Urtero, milioika animalia erabiltzen dira ikerkuntzan. Batzuek nahiago lukete, ordea, “erabili” neutroa baino, “torturatu” eta “hil” esatea. Errealitate latza hori da: animalien sufrikarioa izan ohi da aurrerapenaren ordaina. Urrats asko egin dira ahalik eta animalia gutxien erabiltzeko eta horiei ahalik eta kalterik txikiena egiteko xedearekin, baina ikertzaile gehienek diote oraingoz ezinbestekoa dela haiekin zenbait proba egitea.
Zerbaiten nazioarteko eguna ez den data bat aurkitzea baino gauza zailagorik ez dago. Apirilaren 24a laborategietako animaliena izango da, eta horregatik, seguru asko, hedabideetan protagonismo apur bat bereganatuko du normalean informazioaren mainstream-etik aparte samar egoten den eztabaida batek. Eztabaida etikoa da, azken batean: zilegi da animaliekin esperimentuak egitea?
Galdera horri ezetz erantzuten diotenen ahotsa nabarmenduko da, batez ere, apirilaren 24aren karietara sortuko den adierazpen oldean. Mundu osoan, makina bat elkartek eskatzen du bertan behera uzteko animaliak erabiliz egiten diren ikerketak. Euren argudio nagusia sinplea da: ezerk ez du justifikatzen, ezta zientziaren aurrerapenak ere, animalia batek tratu txarrak edota heriotza jasatea, pertsona batek halako patua izatea justifikatuta ez dagoen bezala. Eta animaliarik ez erabiltzea galga izango bada ikerkuntzan, bada, izan bedi.
Zientzialariengan erabat gailentzen den iritzia bestelakoa da: oraindik beharrezkoak ditugu, tamalez, animaliekin egindako saiakerak. Garrantzitsuak dira “oraindik” eta “tamalez” hitzak; animaliak erabiltzea zilegi da baina ez edonola, adierazten dute. Badira jarrera hori defendatzeko propio sortutako elkarteak ere; nonbait, laborategietan animalia bakar bat nahi ez dutenei erantzuteko jaioak dira. Horietako batengandik –AEBetako Ikerkuntza Defendatzeko Elkartea– jaso dugu honako argudioa: “Ahalegindu arren, ikerketa askotan badira saio-hodi batean ezin egin daitezkeen probak, ez baita nahikoa molekulek, zelulek, edo ehunek, bakarka, zer jarrera duten jakitea. Gorputz bizi bat zatien bilduma hutsa baino askoz gehiago da, eta guk jakin behar dugu zer nolako elkarrekintzak dituzten zati horiek”.
Ez da etikoa animalia bat hiltzea guk erabiliko dugun sendagaia sortzeko, diote animaliekin egindako esperimentuen aurkakoek. Ez da etikoa sendagai berri bat ematea gaixoei seguru ez bagaude ez diela kalterik egingo, beraz animaliengan probatu behar dira lehenago, erantzuten dute Ikerkuntza Defendatzeko Elkartearen gisakoek. Norberak jakingo du zein aldetara lerratu. Utz dezagun horretan beraz, eta ostera errepara diezaiegun, arreta handiagoaz oraingoan, “oraindik” eta “tamalez” hitzei, azken beltzean horien atzean ezkutatzen dena baita gakoa auzi honetan.
Hiru R-en printzipioa
Aspaldi zabalduta dago laborategietan erabiltzen diren animalienganako kezka. Haien sufrimendua ahal den neurrian murrizteko borondatea, alegia. Hala adierazi digu Gloria Letek, EHUko Animalien Ongizaterako Etika Batzordeko presidenteak: “1959an, William Russell eta Rex Burch biologoek hiru R-en printzipioa aldarrikatu zuten, eta esango nuke horrekin batera hasi zirela zientzialariak animalien ongizateaz arduratzen. Gaur egun egiten den ikerkuntza guztiak printzipio hori du ardatz”.
Hiru R-ak ingelesezko replacement, reduction eta refinement hitzen lehen letrak dira (ordezkatzea, murriztea eta fintzea). Ahalik eta animalia kopuru txikiena erabiltzea, ahalik eta kalte txikiena egiten duten teknikak baliatzea eta ahal den guztietan metodo alternatiboak usatzea, horra ardatz hirukoitza.
Hiru alderdiek lotura estua dute elkarrekin. Fintzean egindako hobekuntzek beste bietan ere aurrera egiteko aukera ematen dute, eta ordezkapenak, esan gabe doa, berez dakar murrizketa. Ez dago hiru R-etan aurrerapausoak lortzeko xedean ikerketa-lerro berezirik, baina Leteren esanetan, azken urteotan garapen handia eman da eremu honetan. Fintzean, batez ere. Eta hori da, EHUkoaren ustez, hiruretan garrantzitsuena.
