Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdiak egitarau oparoa antolatu du 25. edizioan

  • Quebec, Frantzia, Argentina eta Euskal Herriko taldeen lanek osatzen dute Lekekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiaren aurtengo egitaraua. 25. edizioa dela ospatzeko, hiru ekoizpen berezi estreinatuko dira propio, uztailaren 11tik 13ra. Lekeitiokoa hitzordu garrantzitsua da antzerkizale eta programatzaileentzat.


2014ko uztailaren 05an - 00:00
Azken eguneraketa: 15:35

Datorren asteburuan Lekeitioko kale eta itsasbazterrak espazio eszeniko bilakatu dira hiru egunez, bertan urtero egiten den Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdia dela eta. Euskal Herriko garrantzitsuenetako bat da Lekeitiokoa, eta lehendabizikoa, jaialdiak 25 urte bete baititu aurten. Maitane Larrauri Lekekeitioko alkateak adierazi duenez, “kulturaren kaia bilakatzen da herria egunotan eta hasierako ilusio berberarekin ekin diogu aurtengo edizioari”.

Ospakizunerako, hiru ekoizpen berri dakartza jaialdiak. Alde batetik, Libourneko (Frantzia) Commandos Percu eta Euskal Herriko Deabru Beltzak antzerki taldeen elkarlanetik sortutako Danbor Talka ikusgarria eskainiko dute uztailaren 11n eta 12an, gauerdian. Gauez, lan honen oinarrian perkusioa eta sua baitaude. Bi urteko sormen prozesu luzearen ondoren, eta Libournen, Akitaniako Tolosan eta Bilbon egonaldi bereziak egin ostean, “Euskal Herrian egin den kale antzerki lanik handiena eta garestiena” estreinatuko dute Lekeition, Deabru Beltzak taldeko zuzendari Garbitxuren hitzetan.

Itsaslaboa. Txoriak: Zoroen Itxasoa dugu jaialdian ikusiko den bigarren estreinaldia. Dantzaz konpainiak jaialdirako bereziki egindako lana da, Lekeitioko hondartza izango du eszenatoki. Itsaslaboak, izenari ongi igartzen zaionez, Mikel Laboaren musikan dago oinarritueta, eta abeslariak Lekeitiorekin zuen harreman estua utzi nahi du agerian. “Ez du omenaldi bat izan nahi” adierazi du Josu Mugikak, Dantzaz konpainiako koreografoak, “bere musika erabili dugu, bera beti egongo delako hor”. Iñaki Salvador, Laboaren ohiko piano-jotzailearen laguntza izan du Dantzaz konpainiak, ikuskaria musikalki janzteko, berak egin baititu Mikel Laboren abestien arteko trantsizioen konponketak.

Hirugarren ekoizpena Oreka TXren eta Kukubiltxo antzerki taldearen eskutik datorkigu: Gure Musikari Handiak. Aupa Maurizia!. Lanak gure herriaren historian garrantzi handia izan duten bost musikariri eskainitako omenaldia izan nahi du. Alde batetik, Arratiako trikitixaren aintzindari izandako Maurizia, Leon eta Fasio, eta bestetik, Gipuzkoako bi txalapartari historiko, Zuaznabar eta Goikoetxea dira omenduak. Bost panpin erraldoien eskutik ezagutu ahal izango dugu “tamalez, askorentzat ezezagunak diren herri musikari handi hauen lana” dio Imanol Agirrek, jaialdiko zuzendariak. “Sortzaile hauen herri musika berreskuratu eta gaurkotu dugu”. Ikusizunean jardungo duten musikariak Harkaitz Martinez de San Vicenteren (Oreka TX) zuzendaritzapean arituko dira kalez kale.

Ekoizpen handi hauez gain, izango da besterik ere Lekeitioko Kale Antzerki jaialdian. Itsasotik Izertia, Itsas Antzertiola taldea helduko da, Andere Juana eta Argonautak dakarrela. Antzezlan honek itsas kondairak ditu oinarri. Clownak eta zirku berriak ere ikusgai izango dira aurtengo edizioan. Salitre antzerki taldeak, Gozo, gozo, gozo umore lana erakutsiko du, destroy clown edo clown suntzitzailean oinarrituta. Duela 20 urte Lekeition bertan estreinatutako lanaren berrikuspena izango da.

Argentinatik berriz, Loco Brusca clowna izango da Lekeition. Speerman lana berreskuratu eta jolasa, inprobisazioa, probokazioa eta ironia landuko ditu. Frantziako Tout Samba´l taldeak Exilod lana ekarriko du. Lau pertsonaia eta lau maleta, irudimenaren munduan murgiltzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antzerkia
2024-05-05 | Ainize Madariaga
Maskaraden hegaletan

Lehentze franko ditu Pagolako maskaradak: lehentze da Pagola herriak maskaradak ematen dituela; lehentze ere da Kabana pertsonaia neska batek jokatzen duela; lehentze ere da maskaradako txirulariak oro neskak izan direla, Urdiñarbeko barrikaden denboran; lehentze da... [+]


Irantzu Fernandez eta Belen Ausejo
"Arlo askotan aurrekaria izan zen Julia Fernandez Zabaleta, nortasun handiko emakumea"

Julia Fernandez Zabaleta emakume aitzindariaren bizitza ezagutzera ematen duen pastorala larunbatean estreinatuko da, San Frantzisko eskolako jolastokian.


2024-04-30 | Euskal Irratiak
Ximun Fuchs: "Zorrez itorik peko errekara doan etxalde batean kokatzen da antzezlana"

"Isiltasuna oztopo eta elkartasuna lagun, egungo mundu gordina" kontatzeko erronkari lotu da Axut! antzerki konpainia.


Eguneraketa berriak daude