"Irakasleek ez dizkiete enpresei proiektuak saltzen"

  • ARGIAren Irregulartasunak Lanbide Heziketaren finantzazioan? erreportajea hizpide, Eusko Legebiltzarrean azalpenak eman behar izan dituzte Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Jorge Arévalo Lanbide Heziketako buruak. Irakasleak enpresei zerbitzuak eskaintzen jartzen dituen programaz aritu dira, luze eta zabal.


2019ko ekainaren 04an - 16:22

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak eskatu zuen aspaldi agerraldia, eta berak hartu du hitza lehenengo. “Legaltasun guztia urratzen duen instrukzioa” azaltzeko eskatu die Uriarte eta Arévalori, gogoratu die ez dagoela programa hau jasotzen duen dekreturik, ez deialdi publikorik ere, nahiz eta zerrenda batetan izendatuta datozen zein enpresetara joan behar duten irakasleek, zerbitzuak eskaintzera.

“Nola da posible enpresei eskainitako zerbitzuak BEZ gabe eta Jaurlaritzaren NIFarekin fakturatzen aritzea ikastetxeak?” galdetu du, “nola da posible ikastetxeentzat Jaurlaritzak prestaturiko jarraibideetan agertzea ‘bisitak eta proiektuen definizioa finantzatuta daudela aipatzea ekidin behar dugu’ bezalako esaldiak?”. Irakasleak, komertzialak bailiran, enpresetara bisitak egiten eta ez dagozkien lanak burutzen ari direla esan du, ikastetxeek eta irakasleek presioa jasaten dutela horretarako eta enpresentzat lanak egitea konpetentzia desleiala dela lan horiek egin ditzaketen merkatuko beste enpresentzat (gogoratu behar dugu ikastetxeek %25eko beherapena egiten dietela fakturan enpresei, gero dirulaguntza moduan Jaurlaritzak ordaintzen baitie %25 hori).

Cristina Uriarte sailburua labur aritu da. EAEko produkzio sektoreak berritu behar duela, berrikuntza horretan Lanbide Heziketa funtsezko agente dela eta ikastetxeek euren lankidetza proaktiboki eskaini behar dutela adierazi du.

Jorge Arévalo, aldiz, luze aritu da eta gai asko ukitu ditu. ARGIAko artikuluan gauzak "gaizki adierazi" direla esan du lehenik, baina eman dituen erantzunekin irakurleak atera beharko ditu norbere ondorioak.

“Irakasleak enpresa batentzat webgunea diseinatzetik zein jakintza berri lortu du?”

Zerbitzuak eta lanak eskaini eta horiek burutzeagatik kobratu egiten diete irakasleek enpresei (%25eko beherapena eginez). Arévaloren esanetan, zerbitzuak eskaintzea ez da soilik enpresak laguntzea, irakasleek ezagutza lortzea ere bada, gero ezagutza hori ikasgelan transmititzeko. Uberak programa honetako adibide erreal batekin erantzun dio: “Enpresa batek akordioa sinatzen badu ikastetxearekin irakasleak webgunea diseinatu diezaion, hortik zein gaitasun eta jakintza berri lortu ditu irakasleak gero ikastetxean transmititzeko?”. Bestalde, “ziur zaude TKgunek eskaintzen dituen zerbitzu guztiak zerbitzu teknologikoak direla?”, dio.

Legalki dekreturik ez duen programa dela-eta, lege orokorrak aipatu ditu Arévalok, berrikuntza bultzatzeko eta ikastetxeak ezagutza lortzeko ikastetxeek enpresekin kolaboratzea sustatzen duten legeak. Uberak erantzun dio TKgune programak ez duela “helduleku legalik” eta enpresetara diru publikoa bideratzen den unetik, deialdi publikoa egin beharko litzatekeela, eta ez dela egiten. “Legedia artikuluz artikulu irakurri dut, eta TKgune programa ez dut inon aurkitu, ez da agertzen”. Arévalok aipaturiko lege orokorrek kolaborazioa sustatzen dutela-eta, kolaborazioa beste era batera ulertzen duela esan dio Uberak: “Zuentzat kolaboratzea da zerbitzuak eskaintzea, eta guretzat da elkarbanatzea, elkarrengaindik ikastea, trukean etekin ekonomikorik egon gabe. Ikastetxe eta enpresen artean akordioak egitea da fakturatzea?”. Programa guztiek helduleku legala behar dutela adierazi die Uberak Arévalo eta Uriarteri, baina Arévalok dio orain ari diren bezala, “modu esperimentalean” aritzeko helduleku legal nahikoa dutela, “eta etorkizunean zerbait aldatu behar bada”, aldatuko dutela.

