Lanuzteak Osakidetzan, Urdulizko ospitalea guztiz publikoa izan dadila eskatzeko

  • Osakidetzako langileak ekainaren 14ko eguerdian bi orduko lanuztera egitera deitu dituzte Satse, ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek. Mobilizazioaren bidez, Urdulizko Alfredo Espinosa erietxe berrian “egin nahi dituzten era guztietako pribatizazioen aurka” protestatu nahi dute. Ekainean da irekitzekoa Uribe Kostan eraikitako ospitalea. Progresiboki, orain arte ospitale-arreta osoa Gurutzetan jaso duten 170.000 herritar artatuko dituzte bertan.


2016ko ekainaren 14an - 14:32
Urdulizko ospitalearen erabateko publikotasunaren alde hainbat mobilizazio egin dituzte sindikatuek (Arg.: LAB).

“Urtero, Osakidetzak 330 milioi euro gastatzen ditu berezkoak dituen zerbitzuak pribatizatuz; eta garbiketari dagokionez, hala erabakitzen da edozein pribatizaziok gainkostua dakarrela jakin arren”, salatu du ELA sindikatuak. Haren esanetan, Urdulizko garbiketa zerbitzua pribatizatzearen ondorioa urtero 100.000 euro gehiago xahutzea litzateke.

“Osakidetzan garbiketa-zerbitzu gehien esleituta daukan enpresa, Garbialdi, Euzkadi Buru Batzarrekoa izandako pertsona batek zuzentzen duela azpimarratu behar da”, gaineratu du ELAk.  

Sindikatuek uste dute Osakidetzak ez duela behar bezala argitu nola kudeatuko diren Urdulizko ospitalean nahitaezkoak izango diren zenbait zerbitzu, hala nola garbiketa, mantenua eta sukaldea. “Bai Osakidetzak berak bai Eusko Jaurlaritzak pribatizazio gehiago egitea galarazten duten akordioak dituzte indarrean, baina Osakidetzak horien gainetik jokatu nahi du”.

Azken baieztapen hori egiteko, besteak beste iragan urtarrilean Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideari Urdulizko ospitalearen kudeaketa-asmoez emandako erantzunean oinarritu dira sindikatuak.  

“Hauteskundeei lotutako asmo politikoko greba”, Osakidetzaren ustez

Osakidetzako zuzendari nagusi Jon Etxeberria hedabideen aurrean azaldu da sindikatuen lanuzte deialdia baloratzeko. Pribatizazio asmorik dagoenik ukatu du Etxeberriak: “Osakidetza zerbitzu erabat publikoa da, ez gaude pribatizatzearen alde eta ez gara sekula egon. Gizarteari besterik sinetsarazi nahi izatea gezur interesatua baizik ez da”.

Zerbitzuetako batzuk kanpoko enpresei esleitzea edozein administrazio publikotan edota hezkuntzan ohikoa dela gaineratu du zuzendari nagusiak: “Zerbitzu horiek, denak ere, funtseko arreta-zerbitzuen kanpokoak dira”. Lanuzteaz, honakoa esan du: “Asmo politikoa duen greba da, hauteskundeei lotua”.

Ospitale berri bat irekiko dela da benetan garrantzia duen albistea, Etxeberriaren iritziz. Horri esker 500 lanpostu sortuko direla gogorarazi nahi izan du Osakidetzako zuzendariak, eta haren kudeaketa eta Bizkaiko gainerako ospitale handiena berdin-berdinak izango direla gehitu du.  


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Urdulizko ospitalea
Bihotzeko Errehabilitazio Unitatea jarri dute Urdulizko ospitalean

Gorabehera kardiobaskularrak jasaten dituzten edo jasan ditzaketen pertsonen osasuna hobetu nahi du Osakidetzak.


2018-05-15 | Hiruka .eus
Urdulizko ospitalean langile gehiago kontratatzeko eskatu dute sindikatuek

Urdulizko ordezkaritza sindikalak elkarretaratzea egin du gaur goizean, Urdulizko Alfredo Espinosa ospitalean. Jon Darpón sailburuaren bisitagaz batera atera dira kalera, langile-falta salatu eta kontratazio gehiago eskatzeko.


2017-11-14 | Hiruka .eus
Urdulizko ospitaleko 18 garbiketa-langile kaleratu dituztela salatu dute ELA eta LAB sindikatuek

Urdulizko ospitalean lan egiten zuten Comercial de Limpieza Villar SA enpresako 18 garbiketa-behargin kaleratu dituztela salatu dute ELAk eta LABek. Sindikatuek Osakidetzaren jarrera deitoratu zuten joan den barikuan, hilaren 10ean, osasun-zentroaren aurrean egindako... [+]


2017-01-05 | Ainhoa Bretos
Pribatizazioa Urdulizko ospitalean: elikadura eta arropa zerbitzuak lehiaketara atera ditu Osakidetzak

Jon Darpon EAEko Osasun kontseilariaren dimisioa eskatu du LAB sindikatuak, “zerbitzu berriak ez pribatizatzeko konpromisoa ez betetzeagatik”.  


Eguneraketa berriak daude