Larrialdi deietarako sermoiak

  • Beñat Gaztelumendik (1012 puntu) irabazi zuen txapela, Alaia Martinekin batera (993) buruz buru aritu ondoren. Segidan gelditu ziren Agin Laburu (614), Iñaki Apalategi (603,5), Unai Agirre (595,5), Oihana Iguaran (594), Jon Maia (586) eta Arkaitz Oiartzabal ‘Xamoa’ (571).


2015eko abenduaren 21an - 06:58

Desesperatuta, Inesen telefono zenbakia markatu nuen.

- Aizan, behar haunat.

Nire porrota onartzea zen hura, baina ez neukan beste irtenbiderik. Azken aukera nuen neure buruari frogatzeko gai nintzela nire irizpide hutsez kronika duin bat egiteko, aski garatu nuela bertso-critic sena, eta, apropos, Inesengandik aparte eseri nintzen. Alferrik. Paper zuriaren aurrean oro zen zalantza. Sarean jendeak zer zioen begiratzera egin nuen une batez, baina oroitu nintzen Inesek inoiz esandakoaz –“hasten haiz twitterreko iritziak irakurtzen eta bukatzen duk puzkarrak su artifizialekin nahasten- eta, kita-kita, nahiago, segurola, dakienari galdetzea.

- Nola laburtuko huken Ilunbeko finala?

Bazekien deituko niola.

- Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi koska bat gainetik, merezita pasa zituan buruz burukora. Gainontzekoak? Aritu izan dituk hobeto. Oihana Iguaran anbizio faltan bezala, baina ale oso txukunak utziz. Unai Agirre ofizioetan txukun, ohi baino beheragotik puntu erantzunean. Iñaki Apalategi egoki eta erregular. Agin Laburuk lan onak egin bai, baina distira falta izan zian. Xamoa gorabeheratsu, eta kartzelan ohi duen kolpea eman ezinik. Jon Maiak ez zian eguna eduki.

- Ados, apuntatuta. Eta, oro har, saioak eragindako gogoetarik?

Isilune labur bat egin zuen, unean bertan gogoetatzen ari zela iradoki nahian.

- Bertsolaritzaren kanona aldatzen ari duk, onerako zein txarrerako –bereziki kezkatuta nagok poetikotzat jota-edo oso goitik puntuatzen den hizkera aski kitsch batekin, baina horrek beste kapitulu bat merezi dik–. Egia esango diat: buruz burukoan faltan sumatu nian beste erregistro batean –“lurtarragoan”, nolabait esatearren- kantatu ohi duen baten bat. Ez ditiat Gaztelumendi eta Martin zaku berean sartzen, bazakiat bakoitza mundu bat dela eta hori guztia, baina ukaezina duk estilo fin-sentimentalago baterantz jo ohi dutela –ez duk kasualitatea biek hain antzera heltzea aurreneko kartzelakoari-. Nagok, finalari kolore gehiago emango ziola, esaterako, Unai Agirre edo Agin Laburu puntara ailegatzeak, oso bestelako kantakera duten bi aipatzeagatik. Behin hori esanda, eta buruz bururako nortzuk sailkatu ziren ikusirik, argi zaukat: Gaztelumendik merezita jantzi zian txapela. Goitik beherako saioa egin zian.

Koloreak antzematen zitzaizkion.

- Baita Alaia Martinek ere, Ines. Guk ezin dinagu objektiboak izan, añorgatarrak gaitun.

- Hara, ezinezkoa duk, orain, añorgatarra eta objektiboa izatea. Faborez, aitortuidak seriotasun pixka bat. Esaten badiat Beñatek merezi zuela, Beñatek merezi zuela pentsatzen dudalako duk. Erdipurdiko lan bakarra egin zian: hain justu ere, buruz burukoan Alaiarekin berarekin puntuka egindako saioa.

- Alaiak ere horixe izan zinan erdipurdiko lan bakarra, ala?