“Fakturatzen duzun unetik, beste eremu batera egiten duzu salto”

Ez litzatekeela fakturatu beharko uste du baita ere Elkarrekin Podemoseko Jose Ramon Becerrak: “Fakturatzen duzun unetik, beste eremu batera egiten duzu salto, sistema finantzario alternatibo batera”.

Faktura BEZik gabe egiteari buruz, Arévalok argitu du zerbitzuak eskaintzen dituzten hezkuntza zentroek ez dutela BEZa zertan kobratu. Rebeka Uberak erantzun dio BEZetik salbuetsita dagoela hezkuntza, bai, baina programa honek eskaintzen dituen zerbitzu guztiak ez direla hezkuntzari lotutako zerbitzuak.

Ikastetxeek zerbitzu horien araberako finantzazioa lortzen dutela eta gainera ikastetxeek bete beharreko gutxieneko bisita kopurua egonik irakasleek presioa jasaten dutela-eta, “ez da presioa, ez dugu inor behartzen, boluntarioa da”, adierazi du. “Ez dugu inor horretara bultzatzen, animatu egiten dugu; ikastetxeekin eurekin batera bisita eta proiektu kopurua planifikatzen dugu. Helburu arrazoizkoak direla ulertzen dugu eta boluntarioki hartzen dute parte ikastetxeek”.

ARGIAko artikuluko esaldia irakurri du: “Lanbide Heziketako irakasleak enpresaz enpresa proiektuak saltzera bultzatzen ditu Jaurlaritzaren programa batek”. Arévalok dio irakasleek ez dituztela proiektuak saltzen; “ikastetxearen baliabideak enpresaren zerbitzura jartzen dituzte eta gainera irakasleak berritu egiten dira eta ezagutzan irabazten dute”. Becerrak Arévalori gogoratu dio hain juxtu faktura batek zerbitzu baten salmenta islatzen duela, alegia saltzen ari direla irakasleak. Gainera, egindako zerbitzuaren jabea ondoren enpresa izateak, eta ez ikastetxea, islatzen du “sistema produktiboaren menpe dagoela Lanbide Heziketa”, Becerraren esanetan. Arévalok erantzun dio hiztegian begiratuta fakturak hori esan nahi badu ere, hori ez dela programa honen espiritua. Lanengatik kobratzea ongi ikusten du Arévalok. “Non dago arazoa? Ikastetxeak autofinantzatu badaitezke, oso albiste ona da”.

“Berrikuntza aplikatua eskaintzen duten enpresak baldin badaude, erretiratu egingo gara”

Proiektuaren %100a beharrean, %75a kobratzen diete irakasleek enpresari, Jaurlaritzaren %25eko dirulaguntza baliatuz, eta “amu horri esker merkatuan salduko litzatekeena baino merkeago saltzen du proiektua ikastetxeak”, dio ARGIAko artikuluak. Esaldia irakurri eta ez dela inongo amua esan du Arévalok, “soluzio espezifikoak” ematen dituen programa baizik, berrikuntza proiektuak administrazioak finantzatu ditzakeela eta beraz gardena dela, %25eko beherapen horrek ez duela inongo arau zehatzik behar. “%25 hori ulertzen dugu guk dela proiektua egitean ikastetxearentzat bueltan datorren ezagutza eta ikasketaren balioa”. Konpetentzia desleialik ere ez du ikusten Arévalok, “bisitatu ditugun enpresen %87k inoiz ez baitzuen proiektu berritzaile batetan parte hartu”. Alegia, ez dagoela berrikuntza aplikatura dedikatzen den enpresarik eta beraz ez dagoela lehia desleialik. Ordea, aurreko adibidea jarri du Uberak: “Enpresa bati webgunea diseinatzea ez al da lehia desleiala, webgunea diseinatu dezaketen inguruko enpresentzat?”. “Ez dugu konpetentzia desleialik egiten eta berrikuntza aplikatua eskaintzen duten enpresak baldin badaude, erretiratu egingo gara”, adierazi du Arévalok.

