Larraitz Ugarte: "Ohikoa izan behar lukeena erregimen ireki bat da"

  • Martxoaren 24an Lurgatz talde feministak Espetxeak apurtu! Eta bortxatzaileak...? mahai-ingurua antolatu zuen Villabonan. Bertan, beste hainbat gairen artean, transferentziaren gaia ere landu zuten. Albiste honetan jaso dugu Larraitz Ugarte, Libertad Francés eta Garbiñe Biurrunek gai horri buruz esandakoak.


2021eko maiatzaren 11n - 08:34
Larraitz Ugarte martxoaren 24an Villabonan egin zen mahai-inguruan. Argazkia: Dani Blanco.

“Zer da espetxeen transferentziarekin etorriko dena?” galderari erantzun zion Ugartek: “Hiru gauza: batetik, presoak transferituko dira. Egun EAEn daudenak EAEko espetxe zaintzako presoak izatera pasatuko lirateke. Une honetan EAEn 1.300 preso inguru daude eta beste 200 inguru Nafarroan. Badira beste 800 bat preso egoitza administratiboa EAEn izanda, estatuko beste espetxeetan daudenak. Teorian, espetxe transferentzia emango balitz, preso horiek ere, aukera izan beharko lukete EAEko espetxeetara etortzeko. Transferituko den bigarren gauza funtzionarioak dira. Orain estatukoak direnak pasatuko lirateke EAEko funtzionario izatera. Eta hirugarrenik, azpiegiturak. Azpiegiturak diru kopuru batekin transferitu beharko dira, zeren Zaballakoa salbu, jasoko ditugun espetxeak erabat obsoletoak dira eta obrak egin beharko lirateke... Zubietako proiektua ere hor dago, Martutene itxi nahi delako…”. Transferentzia burutzeak denbora beharko duela azaldu zuen, eta pare bat urte barru egon daitekeela guztiz eskualdatuta. Baina orduan ere, zer ez da aldatuko? “Espainiako Zigor Kodearen arabera joango direla pertsonak espetxera. Eta aplikatuko zaien legedia penitentziario espainiarra izango dela. Preso politikoen kasuan, Auzitegi Nazionaleko exekuzio organoa izango litzateke espetxe zigor horien jarraipena egingo lukeena. Eta espetxe zaintzako epaitegia ez litzateke izango EAEkoa, Madrilgoa baizik. Zeren hori guztia aldatzeko, legislazioa aldatu beharko litzateke Espainiako Kongresuan eta Senatuan”. Orduan, aldaketarako tarterik bada? Ugarteren hitzetan: “Bai, marjena oso handia da zigorraren iraupenari eta espetxe baldintzei dagokienean eta bigarren hau da aspekturik interesgarriena”.

EH Bilduk espetxeen transferentzian egindako 100 neurriko proposamenaren hainbat puntu azaldu zituen: “Planteamendu aurrerakoia egin dugu, espetxe zigorra ahalik gutxien erabiltzeko, espetxe zigor hori ahalik eta motzena izateko, eta espetxealdia ahalik baldintza onenetan egiteko eta ahalik lasterren erregimen irekian bete dadin: Espainiako Estatuan erregimen ireki batera, hau da, hirugarren gradura sarbidea izateko, zigorra jada oso aurreratua izan behar duzu. Guk planteatzen duguna da, ohikoa izan behar lukeena erregimen ireki bat dela: ohikoa behar luke programa bat izatea, zigor betetzea komunitatearekin batera egitea, permeabilitate handiagoa, gardentasun handiagoa, kontrol publiko handiagoa… adibidez, Katalunian espetxea oso kontrolatua dago Parlamentaren eta gizarte eragileen aldetik, eta isolamenduaren neurria kendu egin dute edo aplikazioa asko murriztu dute Parlamentak horrela erabaki duelako mugimendu sozialekin”. Ugartek konfiantza du Euskal Herriko gizarte mugimenduengan: “Hemen bada mugimendu sozial andana gai horrekin arduratua dagoena eta aukera egongo litzateke espetxe horiek gardenagoak izateko, jendea ikuskatzera sartu ahal izateko, beste politika batzuk egin ahal izateko eta botere publikoak, hau da, espetxe eskumena hartuko duen Jaurlaritzak eta eragileek, familiek, presoek harremana beste modu batean izateko. Jendearen osasun baldintzak eta hezkuntza bermatuz, enpresekin baloratuz nola egin ibilbide soziolaboralak bermatzeko, familiekiko harremanak nola egin…”. Azpiegitura aldetik, Kanadako emakumeen espetxeak jarri zituen adibide, tesina haiei buruz egin baitzuen: “Kanadan halako lobby feminista bat eratu zen: zigor federalak betetzen zituzten emakumeen espetxeetan etxetxotan zeuden autoantolatuta, bisitak egunero zituzten, haurrak denbora gehiagoz eduki ahal zituzten… horrelako gauzak esploratu behar ditugu eta horregatik planteatu genituen 100 neurriak. Eta egia esan, Jaurlaritzaren aldetik dauden irizpideak entzunda, uste dut kontsentsu handia egon daitekeela mota horretako neurriak lortzeko, erakundeen aldetik ere”. Biurrunek izen bat eman zuen: “Eusko Jaurlaritzak kartzelen transferentzia lantzeko izendatu duena Demokraziarako Epaileak taldeko kide den Jaime Tapia Parreño da. Berak horretaz esperientzia handia dauka eta ikuspegi berezia, itxaropena ematen didana”.

