Isuna jarri diete Bilboko Gazte Sare Feministako zortzi kideri, Udaletxeko zubian egindako ekintzagatik

  • Abuztuan Bilboko Udaletxeko zubian ekintza burutu zuen sareak, eta zortzi kide zigortu dituzte, Mozal Legea aplikatuz. Kanpaina abiatuko dute isunei aurre egiteko.


2020ko otsailaren 12an - 14:36
(Argazkia: Bilboko Gazte Sare Feminista)

Bilboko Gazte Sare Feministak agerraldia egin du asteazkenean, 2019ko abuztuaren 15ean egindako ekintzaren inguruko berriak publiko egiteko: gabonekin batera isunak heldu zitzaizkien zortzi kideri, “eta ez preseski Mari Domingiren eskutik”, ironiaz azpimarratu dutenez.

Bilboko Udaletxeko zubian gauzatu zuten ekintza, eta sareko bi kide bertatik zintzilikatu ziren. Azaldu dutenez, hainbat kontuk bultzatuta burutu zuten ekintza: gertatu berri zen talde bortxaketa salatu eta erasoa jasan zuen emakumeari babesa helarazi nahi zioten; eraso horren harira Ertzaintzak fokua emakumeengan jarri izana –eta ez gauzak errotik aldatzeko neurriak hartzeko beharrean– ere salatu nahi zuten; eta horrez gain, eraso bakan bat ere ez zutela onartuko aldarrikatzeko beharra zeukaten.  

Ekintza gauzatu bitartean zubira gerturatutako ertzainek jarrera desegokia izan zutela azpimarratu dute: “Besteak beste, zubitik zintzilikatuta zeuden bi emakumeak eusten zituen sokaren azpitik jendeari pasatzen utzi zioten, Bilboko Gazte Sare Feministako kideek arriskutsua zela ohartarazita ere; gainera, bi emakume hauetako bat zubira berriro igotzean, laguntzera eta egoera lasaitzera gerturatu zen kide baten aurka oldartu ziren”. Horrez gain, gehitu dute lekuz kanpo zeuden iruzkinak ere egin zizkietela, “hurrena La Salveko zubitik, dibertigarriagoa izango da eta” kasu.

Giro horretan eman zuten bukatutzat ekintza, hogei bat identifikatu eta zortzi inputatu tarteko. Lau hilabeteren buruan isunak heldu zitzaizkien zortzi pertsonari. “Bide penaletik eramaten saiatu ziren arren, ez da delitu juridikorik ikusi, beraz, isuna administratiboa da”, azaldu dute. Hala ere, Mozal legea tarteko egonik, “politikoki zein juridikoki onartezina” iruditzen zaien isunaren aurrean aurkitzen direla adierazi dute; 6.500€ eskatzen diete guztira.

Kanpaina isunei aurre egiteko

Errepresio kolpeari aurre egiteko kanpaina abiatuko dutela jakinarazi du sareak. Marrabila artistak egindako ilustrazio bat jarriko dute zozketan, eta bono laguntzen bidez parte hartu ahalko du jendeak. Bilboko auzoetako puntu ezberdinetan jarriko dira salgai, eta sareko kideekin harremanetan jarrita ere eskuratu ahal izango dira.

Agerraldia itxi aurretik berriro ere egingo luketela azpimarratu dute: “Egiturazko biolentzia honen aurrean egunerokotasunean autodefentsa feministaz baliatzen garen bezala, erantzuna ekintza zuzenaren bitartez gauzatzea ere guztiz legitimoa dela pentsatzen jarraitzen dugu, eta horrela izango da egoera behetik gora aldatu arte”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mozal legearen mehatxua
Artxibatu egin dute Ahotsa.info-ko kazetari bat gezurrekin salatu zuen udaltzainaren aurkako kereila

2021eko protesta batean Poliziaren jarduna grabatu eta zabaltzeagatik, Mozal Legea urratu izana leporatu zion udaltzainak kazetariari. Salaketan hainbat gezur esan zituen agenteak, grabatutako bideoan egiazta daitekeenez. Agiriak faltsutzeagatik kazetariak kereila jarri zuen... [+]


2023-03-15 | Axier Lopez
Espainiako Gobernuak ez du hitza bete: Mozal Legeak indarrean jarraituko du

2015ean PPk gehiengo absolutuz ezarri zuen Mozal Legea. Oinarrizko zenbait eskubide urratzen dituen arau sorta horrek kontrakotasun handia bildu zuen Espainiako Estatuko mugimendu sozial eta alderdi politikoen artean, baita nazioartean ere. Lege hori "ezbairik gabe derogatu... [+]


Otsaileko lehen osoko bilkuran onartu nahi dute Espainiako Kongresuan 'Mozal Lege' berria

Dagoeneko erreformaren %96 adostuta dute Espainiako Kongresuan erreforma lantzen ari diren alderdiek, eta datorren astean akordio batera iritsiko dira, El Plural.com-en irakurri dugunez.


Laudioko Gaztetxearen aldeko elkartasun jaialdiak antolatu dituzte Laudion, Bilbon eta Gasteizen

Laudioko Gaztetxearen kaleratzearen ondorio ekonomikoei aurre egiteko elkartasun jaialdiak antolatu dituzte Orbeko Etxean, Zazpi Katu Gaztetxean eta Gasteizko Gaztetxean. Ertzaintzak 'mozal legea' ezarri zien sei gazteri ekainaren 13ko protesten harira, 4.000 euroko... [+]


2022-12-16 | Iñaki Agirre
“Ez dugu ekimen erreformistarik nahi, Mozal Legearen indargabetzea eskatzen dugu”

Hogei eragile sozialek baina gehiagok eginiko deialdiak dozenaka pertsona bildu ditu ostegun ilunabarrean Donostian adierazpen askatasuna aldarrikatu eta Mozal Legearen indargabetzea eskatzeko. Lege horren bitartez, Hego Euskal Herrian 2020tik hona 30.000 zigor baina gehiago... [+]


Eguneraketa berriak daude