Iragana eta etorkizuna korapilo berean


2024ko urtarrilaren 09an - 08:39

Hiru Anaidien Aliantzaren indarrek hartu dute jada Laukkaing, Myanmarreko Kokang Eskualde Autonomiadunaren hiriburua. Ostegunean edo, Junta Militarraren azken indarrek hiritik hanka egin bide zuten, eta eskualde osoa (Gipuzkoaren azalera eta Donostiak adinako biztanleria duena) Myanmarreko Aliantza Demokratiko Nazionalaren Armadako matxino kokangdarren mende geratu da. 2021eko estatu kolpeaz geroztik Naypyidawen agintea duen Juntak atzerrian behintzat abegi ona ez duenez, nabarmena da Mendebaldeko hedabideetan atseginez ikusten dela gatazkaren bilakaera, batez ere urriaren hondarrean matxinoen aliantzak 1027 Operazioa hasi zuenetik. Arrakastaz, orain arte. 

Baikortasun horrek, ordea, gogorarazi die gaia sakonxeago ezagutzen dutenei, matxino horiexek zirela oraintsu arte “narkogerrillaren” eredu tipikoena. Eta gertakarien aurrean batzuek izan dezaketen poza ozpintzen duten analisi serioak ere argitaratu dira. 

Kontua da Myanmarreko gatazka armatua(k) barne-arazoa baino dezente gehiago direla. Eta oso desberdinki bederen, Asiako bi superpotentziak, India eta Txina, ukitzen dituztela zuzenean. Bigarrena, bete-betean, Kokangeko kasuan. 

Kokang ez baita Txinarentzat lurralde mugakide hutsa. Labur esanda, Myanmarren dagoen Txinaren zati bat da. Historia, ohi bezala, aspaldi-aspalditik dator, baina kokangdar gehien-gehienak txineraz mintzatzen diren hanak dira. Eta gainera, dozenaka mila migratzaile heldu dira bertara Yunnandik eta Txinako beste eskualde batzuetatik, azken urteetan han umotu diren legez kanpoko negozioen (narkotrafikoa, jokoa, prostituzioa,…) epelera. Antza denez, ziberdelituen kasuan, arazoa biziro gaiztotu da Txinarentzat. Jarduera horiek etenarazteko, Beijingeko agintariek zuzenean jo dute bai Junta ofizialera eta bai batzuetan aginpide erreala beren esku duten matxinoengana Eta alor horretan zerbait lortu dutela ematen du. Baina txarrera jarri ezkero, baliabideak badituela erakutsi dute muga-parte hartan egundoko maniobra militarrak eginez. Aburu zaharra gaurkora ekarriz: hoberena lortzen saiatu okerrenerako prestatuz

Izan ere, Myanmarreko matxinadak, orokorrean, Txinaren interes gorenekoa den zerbait kaltetzen du: Hangrui Autobidea. Seguruenera, mundu garaikidean egin den azpiegitura-obra garestiena. Txinan dituen 3.000 kilometroetan burututa dago. Baina Myanmarreko mugatik aurrera, Mandalaytik barrena Bengalako golkorainoko obrak hastea ere eragotzi egiten du gatazkak. Eta autobide hori gabe, nahiko alferrikakoa litzateke Kyaukphyuko portuaren egitasmoa

Horrela argitzen dira bestela nahiko kriptikoak diruditen kontuak.


Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude