Karmele Gomez

"Moda jasangarriaren esparruak kontsumo eredu alternatibo bat abian jartzea da Ekomerkatuaren helburua"

  • Ingurumenean kontzientzia duten norbanako eta profesionalak biltzen ditu urtero Durangon ospatzen den Berdeago Azokak, eta seigarren edizio honetan 20.000 bisitari inguru erakartzea espero du. Azokaren jarduera paralelo gisa, arduradunek tailer eta solasaldi sorta bat antolatu dute, begirada beti bezala ingurumenean ezarriz. Jarduera horietako bat izango da datorren larunbatean, urtarrialk 13, Cristina Enean izango den Ekomerkatua, moda jasangarriari lotua.

Cristina Enea Fundazioa @cristina_enea
2018ko urtarrilaren 09a

Berdeago egitasmoko kide Karmele Gomezen esanetan, tailerrak "kontsumo eredu alternatibo bat habian jartzea du helburu", bai eta "gabonetan bizitzen dugun desorekaz ohartu eta kontzientzia hartzea" ere. Jarduera honetan, modaren jasangarritasunean interesa duen orori irekia, Emaús eta Intermón Oxfam-en esperientziak ezagutu ahal izango ditugu, eta Maider Alzaga diseinatzaile usurbildarra izango da moda jasangarriaren enbaxadore.

Nola eta noiz sortu zen Berdeago Azoka abian jartzeko asmoa?

Berdeago azoka orain dela 6 urte sortu zen, alde batetik, ingurumenarekiko kontzientzia sortzeko Euskal Herritarron artean eta bestetik, ingurumen iraunkortasunarekin lotura duten produktu eta zerbitzuei erakusleiho bat emateko. 

Momentu horretan, 6 ikasle ziren proiektu hau abian jarri zutenak, hauek denak, ingurumenarekiko kontzientzia eta kezka haundiarekin. Lehenengo edizioak 35 erakusle eta 6.000 bisitari inguru batu zituen, azokak bi egun izanik. Urtarrilean Dundangon ospatuko den seigarren edizio honek, aldiz, 130 erakusle eta 20.000 bisitari erakartzea espero du.

Azokaren jarduera paralelo gisa hainbat ekintza burutzen dituzue. Horietako bat izango da urtarrilaren 13an Cristina Enean izango den Ekomerkatua. Zertan datza? Zein da bere helburua?

Berdetxe deitzen den hitzaldi eta tailer sortaren barne dago Cristina Enean ospatuko den tailerra. Moda arloan berrerabilpena landuko dugu bertan, bai goizeko 11:00etan izango diren hitzaldi batzuen bitartez eta bai ondoren hasiko den merkatuan. Bigarren zati hau bigarren eskuko moda artikuluen jasotze, berreskuratze eta salmentan oinarritzen da. Horretarako Maider Alzaga slow fashion diseinatzailea izango da gurekin, moda jasangarriaren gure enbaxadora izango baita.

Bere helburua da kontsumo eredu alternatibo bat habian jartzea, eta gabonetan bizitzen dugun desorekaz ohartu eta kontzientzia hartzea. 

Nork hartu ahal izango du parte, eta nola? Zein izango da dinamika eta egitaraua?

Jardunaldiko antolatzaileak Cristina Enea Fundazioa eta Berdeago dira, eta modaren berpiztearen katea kudeatuko dute bertan EMAÚS S.COOP. eta OXFAM Intermón erakundeek. Ekomerkatua, ordea, donostiarrei zuzenduta dago, bertatik pasa nahi direnentzako irekita egongo da goizeko 11:00etatik 13:30etara eta arratsaldeko 15:00etatik 18:30tara. 

Goizeko lehenengo orduan EMAÚS eta OXFAM erakundeen hitzaldi bat izango dugu, haien esperientzia eta errealitatea hurbilduko digutelarik. 

Horrelako egitasmo edo jarduera gehiago egiteko asmoa duzue?

Berdeagok ingurumenarekiko ardura izatearen kontzientzia zabaltzeko helburua duenez, urtean zehar kontzientziazio jarduerari jarraipena emateko aktibitateak antolatzen hasi da, eta aurtengo urteari begira ere, Durangoko Mugikortasun astean egiten diren jarduerez gain, beste hainbat jarduera antolatzea ere espero dugu. 

Ekomerkatua urtarrilaren 13an izango da, larunbata, Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean.

Elkarrizketa hau Cristina Enea Fundazioak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Moda

Moda kanaletik interesatuko zaizu...
Eguneraketa berriak daude