ARGIAko pasarte gehiago irakurri ditu, tartean irakasleak komertzial gisa aritzen direla eta Jaurlaritzak diru publikoz saritzen duela programa, zenbat eta proiektu gehiago saldu, orduan eta baliabide ekonomiko eta pertsonal publiko gehiago jasoko baititu ikastetxeak. 1.400.000 euroko aurrekontua du programa honetarako TKgunek, kontatu genuenez. Baina Arévalok ez du horrela ikusten: “Ez dugu ezer saritzen, enpresetan berrikuntza sustatzen dugu. Irakasleek eta ikastetxeek ez dituzte proiektuak saltzen, animatzen eta konbentzitzen saiatzen dira. Ez dira komertzial gisa joaten enpresetara, ikastetxe bateko irakasle gisa joaten dira, bi aldeei on egiten dien proiektu partekatuak egiteko”. Irakasleak ez dagozkien lanak egiten ari direla-eta, “bai da irakasleen zeregina”, berretsi du Arévalok, aurretik aipaturiko legeak gogoan.

“Programa honen finantzazioak inkognita izaten jarraitzen du”

Uberaren hitzetan, “TKgune programaren finantzazioa Lehendakaritzatik egiten dela esan duzue, baina hara, ez da partida hori agertzen Lehendakaritzaren partidetan. Programa honen finantzazioak inkognita izaten jarraitzen du”. Inon agertzen ez den eta deialdi publikorik ez duen %25eko dirulaguntza ere “zeinentzat da?” galdetu du Uberak, “ikastetxearentzat ala enpresarentzat? Zehazten da enpresarentzako laguntza dela, eta hori nola gauzatu behar den badakigu…”.

ARGIAko pasarte hau ere hartu du hizpide Arévalok: “Pentsatzekoa da, bisitak eta proiektuak ikastetxearen diru-iturri inportanteak badira, irakasleen indarrak horretara bideratzeko arriskua handia dela, baita proiektu horiek lortu asmoz lehia areagotzekoa ere. Irakasleak, irakatsi ordez enpresentzat gero eta lan gehiago egiten aritzeko arriskua, alegia”. Ezetz dio Arévalok, kontrola eramaten dela eta halako arriskurik ez dagoela, irakaskuntza orduak ez baitira inolaz ere murrizten. ARGIAn azpimarratu genuenez, “helburuak lortzen dituen ikastetxeak pizgarri ekonomikoez gain orduak ere eskuratzen ditu, lan horietarako liberatzen diren irakasleak”. Becerrak bestelako galdera planteatu du: “1.400.000 euro publiko horietatik, zenbat joan da ikastetxe kontzertatuetara?”.

Arévalok onartu du ikastetxeetara bidaltzen den jarraibidean agertzen den eta ARGIAn salatzen zen esaldia “ez dagoela oso ongi idatzia”; hala dio jarraibideak: “Bisitak eta proiektuen definizioa finantzatuta daudela aipatzea ekidin behar dugu. Ikastetxeak bisitak egiteagatik diru bat jasotzen duela ikusarazten badiegu laguntzera gerturatzen den agente bat bezala ordez, gerta liteke bisitak egiteko interesa duen agente bat bezala ikus gaitzatela”. Arévalok aipatu du enpresek bisita asko jasotzen dituztela aholkularitza eskainiz, “gero inongo etekinik ez duten aholkularitzak, eta gu beste zerbait ezberdin gisa ikus gaitzaten nahi dugu, ez dezaten pentsatu gero ezertarako balioko ez dien produktu bat saltzera gatozela”. Hori esan nahi omen du jarraibideko esaldiak.