Laborategietako animalien erabilera arautzen duen legediak hiru R-ak ditu oinarri. Nazioartean nahikoa legedi uniformea da, bidenabar esateko. Europar Batasunean FELASA erakundea arduratzen da, aholkularitza lana eginez, herrialde guztietan beteko diren gutxieneko baldintzak egon daitezen. Hortik aurrera, estatu bakoitzak nahi beste gogortu dezake legea. Hala sortu dira, berbarako, EHUkoa bezalako etika batzordeak. Euskal Herrian, esperimentaziorako animaliak darabiltzan orok batzordea eratu behar du, edo, horretarako aukerarik ez badu –enpresa txikia izateagatik, adibidez– , beste zentro bateko batzordeari aurkeztu behar dizkio animaliekin egitekoak diren ikerketa-proiektu guztiak, hark onespena eman diezaien. Labur esanda, eta igarriko zenutenez, ikertzaileek une oro hiru R-en arabera jokatzen dutela ziurtatzea da batzordeon zeregina.
Milioika ale urtero
R eta guzti, animalia kopuru eskerga erabiltzen da laborategietan. Ez da erraza datu zehatzak ematea. Kopuruak asko aldatzen dira iturriaren arabera, eta sarritan eguneratu gabeko datuak dira hara-hona dabiltzanak. Bestalde, zifra ofizialek ez dute benetako errealitatea adierazten, animalien defentsan diharduen Altarriba Fundazioaren iritziz: “Laborategiek eurek ematen dituzte datuok, askotan, eta batzuk benetan trebeak dira benetako kopuruak ezkutatzen. Esperimentu militar sekretuak ez aipatzearren”, azaldu digu Matilde Figueroa komunikazio-buruak. Altarribak dio urtero, eta ofizialki, 100 milioi inguru animalia erabiltzen direla munduan. Kontuan hartu behar da zerrendatik kanpo daudela ia ornogabe guztiak, legeek ez baitiete aitortzen animalia izaera. Hala ere, ornodunak erabiltzen dira gehien, saguak eta untxiak batez ere.
Altarribaren webgunean irakur ditzakegu 2003. urtean Europar Batasunak zabaldutako datu batzuk (1999koak dira): guztira zortzi milioi animalia hil ziren laborategietan, eta horietatik erdia sendagaiak sortzeko erabili ziren. Gaitz erdi, eta barkatu gustu txarreko ironia, sendagai horietako batzuk albaitaritzan erabiltzekoak ziren. Bi milioi eta erdi alek biologia-ikerketetan utzi zuten bizia, eta 770.000 inguruk kontsumo-gaien toxikologia probetan. Ordezkapena eta murrizketa ardatz izanagatik, legediak behartzen du zenbait ikerketa-lerrotan animaliekin probak egitera. Fundazioaren arabera, erabilitako animalia kopuruak gora egin du nabarmen ingeniaritza genetikoarekin zerikusia daukaten ikerketetan, eta seguruenik hazkundea ez da etengo etorkizun hurbilean. Hiru R-ena ez dago hain argi, hauei jaramon egitera.
Ahal beste ordezkatzen da?
Izan ere, animaliekiko esperimentazioaren aurka daudenen jarrera ez da erreportaje honetako bigarren paragrafoak aditzera eman lezakeen bezain bakuna. “Gu ez gaude zientziak aurrera egitearen aurka”, esaten dute maiz, inork galdetu gabe kasik. Argi daukate ez litzatekeela animalia bakar bat ere erabili behar laborategietan, ikerkuntzarako ondorioak edozein direla ere, baina ez dira mugatzen lelo hori behin eta berriro errepikatzera. Aitzitik, talde batzuek aski landua dute metodo alternatiboen gaia, hau da, ordezkapena. Eta salatzen dute ez dela egiten eremu horretan egin daitekeen guztia. “Egiten diren esperimentu guzti-guztietarako alternatibarik ez dago, baina bai gaur egun erabiltzen direnak baino askoz gehiago”, salatzen du Luis Perezek, DefensAnimal.org GKEko presidenteak. Haren aburuz, ordezkapen-metodo asko ez dira indarrean jartzen badirelako hori oztopatzen duten interes ekonomikoak.
Ildo beretik mintzatu zaigu Matilde Figueroa: “Laborategi askorentzat merkeagoa da animaliekin lan egitea, besteak beste, erabiltzeaz gain, eurek ere saldu egiten dituztelako hazten dituzten animalietako batzuk. Eta ez da ahaztu behar laborategiok animaliekin jarduteko atonduta daudela. Uste duzu hori guztia kenduko dutela, metodo berriak erabili ahal izateko beharko lituzketen instalazioak jartzeko haren ordez?”.
Fintzean ez hain fin
Ordezkapenaren R-an behar beste indar jartzen ez dela salatzeaz gain, fintzearenean ere alde ilun asko ikusten dituzte animaliekin esperimentatzearen kontrakoek. Laborategi gutxi batzuetan paratutako ezkutuko kamerek ikertzaileen edota animalien zaintzaren ardura zutenen jarrera lotsagarriak agertu izan dituzte. Irudiak Interneten topatzen dira erraz, eta ez dira atseginak. Horrez gain, legeak baimendutako praktika batzuk bereziki ankerrak direla diote. Adibide aipatuenetakoa Draize-n testa izaten da: hankak lotuta dituen untxi baten begiei, probatu nahi den substantzia jaurtitzen zaie, behatzeko ea norainoko suminkortasuna eragiten dion. Kritika asko jasotzen duen beste saiakera bat LD50 testa da: substantzia baten toxikotasun maila neurtzeko, animalia talde bati ematen zaio –janaraziz, arnastu araziz edo injektatuz–, aleen erdia hil arte. Adibide gehiago eman genezake, baina balio bezate bi horiek.
