Isun erraldoia Whatsappentzat, datuak babesteko araudi europarra urratzeagatik

  • Datuak babesteko Irlandako Batzordeak, DPCk, 225 milioi euroko isuna ezarri dio Whatsappi, datuak babesteko araudi europarra urratzeagatik. Zehazki, arazoa da Whatsappek ezkutatu egiten duela zer eta zenbat datu pertsonal partekatzen duen Facebookekin. Facebookek Irlandan dauka erregistratuta Europa osorako jarduera garatzen duen delegazioa, eta beraz, lege aldetik Irlandako gobernuaren menpe dago Facebook eta haren jabetzakoak diren Whatsapp eta Instagramen jarduera Europan.


2021eko irailaren 08an - 06:56
Azken eguneraketa: 09:07
Argazkia: Christoph Scholz

Isuna 2018an hasitako ikerketa baten ondorio da. Zehazki, DPC batzordea urte horretan hasi zen ikertzen nola tratatzen dituen Whatsappek bere erabiltzaileen datuak, eta batez ere, zer prozedura jarraitzen duen datu horiek jabe duen Facebook enpresaren esku jartzeko. Zigorra DPCk inoiz ezarritako isunik handiena da, eta Europako pribatutasun araudi berriaren ondorioz enpresa bati jarritako bigarren handiena.

225 milioiko isuna ezartzeaz gain, agindu argi bat ere eman dio DPCk Whatsappi, erabiltzaileen datuak Europako legedia beteaz prozesa ditzan (Amazonek 746 milioi euroko isuna jaso zuen uztailean erabiltzaileen pribatutasunarekin lotutako arrazoiengatik).

Whatsappen, noski, azaldu dute ez daudela ados erabakiarekin, eta helegitea jarriko dutela, besteak beste isuna neurriz kanpokotzat jotzen dutelako. Duela urtebete, Facebookek Europan zerbitzua emateari utzi egingo ziolako mehatxua egin zuen, Europako araudi berriak eragotzi egiten baitio erabiltzaile europarren datuak Estatu Batuetako egoitza nagusira eramatea.

Ez pentsa inor libratzen denik, e? Twitterrek berak ere 450.000 euroko ‘errezeta’ jaso du, datu filtrazio baten ondorioz. (Irudia: Shawn Campbell @ Flickr)

Irlandako batzordeak dio Whatsapp ez dela batere argia, ez erabiltzaile bakoitzaren zer informazio jasotzen duen, ezta informazio horrekin zer egiten duen azaltzeko orduan, eta beraz, urratu egiten duela Europa mailako GPDR araudiak exijitzen duen gardentasun printzipioarekin.

Informazio argirik ez dagoenez, komeni da gogoratzea, adibidez, Androideko Facebook aplikazioak erabiltzaileak bere telefonoan instalatu eta desinstalatutako aplikazio guztien zerrenda eta agendako kontaktu guztien izen-abizenak eta telefono zenbakiak biltzen dituela, izan kontaktu horiek Facebookeko erabiltzaile ala ez. Pentsatzekoa da Whatsappek ere antzeko datuak gordeko dituela, are gehiago Facebookekin gehiago integratu eta zerbitzu komertzialak eskaintzen hasi nahi duen honetan.

Whatsappetik ere irten daiteke!

Aurreko batean kontatu nizuenez, kostata, baina bere garaian Facebooketik nola, berriki Whatsappetik ere atera naiz. Eta, aizue: badakizue zer? Ez da ezertxo ere gertatzen. Kontaktu estua duzun jendeak, edo zure beharra duenak, deitu egiten dizu noizean behin… eta ez dakizue zenbat aurrezten den telefonoko baterian eta jakinarazpenetan! Bake santua, aizue!

Inspirazio gisa balio badizue, nik hiruzpalau fasetan egin dut whatsappgabetzea:

Watomattic robotaren mezuak kantsagarri suertatuko zaizkio zure kontatu batzuei Irudia: Kindel Media @ Pexels.com
  1. Aldatu erabiltzaile izena, egoera eta irudia, laster Whatsappetik irtengo nintzela adierazteko.
  2. Erabili Watomattic robota tarte batez, jasotako mezu guztiei abisu batekin erantzuteko automatikoki.
  3. Laga robotari kontaktu astunenak aspertzen bere mezu automatikoekin!
  4. Whatsapp aplikaziotik, kontua kudeatzeko atalera joan eta kontua ezabatu. (Hau garrantzitsua da zeren, horrela egin ezean, Whatsappek jarraitzen baitu historiala gordetzen: nor saiatzen den zurekin kontaktuan jartzen, noiz, eta abar).
  5. Ezabatu aplikazioa telefonotik.

Benetan, egizue proba, ez zaizue damutuko! Eta tira, damutuz gero ondo erraza da berriz ere instalatzea.

Gainera, tira, Whatsapp ez diren mezularitza zerbitzu alternatiboak ere badaude. Signal eta Telegram, besteak beste, oso txukunak dira eta, Whatsapp ez bezala, euskaraz daude!

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Whatsapp
Whatsapp-a ez da izango EAEko hezkuntzako oposizioetan akreditazioa lortzeko bide bakarra

Eztabaida eragin zuen 2023ko urriaren 21ko EAEko irakasleen oposizioetara sartzeko Whatsapp bidez jasotako QR kodea erabili beharrak. Azkenean, akreditazioa webgune baten bidez eskuratzeko aukera ere eman zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Hemendik aurrera... [+]


Whatsapp ez da derrigorrezkoa izango EAEko irakasleen oposizioetan parte hartzeko

EAEko irakasleen oposizioetako azterketak urriaren 21ean egingo dira BEC-en. Eztabaida eragin du bertara sartzeko Whatsapp bidez jasotako QR kodea erabili beharrak. Azkenean, akreditazioa webgune baten bidez eskuratzeko aukera ere emango Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak.


2021-01-08 | ARGIA
Hautsak harrotu ditu WhatsAppen erabilera-baldintzen eguneraketak

Erabilera-baldintzak eta pribatutasun politika eguneratu ostean Europatik kanpoko erabiltzaileen datuak Facebookekin elkarbanatuko ditu WhatsAppek. Euskal Herriko erabiltzaileen datuen partekatzeari ez dio eragiten eguneraketak. Sareetan hainbat erreakzio eragin ditu berriak,... [+]


Ikasleen esperimentu arrakastatsua: jaso duzu Nicoren mezua?

Niri asteazkenean iritsi zait mezua, whatsapp bidez: “Lagundu iezadazu munduari itzulia ematen. Nico naiz” (ikusi irudia). Ziztu bizian zabaldu da astearte goizean Madrilgo ikastetxe batean abiaturiko esperimentua: helburua, ohartzea irudiak zeinen azkar hedatzen... [+]


Zer egin behar dut ordenagailuan WhatsApp erabiltzeko?

WhatsApp aplikazioa ordenagailuetan erabili ahal izateko aukera eskainiko duen web bertsioa jarri dute martxan.


Eguneraketa berriak daude