Honakoa ere badio jarraibideak: “Azpimarra berezia jarri behar da, egitasmoaren bultzatzaile nagusia Eusko Jaurlaritza, Lehendakaritza, dela”. Hemen Cristina Uriartek hartu du hitza, eta programa Lehendakaritzak koordinatzen duela berretsi du, beraiek jartzen diotela zigilua. Bitxia iruditu zaio Uberari, Lehendakaritzatik koordinaturiko programa izatea eta aldi berean Iñigo Urkullu lehendakariak esatea programa honen berririk ez zuela orain arte.

Ikastetxeetara bidaltzen den enpresen zerrenda (irakasleek bisitatuko dituztenak) zein irizpide jarraitzen dituen galdetuta, Europar Batasunetik egindako diagnostiko baten ondorio dela azaldu du Arévalok.

Rebeka Uberak argi du: Jaurlaritzako Lanbide Hezkuntza sailetik egiten ari direna “lardaskeria hutsa” da eta “tamalez arlo honetan oso normalizatuta daukate jokaera hau. Administrazio publikoarekin eta diru publikoarekin jolasten ari zarete”.

“Formazio ona da helburua ala eskulan merkea?”

Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean, Rebeka Ubera eta Jose Ramon Becerra baino ez dira agertu Arévaloren azalpenekin kritiko. Becerraren hitzetan, “berrikuntza bai, baina nola eta zeinen mesedetan? Argi dago, Jaurlaritzaren mesedetan, I+Dn aurrezten duelako, baina noren kontu? Formazio ona da helburua ala eskulan merkea eta I+D merke-merke lortzea? Enpresentzat berrikuntza programa bat garatu beharrean Lanbide Heziketako ikastetxeen bidez berrikuntza hori ordezkatzeak arazoak ekar ditzake”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iruzurra Lanbide Heziketan?
Hezkuntza sailburuak zergatik atzeratu du Lanbide Heziketako irregulartasunez eman behar zuen agerraldia?

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Jorge Arévalo Lanbide Heziketako sailburuordeak agerraldia zuten Eusko Legebiltzarrean, apirilaren 10ean. Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak deitu zuen agerraldia, ARGIAk publikaturiko Irregulartasunak Lanbide Heziketaren... [+]


2019-04-10 | Rebeka Ubera
Joko arriskutsua hasi du Lanbide Heziketako Sailburuordetzak

Harriduraz irakurri genuen ARGIAk publikaturiko “Irregulartasunak Lanbide Heziketaren finantziazioan?” artikulua. Baina zur eta lur geratu ginen artikuluan aipatzen zen jarraibidea, Lanbide Heziketako ikastetxeetara bidaltzen zena, eskuratu genuenean. Sinestezina... [+]


Buruhauste ugari, EAEko Hezkuntza Sailean

Hartzen dituen erabakiek eragileen kontsentsua dutela agertzea gustuko du Jaurlaritzak, baina Hezkuntza Sailak bi proiektu atzera bota behar izan ditu epe laburrean, jasotako kritikengatik: Herenegun programa eta eskola-jantokietarako proposamena. EAErako Hezkuntza Legeak ere... [+]


Azalpenak eman beharko dituzte Hezkuntza sailburuak eta Lanbide Heziketako sailburuordeak

Lehendakariari galderak bidaltzeaz gain, Rebeka Uberak bi agerraldi eskatu ditu Eusko Legebiltzarrean: Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuarena bata, Jorge Arévalo Lanbide Heziketako sailburuordearena bestea.


Lehendakariak dio ez zekiela ezer irregulartasun zantzuak dituen Lanbide Heziketaren finantzazioaz

ARGIAn eman genuen esklusiba: Lanbide Heziketako irakasleak enpresaz enpresa proiektuak saltzera bultzatzen ditu Jaurlaritzaren programa batek eta enpresei saldutako proiektuen arabera diru publiko gehiago edo gutxiago jasotzen dute ikastetxeek. Erreportajearen ostean, programa... [+]


Eguneraketa berriak daude