Lukaxenkok berean segitzen duelako, greba mugagabea abiatu dute Bielorrusian

  • Aleksandr Lukaxenko presidenteari hiru eskaera dituzte luzaturik: boteretik alde egitea, indarkeria gelditzea eta preso politikoak askatzea. Agorrilaz geroztik dabiltza aldarrikapen hauek entzunarazten. Berriro ere errepresio bidez erantzun dio gobernuak oposizioari.


2020ko urriaren 27an - 11:17

Herritar presioa ez doa ttipituz Bielorrusian eta aldi honetan greba mugagabeari lotu dira Aleksandr Lukaxenko presidentearen aurkariak. Grebari lotu dira, Lukaxenkok entzungor egin diolako oposizioaren ultimatumari. Behin eta berriz luzaturiko hiru eskaera lortu arte mobilizaturik segitzeko gogoz lotu ziren borroka bide berriari atzo, urriaren 26an. Horra zein dituzten aldarriak: Lukaxenkok boteretik alde egitea, indarkeria gelditzea eta preso politikoak askatzea. "Helburua da erakustea inork ez duela erregimenarentzat lanik egiten"  Svetlana Tikhanovskaia oposizioko buruaren hitzetan.

Irakaskuntzan, industrian, zerbitzuetan ala beste, hainbat sektoretan segitua izan da grebarako deia. Berriro ere indarrez erantzuten ari da gobernua eta 500 bat lagun atxilotu dituzte grebaren lehen egunean, Barne ministerioak Sputniknews komunikabideari zehaztu dionaz.

Aleksandra Isaeva gobernuko bozeramailearen hitzetan, "normaltasuna izan zen nagusi". Agorrilaren 9ko hauteskundeez geroztik protesta sozial eta politikoa martxan da Bielorrusian, aldarriak argi, errepresioari aurre eginez gainera. 100.000 herritar karrikara atera ziren igandean, hamaikagarren mobilizazio eguna kari. 1994az geroztik boterean da Lukaxenko eta haren demisioa exijitzen dabiltza oposiziokoak.

Europako Batasunak grebaren lehen egunean adierazi zuen greba egitea "oinarrizko eskubidea" dela, eta Lukaxenkori eskatu zion ekinbide hori "errespetatzeko". Ez da lehen aldia Europako Batasuna oposizioko mugimenduaren alde agertzen dela. Hala nola, Bielorrusiako presidentea zigortzearen alde agertu zen urriaren 13an.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bielorrusia
Bielorrusian arma nuklearrak zabaltzeko asmoak tentsioa areagotu du

Vladimir Putinek iragarri du prest daudela jada hamar hegazkin armak Bielorrusian zabaltzeko. Europak mehatxu egin dio Bielorrusiari, eta planarekin aurrera jarraitu ezkero "zigor gehiagorekin" erantzungo diola adierazi du.


2021-11-22 | ARGIA
Polonia eta Bielorrusia arteko mugako gertaeren “basakeria” salatu dute Gasteizen

Elkarretaratzea egin dute igande eguerdian, “Europa errudun” lelopean. Mugarik gabeko bide irekiak eta seguruak eskatu ditu Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba taldeak.


2021-11-11 | Leire Artola Arin
Polonia eta Bielorrusiaren arteko mugan harrapatuta segitzen dute 12.000 migratzaile inguruk

Gutxienez hamaika lagunen heriotzak erregistratu dituzte; zeroz azpiko tenperaturetan eta soldaduz inguratuta daude. Poloniak eta Europako Batasunak egotzi diote Bielorrusiari “nahita” bideratu izana migratzaileak mugara, estrategia geopolitiko gisa.


Eguneraketa berriak daude