Itsasoko haize errotek dakarten "dilema ekologikoaz" ohartarazi du Europako Kontu Auzitegiak

  • Europako erakundearen esanetan itsasoan eraikitako eolikoek ingurumena kaltetu dezakete eta Europako Batzordeak ez ditu kalte horiek aintzat hartu "energia urdina" garatzeko bere estrategiaren barruan. 2050. urtean Europako itsasasaldean instalatutako potentzia 340 GWkoa izatea nahi dute, gaur egungo 16 GWkoaren aldean.

Itsasoko haize errotekeragindako ingurumen kalteak kontuan ez hartzea egotzi diote Europako Batzordeari. Argazkia: Pexels / Enrique

2023ko irailaren 21a - 07:50
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Itsasoko ekosistemak ez daude energia berriztagarrien sukarretik salbu eta Europar Batasuneko herrialdeek uretan haize errotak eta bestelako teknologiak ezartzeko esku artean dituzten plangintzak dira horren erakusgarri.

Europar Kontu Auzitegiak txosten berezia egin du itsas energiaren garapenak ekar ditzakeen ondorioen inguruan; horretarako hainbat herrialde auditatu ditu –tartean Espainiako eta Frantziako estatuak– eta bere hitzetan azterketak ondorio "anbiguoak" utzi ditu.

Zehazki, erakunde horren arabera haize errotak eta bestelakoak masiboki eraikitzeak "dilema ekologiko" bat ekarriko du. Dioenez, "energia urdina" delakoa gakoa omen da "EBko trantsizio ekologikoarentzat, baina bere garapenak itsasoko ingurumena kaltetu dezake".

Europako Batzordeari errieta egiten dio, bere planean ez dituelako ondorio horiek baloratu, hala nola espezieen mugimenduak, populazioetan sor ditzaketen egiturazko aldaketak, edo migrazio patroiak. Auditatzaileen kezka da "itsasoko energia berriztagarria kaltegarria izatea itsas ingurumenarentzat, bai itsasoko mailaren azpitik zein gainetik".

Bestalde, itsasoan gizakiak dituen beste jarduera batzuekin elkarbizitza zaila ikusten die eolikoei, arrantza sektorearekin kasu, eta gatazkak sor daitezkeela ohartarazi du.

Auditatzaileen kezka da "itsasoko energia berriztagarria kaltegarria izatea itsas ingurumenarentzat, bai itsasoko mailaren azpitik zein gainetik"

Hornidurari dagokionez ere itzalak dira nagusi txostenean. Eolikoak eta antzeko azpiegitura teknologikoak sortzeko beharrezkoak diren lehengai ia guztiak gaur egun Txinak hornitzen ditu, "eolikoen turbinek duten sorgailuentzako imanak produzitzeko paper giltzarria dauka", esaterako;  menpekotasun horrek botila-lepoak sor ditzakeela dio.

"Itsas-espazio itzel bat"

Kontu auzitegiaren esanetan 2007. urtetik EBko aurrekontuek 2.300 milioi euro jarri dituzte itsasoan eolikoen eta bestelako metodoen bidez energia sortzeko. Gainera, Europako Inbertsio Bankuak beste 14.400 milioi euro jarri ditu.

Baina Europako Batzordearen helburuak betetzeko –gaur egungo 16 GWtik 340 GWra pasa nahi du 25 urtetan– "itsas-espazio itzel bat beharko da eta gutxi gorabehera 800.000 milioi euro, gehienean inbertsio pribatutik etorriko direnak". Auditatzaileen esanetan, "halako helburuak betetzea ez da erraza".

Auditaturiko herrialdeen artean diferentzia nabarmenak daude. Herbehereetan eta Alemanian, esaterako, aspaldi hasi ziren itsas eolikoak eraikitzeko planak abian jartzen. Aldiz, Frantziako eta Espainiako estatuak geldoago doaz.

Txostenean agertzen diren mapen artean, euskal kostaldea da nabarmenduetako bat –Armintzako kostaldean itsasoan eraikitako airesorgailu bat energia-sarera konektatu dute egunotan–. Mapan ageri denez, Armintzakotik ez oso urruti, eremu askoz zabalago batean planifikaturik dago itsas energia berriztagarrien "entsegu zentro" bat instalatzea.


Azpiegitura handiak kanaletik interesatuko zaizu...
Nafarroako Gobernuak onartu du ez dagoela ur nahikorik Nafarroako ubidearen obran hitzemandako edukiera asetzeko

Konponbide gisa, Óscar Chivite Lurralde Kohesiorako kontseilariak aurreratu du sobera ur jasotzen duten ureztatzaileei erabiltzen ez dutena Erriberara bidaltzeko eskatuko diela.


Mutrikuko dikearen obrak bertan behera gelditu direla esan dute Danborzaleek

Dikearen obrak aurrera eramateko esleipena zuen enpresak obrak bertan behera utzi dituela esan dute plataformatik. "Ez dugu informazioa iturri ofizialetatik jaso".


Jaurlaritzak orain dio AHT Bilbora 2033an iritsiko dela

226,52 milioiko aurrekontuarekin, Eusko Jaurlaritza arduratuko da Abiadura Handiko Trenaren Bilboko sarrerako eraikuntza proiektua idazteaz.


Eguneraketa berriak daude