Francések berretsi zuen hobekuntzak landu behar direla kartzeletan, “baina aboliziorako, ez betikotzeko. Baina ezin dugu ukatu existitzen duela eta beraz, antipunitibismotik aldarrikatzen dugu preso dauden pertsonen eskubideak errespetatzea, kartzelak existitzen diren bitartean. 2017an Nafarroan txosten bat aurkeztu genuen konpetentzia penitentziarioak eskuratzeko beharraz. Egin daitezkeen gauzak dira eta ez dira antipunitibismoarekin kontraesanean. Gauza bat baita logikak planteatzea, norantz jo nahi dugun bidea lantzeko, baina ahaztu gabe instituzio hau existitzen dela eta kartzelan dauden pertsonez ahaztu gabe”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espetxe politika
2023-12-07 | Ahotsa.info
Karmele Solaguren sakabanaketa politikaren biktima gogoratu dute Barañainen

Bere heriotzaren 19. urteurrenean, Karmele Solaguren gogoratu dute bere omenez herrian jarritako monolitoaren aurrean. Solaguren kotxe istripu batean hil zen, bere semea Ekain Gerra Madrilgo espetxe batera bisitatzera egindako bidai batean. Solaguren bezalako biktimen aitortza... [+]


Sara Fernandez preso politikoen senidea biktima gisa aitortzea eskatu dute

“Sara gogoan” plataformak preso politikoen senidea motibazio politikoko “biktima gisa” ofizialki aitortzeko beharrezkoak diren mekanismoak antolatzeko eskatu die Nafarroako erakunde nagusiei. Hura omentzeko memoria ekitaldia egingo dute azaroaren 28an.


2023-11-06 | ARGIA
Espetxera itzularazi ditu Auzitegi Nazionalak Juan Carlos Subijana eta Joseba Borde euskal preso politikoak

Subijanaren eta Borderen kasuan bigarren aldiz, Basauriko espetxeak onartutako hirugarren gradua lehengoratu du Espainiako Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak. Subijana preso arabarra larriki gaixo dago. Sarek “atsekabea eta haserrea” adierazi ditu, eta... [+]


2023-10-02 | ARGIA
Azpiegitura gabezia nabarmendu du Jaurlaritzak espetxe-kudeaketaren biurteko balantzean

Urriaren 1ean bi urte bete dira Eusko Jaurlaritzak EAEko espetxeen kudeaketa bere gain hartu zuenetik. Bi urteko balantzearen txostena argitaratu berri du. 1.577 pertsona daude preso. %86 daude zigortuta, %8 emakumeak dira eta %31 hirugarren graduan daude. Euskal Espetxe... [+]


2023-08-21 | Ilargi Manzanares
Sare Herritarrak Auzitegi Nazionalaren jarrera "oztopatzailea" salatu du

Fiskaltzat euskal presoen gradu progresioen hiru laurdenei errekurtsoa jarri diela salatu du. Martxan diren salbuespeneko politikekin bukatzeko beharra aldarrikatu du presoen eskubideen aldeko plataformak.


Eguneraketa berriak daude