Bitxiena da, esperimentuok kritikatzen dituztenen ikuspegitik, haien emaitzak ez direla zientzialariek dioten bezain erabilgarriak. Substantzia batek sagu batengan efektu bat eragiteak ez du esan nahi gizakiengan efektu bera izango duenik. Eta horren zenbait adibide ematen dute.
Horren guztiaren aurrean, animaliekin ikertzearen aldekoek argudiatzen dute egia dela gauzak ez direla beti modu egokienean egin, baina horrek ez diola baliorik kentzen animalien erabilerari. Hauek ere badute euren tesiak defendatzeko balio dien zerrenda, besteena baino mardulagoa: animaliak usatzeari esker medikuntzak egindako aurrerakuntzena.
Kritikak kritika, hiru R-en printzipioak helburu ideal bat gordetzen du bere baitan: erabateko ordezkapena. Matilde Figueroak eta Luis Perezek bihar bertarako nahiko luketena, hain zuzen. Baina hori ez da gertatuko, jakina. Etikari bizkarra emanda dihardutenak albo batera utzita, zientzialariei ere gustatuko litzaieke ametsa gauzatuta ikustea, baina ez ikerkuntzaren kaltetan. Presa gabe, beraz. Gloria Letek dioenez, “ez dut uste nik ikusiko dudanik erabateko ordezkapena lortuko den unea”. Apirilaren 24 asko igaro beharko dira helburua lortzerainoko bidean, inoiz lortuko bada.
Datorren ikasturtetik aurrera, euskaltegietan A2 mailan matrikulatzen direnek orain arte bezala 310 euro ordaindu beharrean, 70 euro ordainduko dituzte. Maila gaindituz gero, ordaindutakoa itzuliko zaie ikasleei.
Kuartela herrixantzat lelopean indar okupatzaileek Euskal Herritik irten behar dutela aldarrikatzen du Fan Hemendik taldeak.
Rafah-ra doan nazioarteko martxarekin bat eginez, Gasteizen mobilizatzera deitu du plataformak, baita ikasgeletan ere. Palestinar haurrekiko elkartasun argazkiak ateratzeko eskatu du.
Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia 2011n egin zen Donostian eta ondoren sortu zen Bake Bideak, Ipar Euskal Herritik bake prozesua sustatzeko. Bakegileen zeregina ETA armagabetzeko ekinbide zibila antolatzea izan zen. Orain, desegingo direla iragarri dute bi ekimenek.
Espetxeetako funtzionarioek lanuzte partzial bat egingo dute ekainaren 9tik 15era bitartean.
IDOIA ASURMENDI
Non: Bilboko Kafe Antzokian.
Noiz: maiatzaren 29an.
21 pertsona “giza eskubideen urraketen biktima” gisa aitortu dituzte ofizialki. Espainiako Estatuko funtzionarioek eta eskuin muturreko taldeek torturatutako pertsonak dira eta biolentzia horren lagin txikia baino ez direla dio Egiaren Garaia Da ekimenak.
Ostegunean banatu dute saria, Amasa-Villabonako Hika txakolindegian. Bertan jakinarazi dute 2024koa izan dela 111 Akademiak banatuko duen azken saria.
Lorazainok bi hilabete baino gehiago daramatzagu greban, eta, horietan, udaltzaingoek indarrez zapaldu gaituzte piketeetan. Hirian zehar jarraitzen gaituzten sekretek jazartzen gaituzte, eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzte. Enpresak ez gaitu aintzat hartzen, eskaintza... [+]
Nork sinesten du urtebetean Ordiziako errealitatea goitik behera aldatu dela eta desorekak desagertu direla?
Udaberriko oporren ataritan egunkarietan Begoña Pedrosak eman zigun titularra: Ordiziak ez du desorekei aurre egiteko plan berezirik behar... [+]
Euskaltzaindiak, EHUko Gabriel Aresti Katedrak, Gabriel Aresti kultura elkarteak eta Bilboko Koral Elkarteak elkarlanean antolatu dute egitaraua. Ostiral honetan, adibidez, Bilboko Udalaren Txistularien Bandak Aitaren Etxea emanaldia joko du Euskaltzaindiaren... [+]
Datorren irailaren 25ean 40 urte beteko dira GALek Baionako Monbar hotelean egindako atentatutik, non lau euskal errefuxiatu hil zituen. Horren karietara, Gogora Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutuak oroimen ekitaldi bat egingo du udazkenean.
Rescoop.eu federazioko Kontseilu Errektorean sartu da Goiener kooperatiba, eta "lorpen handitzat" jo du ardura berri hori. Iragan maiatzaren 22an Krakovian (Polonian) egindako Energia Komunitarioaren Foruman parte hartu ahal izan dute, eta une inportantea izan... [+]