Honela jarriko da martxan berriz Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegia

  • COVID-19aren eraginez bi hilabetez itxita egon ondoren, astelehen honetatik aurrera jarriko da martxan berriro ere Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegia, segurtasun neurri bereziekin.


2020ko maiatzaren 25an - 10:04
Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegia erreferentziazkoa da Donostia eta Gipuzkoa osoan. Bi hilabetez itxita egon ondoren, gaur irekiko ditu ateak berriz (agazkia: GFA).

Aste honetan irekiko ditu ateak berriro Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegiak, koronabirusaren eraginez hartutako neurrien ondoren bi hilabetez itxita egon ostean. Hori bai, ez da lehen bezala irekiko, liburutegiko arduradunek erabiltzaileei informatu dietenez, pixkanaka berrekingo diote funtzionamenduari. “Hainbat higiene eta segurtasun-neurri” hartuko dituztela iragarri dute eta horiei esker, astelehen honetatik aurrera, gune bat irekiko da liburutegiaren sarrerako espazioan, mailegatutako liburuak eta gainontzeko materialak itzuli ahal izateko.

Liburutegiaren ohiko ordutegian egongo da irekita gune hori, astelehenetik ostiralera 8:30etik 20:30era eta larunbatetan 8:30etik 14:00etara. Gainera, ekainaren 1etik aurrera mailegu zerbitzua ere berriz martxan jarriko du Koldo Mitxelenak. Datorren hilaren 1etik 13ra, aldez aurretik eskatutako maileguak baino ez dira egingo katalogoaren bidez, telefonoz deituta edo presentzialki. Liburutegiko arduradunek gomendatu dute erreserbak katalogo bidez egiteko, Koldo Mitxelenaren webguneko bazkideen atalera sartuz; baina telefonoz ere egin daiteke, 943 11 27 93 zenbakira deituta. Sarrerako gunean ere erreserbatu daitezke liburuak, informazio-mahaia jarriko baitute horretarako.

Ekainaren erdialdera arte, beraz, ezohiko funtzionamenduarekin bada ere, Donostiako erreferentziazko liburutegiak zerbitzuaren parte bat berreskuratuko du. Jende pilaketak saihesteko, erreserbatutako liburuak prest dauzkatenean SMS bidez abisua pasako diete erabiltzaileei, beren eskaeraren bila pasa daitezen eta 72 orduko tartea izango dute horretarako. Koldo Mitxelenara poltsa batekin edo mailegatutako materialak eramateko lagungarria izango den zerbaitekin joateko gomendatu dute.

Gauzak asko aldatuko dira, ondo bidean, ekainaren 15etik aurrera: “Liburutegiaren zati handi batetik zirkulatu ahal izango da, eta, beraz, ohiko maileguari berrekingo zaio”, azaldu dute Koldo Mitxelenako arduradunek. Hori bai, oraingoz, dokumentuak itzultzeko eta maileguan hartzeko zerbitzuak baino ez dira hasiko. Beste zerbitzuak noiz eta nola joango diren gehitzen aurrerago iragarriko dutela esan dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: KMK Kulturunea
Frantxis Lopez KMK-ko zuzendari ohia
"Merkatuak ezin du irentsi literatura aldizkari bat euskaraz, baina euskal kulturak behar du"

20 urtez, Koldo Mitxelena Kulturuneko zuzendari aritu da Frantxis Lopez Landatxe (Donostia, 1953). Pasa den abenduan utzi zuen postua, nahiz eta ibili, badabilen oraindik, han eta hemen. Anekdota adierazgarri bat: hizketan aritu garen ordubetean, bost lagunek eten digute haria,... [+]


Eguneraketa berriak daude