Izarrak perla bihurtu zirenekoa


2023ko irailaren 23an - 08:00
Azken eguneraketa: 11:05

Pantaila beltza. Bozgorailuetatik marmar gogaikarria, identifika ezin daitekeena. Segundoak aurrera doaz eta itzalita jarraitzen du pantailak, baina geroz eta ozenago entzuten da soinu deserosoa. Urduritzen hasi dira –gara– Victoria Eugeniako ikusleak, eserlekuetan uzkurtzen, begiak pantailako ertz beltz batetik bestera mugitzen. Bat-batean agertu zaigu hondoko zaratari zegokion paisaia: argi horizta, larre berdea eta erreka emaritsua. Familia bat eguzkitan etzanda. Lasaitasun oparoa.

Horrela abiatu da Jonathan Glazerren The Zone of Interest (eta, bide batez, baita nire Zinemaldia ere), ikusten denaren eta erakusten ez denaren arteko tentsio aldrebestua aztertzen duena. Izan ere, errekan gozatzen dabilen familia zoriontsuaren lorategian horma altua dago eta, murruaz haraindi: Auschwitz.

Kontzentrazio esparruko izugarrikeria modu esplizituan erretratatzeari uko egiten dio Glazerrek; aldiz, esparruko komandantea den Rudolf Höss (Christian Friedel) eta bere familiaren egunerokotasun itxuraz perfektua dugu ikusgai. Ezkutuan dagoen biolentzia azaleratuz doa filmean zehar, pasarte eta errekurtso tekniko ezberdinek hauspotuta; hala nola, irudiaren eta soinuaren arteko disforia baliatuta. Alde batetik, zainduak eta garbiak dira konposatzen dituen irudiak, ariar higienearen ideala bikain ordezkatuz. Bestetik, azaleko garbitasun horri kontrajartzen zaio hasieratik eta amaieraraino entzuten dugun marmar desatsegina. Huraxe dugu lorategiaz bestalde gertatzen denaren ordezkari eta salatzaile. Protagonistak biolentziara bezala, geu ere ohituko gara zaratara eta erraza izango da, filmak aurrera egin ahala, entzungor egitea. Auschwitzeko izuari gerturatzeko bide burutsu bezain eraginkorra aurkitu Glazerrek, obra txundigarri eta iluna dugu berea.

Perlak sailean lehiatzen da The Zone of Interest eta, Glazerrenaren ondoan, itzal handiko beste hainbat izen topatu ditzakegu Donostia Hiria Publikoaren Saria eskuratzeko aukera ematen duen sailean. Glazer utzi eta zinemaren historiako beste bi zuzendari erreferentzialekin jarraitu dut eguna.

Hain zuzen ere, eguneko bigarren hitzordua Wim Wenders erraldoiarekin izan dut. Bideo bidez agertu zaigu alemaniarra aretoko pantailan, Donostian egon ezin izateagatik desenkusatuz. Wendersek Japonian grabatu eta ekoitzi den Perfect Days aurkezten du aurtengo Zinemaldian, Hirayama (Koji Yakusho) komun garbitzaile isila jarraitzen duena.

Lanean, askotan badirudi ikusezina dela Hirayama, ia-ia hiriko azpiegituraren parte, baina, horri esker, begirada arruntak harrapa ezin ditzakeen ñabardura eta plazer txiki anitzen jabe da. Pelikula motela da, egunen errepikapen ia milimetrikoen xarmaren eta detaileen handitasunaren gorazarrea den heinean. Zentzu horretan, Hirayamak berak bezala, lan nabaria hartzen du Wendersek egunerokotasuneko ekintza bakoitza eder bihurtzen; zer esanik ez, komun garbiketa, zeina arte bihurtzen den Hirayamaren eskuetan eta Wendersen zuzendaritzapean.

Perfect Days sentsibilitate handiko obra da, Koji Yakusho aktore protagonistaren antzezlan gogoangarria oparitzen diguna. Nire aldetik, ordea, ez dut lortu filmaren jario geldoarekin bat egitea, eta, are gutxiago, Hirayama protagonistaren onberatasun absolutua sinistea: gehiegizkoa irudi zait, hutsala izateraino. Troyako zaldia buruan atera naiz bigarren emanaldi horretatik. Ikus-entzunezko estaldura delikatua baliatuz, ez ote digu irentsarazten Wendersek lanari kateatuta bizitzearen, eta horrek dakarren egunen errepikapen infinituaren erromantizazioa?

Aho zapore gazi-gozoa kentzeko, eguneko nire azken hitzordua Aki Kaurismäki ezin hobe batekin izan da. Nahikoa ditu Kaurismäkik ordubete eta hogei minutu zinemagintza eta gidoigintza klase magistrala eskaini, areto osoko barre zintzoak jaso eta hutsezina den bere estiloa eguneratzeko. Fallen Leaves filmak Epaimahaiaren saria jaso zuen Cannesen eta FIPRESCIa ere emango zaio Zinemaldian.

Propio zaizkion hoztasun ziniko eta umore garratzaz, Finlandiako langile klasearena den (baina munduko edozein tokikoa izan zitekeen langile klasearen) istorioari heltzen dio filmak, Ansa (Alma Poysti) eta Holapparen (Jussi Vatanen) arteko amodioa eta ezbeharra aitzakiatzat hartuta. Film horrekin, bere eszenaratze eta molde partikularren hautuan berresten da zuzendaria, istoriorik sinpleenak biribil bihurtzeko beharrezkoa den magia soberan ezaguna zaiola baieztatuz. Zeharo abila da Kaurismäki dramatismo fitsik galdu gabe umorez eta gizatasunez betea dagoen kontakizuna eraikitzen.

“Berriz egin du!” alai bat entzun dut azken saiotik ateratzean. Adierazpen sutsuarekin bete-betean ados egoteaz gain, Perlak saila osatzen duten izen handi horiek guztiak ze gertu sumatu ditzakegun pentsarazi dit. Baimena emango didazue, beraz, hurrengoa gehitzeko: berriz egin du Aki kabroiak, eta dezepzio galanta izan da Wendersena.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2023
2023-10-02 | Ixone Santamaria
Donostia Zinemaldiak eman duena
Oroituko dugunaz


Sail Ofiziala. 9.eguna | Lehiatu ez diren bi lan
Dantza egiteko unea


Eguneraketa berriak daude