- Bai eta ez. Kontu batekin bueltaka nabilek. Ez zakiat epaileek ze irizpide dituzten bertso bat puntuatzerakoan, baina funtsezko gauza bati erreparatu behar lioketek: ofizioetan bertsolariak pertsonaiean eta egoeran egoki sartzea lortu duen ala ez. Pertsonaian sartzeak esan nahi dik, ahal den neurrian, ahalegintzea hark erabiliko lituzkeen hitzak erabiltzen, haren talaiara jaisten –bai, jaitsi, oso goitik ibiltzeko joera zagok eta-. Egoeran sartzeak esan nahi dik gaiaren testuingurutik kantatzea, eta ez kanpotik, gaiaz era askean filosofeatuz. Alaiak, sarri, Alaiatik kantatzera jo zian pertsonaiatik baino gehiago. Nabarmena egin zitzaidaan zortziko handiko Down sindromedunaren paperean –a ze marroia gaia, bide batez– eta buruz buruko seiko motzeko lehen bi bertsoetan, kutxazainarenetik aritu zenean. Batzuetan izaten duk aukera pertsonaren oso antzeko pertsonaia eraikitzeko, eta halakoetan no problemo. Baina beste batzuetan esfortzu txiki bat egin beharra zagok. Beñati berari ere inoiz antzeman izan zioat pertsonatik kantatzeko joera hori. Finalean, ordea, finago ibili zuan, nire uste makalean.  

- Hori dun diskurtsoa, Ines. Kutxako ordezkaria ematen dun.

- Joder, a ze tipoa.

- Txistu jo al hionan?

- Hasieran ez, baina sermoiarekin hasitakoan... Hik?

- Komunean harrapatu nindinan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2015
2016-01-17 | Kepa Matxain
Beñat Gaztelumendi Arandia
"Ez zait gustatzen bertsolaritza beste kultur jarduerentzat eredugarritzat saltzea"

Oraindik ez da aparretatik jaitsi, goizegi da Gipuzkoako txapeldun berri izateak zertan eragin dion tentuz aztertzeko. Hori jakinda, finalaz ahalik eta gutxien eta bertsolaritzaz ahalik eta gehien hitz egiten saiatu gara. Atera diren gaiak: belaunaldi berria, kolektibotasuna... [+]


2015-12-27
Ahots xumea nagusi

Beñat Gaztelumendi Arandiak jantzi zuen abenduaren 19an Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapela, zezen plaza bete jenderen aurrean. Alaia Martin Etxebestek langa oso goian jarri zuen saio osoan, eta Gaztelumendik bakarkako lanetan lortu zuen hegoak zabaldu eta oso tonu... [+]


2015-12-07 | Kepa Matxain
Eibarko finalerdia
Erabaki zuzenen errepublika

Jon Maia (500,5 puntu) eta Arkaitz Oiartzabal "Xamoa" (481) sailkatu dira finalerako, Eibarko kanporaketako lehen biak. Horiez gain, beste sei lagun arituko dira Ilunben: Alaia Martin, Unai Agirre, Beñat Gaztelumendi, Agin Laburu, Iñaki Apalategi eta... [+]


2015-11-30 | Kepa Matxain
Tolosako finalerdia
Kartzelak salbatua

Unai Agirrek (517 puntu) irabazi du eta zuzenean sailkatu da finalerako. Bere atzetik geratu dira, hurrenez hurren, Beñat Gaztelumendi (501), Iñaki Apalategi (493,5), Oihana Iguaran (482), Nerea Elustondo (476) eta Beñat Lizaso (458,5).


2015-11-23 | Kepa Matxain
Zarauzko finalerdia
Gorabeherak eta bi marmar

“Hi lasai motel, eser hadi nire ondoan eta nik esango diat zer idatzi behar duan”. Halatsu bota zidan Inesek, ohi duen patxadaz, oharturik urduritzen hasia nintzela bertsolaritzaz arrastorik eduki ez arren ARGIAkoei baietza eman nienetik, baietz, egingo nituela [+]


Eguneraketa berriak daude