Ipar Euskal Herriko hedabideak: "Teknologia berriekin, mugak gaindi daitezke"

  • 2015. urteko Sareko Argia Saria Ipar Euskal Herriko hedabideek elkarlanean herri bozei eginiko jarraipenarentzat izan da.


2015eko urtarrilaren 30an - 19:14
Azken eguneraketa: 2015-02-02 11:19:29

Ipar Euskal Herriko euskararen egoera zaila ikusita elkarlanera jo dute euskal komunikabideek, eta Euskal Irratiak, Kanaldude, Kazeta, Ipar Euskal Herriko Hitza eta Herria batera aritzea iazko herriko bozez informatzen “bide horretan egindako beste urrats bat” izan zen Euskal Irratiak-eko Jose Luis Aizpururen esanetan.

Euskarri ezberdinei esker eremu zabalagora heldu ziren: “Hego Euskal Herritik ere mezu ugari jaso genituen eta horrek erakusten du, teknologia berriekin, mugak gaindi daitezkeela”.

Hedabide nagusiak ere elkarlanean aritzen dira hauteskunde kanpainan, baina euskarazkoek, “herritarrek bultzaturikoak izanik”, beste helburu batzuk dituzte: kostaldea eta barnealdea uztartzea, herri txikienetako emaitzak ematea edo hautagai guztiei hitza ematea. Hori dute erronka orain prestatzen ari diren departamenduetako hauteskundeetan ere.

Epaimahaiaren arrazoiak:

Elkarlanak zenbat balio duen ondo dakigu inguru hauetan bizi garenok, ez genuen alferrik garatu auzolanaren kultura. Bizilagunen artean laguntzeko balio zuenak balio du komunikaziorako ere, eta norbaitek horretaz dudarik baldin bazeukan denak uxatu zizkion sarituko dugun ekimenak.

Hainbat proiektu komunikatibo batu ziren gauza inportanteak erabaki behar ziren egun batez, inportantzia bereko jarraipen informatiboa egiteko.

2014ko Herriko Etxeetako bozen emaitzak ahaztuko ditugu apika, baina ez zaigu ahaztuko haien berri eman ziguten kazetariek erakutsi ziguten eredua. Plataforma guztietan minuturo berri emanez profesional eta serios.

Ipar Euskal Herriko bozen berri emateko elkarlenean egindako informatiboarengatik 2015eko Interneteko ARGIA SARIA merezi dute Euskal Irratiek, Ipar Euskal Herriko Hitzak, Kanaldudek, Kazetak eta Herriak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIA Sariak
Irauteko borroka egin dutenentzat

Negozioak eta interesak zapaltzaileen buruetan. Izan herri bat zapaltzeko, hizkuntza bat, kultura bat, memoria edo ingurumena. Dirua, sosa. Egoerarik makurrenetan ere, ordea, usu pizten da erresistentziaren su txikia, interesen gainetik duin bizi nahi duen jendearen mugimendua... [+]


Eguneraketa berriak daude