeria da, baina horri gehitu behar zaio zein egoeratan eta zein tresna erabiliz praktikatzen den. Harakintza hau anestesiarik gabe egiten da eta Somalian esaterako, arrantza egiteko haria, burdin hariak edo hari begetalak erabiltzen dituzte josteko. Oso arriskutsua da prozesua. Emakume asko ablazioa praktikatzeko unean bertan hiltzen dira odolustuta, beste askok infekzioak harrapatzen dituzte eta egun batzuetara hiltzen dira. Gainera, hilerokoarekin batera izugarrizko minak izaten dituzte eta erditzerakoan ere arazoak sortzen dira eta asko hil edo bizitza osorako infektatuta geratzen dira. Horrez gain, hiesaz kutsatzeko bigarren arrazoi nagusia da ablazioa, praktikatzen den herrialdeetan. Bizitza osorako ondorioak ditu, eta ez soilik ondorio fisikoak, baita psikologikoak ere.

Zein adinekin egiten zaie ablazioa neskei?

Adina herrialdearen arabera aldatzen da. Balin esaterako 4 urteko haurrei egiten diete baina gainontzeko herrialdeetan normalean 6 urtetik 14 urtera bitarteko neskatoak dira, Somalian barne. Haurrak direnez, UNICEFek lan handia egin du gai honen inguruan. Datuek diote egunean 6.000 neskek sufritzen dutela ablazioa.

Ablazioa Islamarekin lotu ohi da maiz.

Ablazioaren inguruan mito asko zabaldu da eta hori da nagusiena, Islamarekin lotzea. Herrialde islamisten herenean praktikatzen da ablazioa eta Koranak ez dio ezer ablazioaren inguruan. Gainera, Egipton esaterako, beste erlijioetakoek ere egiten dute, juduek eta kristau koptoek kasu. K.a. 2000. urtekoak dira ditugun lehen aztarnak. Ikusi baita hainbat momiak zirkunzisio modukoa egina zutela. Europan berriz, XIX. mendean histeria diagnostikatzen zieten emakumeei klitoria erauzten zieten. Ablazioaren atzean emakumeen kontrol sexuala egon da beti.

Zein arrazoi eta argudio ematen dituzte ablazioaren aldekoek?

Aitzakia nagusia erlijioa da. Estetikarena ere erabiltzen dute, nahiz eta guri harrigarria iruditu. Ugalkortasunarekin lotutako sinesmenak ere badira. Herrialde batzuetan, ablazioa emakumeak gizonari eskaintzen dion oparia da. Azken finean, beti ere kontrolaren zentzuan, fidelitatea ziurtatzeko modutzat hartzen da. Milaka aitzakia egon daiteke, modu batera edo bestera konbentzitu behar dituzte emakumeak. Komunitatearen ohorea mantentzea ere bilatzen dute ablaziorekin.

Komunitatetik komunitatera aldatu egiten da ablazioaz duten ikuspegia?

Kontuan hartu behar dugu Afrikako estatuak deskolonizazioaren ondorioz sortu zirela, baina beraiek komunitateka funtzionatzen dute eta komunitate bakoitzak tradizio ezberdinak ditu. Batzuk patrilinealak dira eta gizarte botere guztiak belaunaldiz belaunaldi igarotzen dira. Ezaugarri hauek dituzten gizarteetan ematen da bereziki ablazioa. Afrika hegoaldeko herrialdeetan ez da hainbeste praktikatzen indar gehien duten komunitateak beste tradizio batzuetatik datozelako. Somalian, adibidez, bada talde islamiar bat oso zabaldua dagoena eta hauek ablazioaren defendatzaile sutsuak dira.

Harrigarria da nola duten hain barneraturik tradizio hori, baita emakumeek eurek ere.

Bai, eta horri aurre egitea da erronkarik nagusiena. Adibidez, Somalian Konstituzioa sortu dute eta aurrerapauso handia da legediak ablazioa debekatzea, baina benetako transmisoreak ez dira instituzioak, baizik eta daiak, bertako emaginak. Emakume hauek menopausiara iristen direnean ordura arte izan ez duten boterea lortzen dute eta botere hori beste belaunaldiko emakumeengan agintzeko erabiltzen dute. Nahiz eta harrigarria dirudien, jasan duten zapalkuntzaren ondoren eurak dira neskato gazteei ablazioa egiten dietenak. Genitalen mozketa eguna iritsi baino hilabete lehenago, zer den esplikatzen dio amak, eta duen garrantziaz hitz egiten dio. Etxean gizonezkorik ez dagoen egun batean, egun argiz, daiak neskatoaren etxera joaten dira. Emakumeetako bat haurrari ahoa estaltzeaz arduratzen da garrasirik egin ez dezan eta gainontzekoek eskuak eta hankak eusten dizkiote kontra egin ez dezan eta mozketa ez oztopatzeko. Orduan, esperientzia handiena duen emakumeak labana batez mozten dizkio genitalak. Kontrol sozialerako tresna da nolabait, ablazioa egin ez dieten emakume asko baztertuak izaten direlako eta komunitate txikietan, bazterketak ondorio ekonomiko larriak ekar ditzake, ezin dute komunitatearen ondarerik erabili, adibidez. Ondorioz, emakumeentzat ablazioa integratzeko bide bakarra da.

Hortaz, legeak debekatzea ez da aski ablazioa desagerrarazteko.

Ez. Marko normatiboak garrantzitsuak dira, baina azkenean hezkuntza eta sentsibilizazioa landu behar dira. Somaliak hamar urte baino gehiago eman ditu gobernurik gabe, eta gaur egungo gobernuaren eragina oraindik ez da handiegia gizartean. Ablazioa oso sartuta dago jada bertako errealitatean, eta legea motz geratzen da.

Nola zigortzen du legeak?

Somalian oraindik ez da Konstituzioa indarrean jarri eta ikusteko dago legeak izango duen garapena eta zigorraren ezarpena. Herrialde bakoitzean zigorrak ezberdinak dira.

Orain Konstituzioak debekatzen duenez, hemendik aurrera eskoletan gaia landuko al dute Somalian?

Beste herrialdetan lantzen da. Batez ere iritzi liderrekin eta irakasleekin egiten dute lan. Eskolak transmisiorako bide garrantzitsua dira eta egia da lan handia egin dela Afrikan eskolen bitartez.

Zein etorkizun ikusten diozu ablazioari?

Makutoko protokoloak adierazi zuen lehenbiziko aldiz ablazioa giza eskubideen aurkakoa dela. Geroztik aurrerapauso handiak eman dira, beti ere bertako emakumeek egindako lanari esker. Mendebaldeko emakumeak hasi ginenerako, haiek jada ibilbide luzea egina zuten. Oso gauza interesgarriak egiten ari dira eta gaur egun badira belaunaldi berriak horren jakitun direnak. Bestalde, aurrerapauso guztien ondoren aurkako indarra etortzen da. Hori dela-eta, uste dut ezer ez dela eman behar lortutzat, gaiaren jarraipena egin behar da, ez soilik ablazioarena, baita emakumeek jasaten duten diskriminazioarena ere. Emakumeen aurkako sistemaz ari gara hitz egiten eta horretan Mendebaldeko emakumeok ere asko daukagu egiteko. Baina baikorra naiz, bertako emakumeak benetan miresgarriak direlako eta konfiantza dudalako haiengan. Dena den, beti ere alarma gorri hori piztuta izan behar dugu.

Ablazioaren aurka borrokatu duten emakume erreferenteak ugari dira.

Nawal Al-Sa’dawai oso erreferente ona da. Afrikako emakumeen errealitateaz zerbait jakin nahi izan dudanean berarengana jo dut beti. Idazle feminista, komunista eta psikiatra da eta mediku aritzen da gaur egun Egipton. Argi dauka mozketa fisikoa eman aurretik psikologikoa ematen dela eta hori dela landu beharrekoa. 1970eko hamarkadan beste emakume bat nabarmendu zen ablazioaren aurkako borrokan: Efua Darkenoo. Ghanakoa da eta berak ekarri zuen Europara ablazioaren aurkako aldarrikapena. Gobernuz Kanpoko Erakundea sortu du, emakumeei alternatiba berriak emateko. Esaterako, oso ezaguna izan zen erakundeak emaginekin aurrera ateratako proiektua. Emagin batzuek ablazioa praktikatzeko tresnak plazan uztea eta ablazioaren aurkako borrokarekin konprometitzea lortu zuten. Bestalde, Waris Dirie idazle eta modelo somaliarrak ere ekarpen inportantea egin zuen, ablazioa jasan eta bere esperientzia publikoki kontatzen lehenetarikoa izan baitzen. Ablazioaren aurkako ekintzailea da eta egun bere izena daraman fundazioa du. Ablazioari buruzko Dessert flower liburua idatzi zuen eta hori oinarri hartuta Sherry Horman zuzendariak filma egin zuen ondoren.

Ablazioaz gain zein beste jazarpen sufritzen dute Somaliako emakumeek?

Somalian, seme-alabak izateko baino ez dute balio emakumeek eta eskubide guztiak ukatzen dizkiete. Horretarako, txiki-txikitatik euren buruen kontrolik ez izateko hezten dituzte, debekuak ezarriz eta lotsaraziz. Emakumeak ez dira herritarrak, emakumeak ez dira subjektuak, emakumeak objektuak dira jaiotzen diren unetik. Merkantzia aldatzeko, familien arteko trukea egiteko, ezkutuko ekonomian lanean aritzeko eta ugalketa lanetarako erabiltzen dituzte. Somaliako emakumeek ez daukate nahimen propiorik, ezta hautatzeko bokaziorik ere. Baina ez zonalde horietan emakumeak horrela jaiotzen direlako edo bereziki otzanak direlako, baizik eta txiki-txikitatik esanekoak izaten erakusten dietelako eta batez ere askotan alternatibarik ez dutelako.

Kanal hauetan artxibatua: Feminismoa  |  Feminismoa

Feminismoa kanaletik interesatuko zaizu...
LAB: "Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu hauek pobreziara kondenatuko dute emakume asko"

Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak emakumeen prekarietate egoerari aurre egiteko biderik ez dutela eskaintzen eta berdintasun politikak marjinalak direla baloratu du LABek.


2017-04-19 | Topatu.eus
Maiatzaren 6an egingo dituzte emakume abertzaleen VII. topaketa feministak, Berriozarren

Botere(tze) feministari buruz eztabaidatuko dute, 'Indar bat gara gu' lelopean. Goizean mahai-ingurua eta arratsaldean tailer ugari eskainiko dituzte, eta bukatzeko, jaialdi feminista.


Bostongo Maratoian parte hartu zuen lehen emakumeak berriro egin du, 50 urteren ostean

1967an K. V. Switzer izenarekin erregistratutako korrikalari batek lasterketa historikoa egin zuen Bostongo Maratoian: gizonentzako lasterketa batean modu ofizialean parte hartu zuen lehenengo emakumea izan zen. Aurten berriro egin du, 70 urterekin.


Luzaideko Bolant Egunean emakumeek jauziak dantzatu dituzte lehen aldiz

Bolant Eguna ospatu dute igandean Luzaiden eta, lehen aldiz, emakumeek jauzietan parte hartu dute. Galdeketa egin zuten iazko martxoan eta herritarren gehiengo handiak baietz erantzun zuen.


Eraldaketarako erresistentziak etxetik datozenean

Ezker eraldaketaren gurpilari makila etxekoek sartzen diote sarri, bat datoz horretan Lorea Agirre, Pili Alvarez eta Jokin Azpiazu. Feminismori ezker mugimenduetatik jartzen zaizkion erresistentziez aritu ziren urte hasieran Bilbon, Rosa Luxemburg Konferentzian.


2017-04-16 | Miren Artetxe
Erradikalak gara

Mugarik Gabe GKEak argitaratu berri du Feminizidioa Euskadin eta Nafarroan 2010-2015: gertaerak, tratamendua prentsan eta epaien analisia txostena. Honakoa da ondorioa: ezkutuan geratu dira Hego Euskal Herrian indarkeria matxistak hildako emakumeen erdiak. Zer esan Ipar Euskal Herriaz. Angelun gizon batek emaztea eta bere bi alaba hil, eta oraindik “familia drama” gisa aipatzen da gertakaria hedabideetan zein karrikan. Bikain.

Europar Batzordearen “genero... [+]


2017-04-16 | Uxue Apaolaza
"Arrisku sexualaren irudikapen ugariz josten bagaituzte ere, emakumeok ez dugu espazioa doan entregatzen"

Nerea Barjolak (Santurtzi, 1980) Alcasserko krimenen inguruan eratutako diskurtsoak aztertu zituen bere doktore-tesian, bereziki, haien artean nagusitu zen arrisku sexualarena. Lan akademikotzat jaio zen ikerketa, baina argi esan digu egileak: “oinarriko feminista naiz ni”, beraz, laster kalean, denok irakurtzeko moduan izango den liburua ontzen aritu da ordudanik. 


Luzaideko Bolant egunean emakumeek dantzatuko dute lehen aldiz igandean

Igandean Bolant eguna ospatuko dute Luzaiden eta emakumeek Jauzietan parte hartu ahal izango dute, lehen aldiz, Kazeta.eusek jakinarazi duenez. Galdeketa egin zuten iazko martxoan eta herritarren gehiengo handiak baietz erantzun zuen.


2017-04-12 | Hala Bedi
Hainbat eraso sexista salatu du Arabako mugimendu feministak

Urtarrilean emakume batek eraso sexista salatu zuen Errekaleor auzoan. Eraso sexisten aurkako protokoloa aktibatu zen, baina erasotzaileak errespetatu ez duela salatu dute Arabako mugimendu feministako zenbait eragilek.


Hego Euskal Herriko 33 erailketen erradiografia xehetua

Administrazio publikoek ez dauzkate erakusteko erailketa matxisten datuak. Hala, feminicidio.net-ek eta Mugarik Gabek “erakunde publikoak lotsagorritzeko” ikerketa mardula egin dute.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude