Herritarren boteretzearen kronika amaitu gabea

  • Hala Bedi, La Directa, ARGIA: hiru komunikabide independiente bildu ziren maiatzaren 5ean Gasteizen. Aitzakia, ARGIAren mendeurreneko ospakizunak; tokia, Hala Bediren lokal berria; zitaren xedea, prozesu katalanaz ikastea La Directako Jesus Rodriguez kazetariaren eskutik. Hamarnaka pertsonek entzun zituzten Rodriguezen hausnarketak, katalanez edo euskarara itzuliak, Maria Coleraren, Itzulipurdika kolektiboaren eta EHNE sindikatuaren laguntzari esker.


2019ko apirilaren 09an - 06:54
Jesus Rodriguez Kataluniari buruzko hitzaldia ematen, ondoan Hala Bediko Igor Goikolea duela. Argazkia: Dospordos.

Mamitsu joan zen Rodriguezen hitzaldia, Kataluniako egoera politikoa ulertzeko gako ugari bota zuen kazetariak. Saioaren aurretik ARGIAk egindako elkarrizketan jorratutakoak batzuk –ikus ARGIAren 2.639. zenbakia–, baina baita berri asko ere. Azken horietan zentratuko gara, nagusiki.

Iragan hurbilari denbora dezente eskaini zion Rodriguezek, orainaldi “hain konplexua eta ertz askotarikoa” ulertzea helburu. Prozesua ulertzeko, prozesuak aztertu beharra azpimarratuz hasi zen: “Gutxienez bi prozesu izan ziren: Batak lotura du autodeterminazioarekin, besteak jendarte eraldaketarekin eta aberastasunen banaketarekin”. Batean zein bestean, ordea, oinarri bera: boteretze herritarra. Lehenagotik ere politizatu eta antolatutako geruzena, baina, batez ere, ordura arte edo trantsizioaz geroztik inongo ekimen soziopolitikoetan parte hartu gabeak ziren pertsonena.

"Katalunian M15 mugimendua oso indartsua, jendetsua eta transbertsala izan zen. Goi burgesian kezka eragin zuen eta Masen mezua izan zen: 'Hemen nago birbideratzeko'"

Autodeterminazioaren errailean, herri kontsultak izan ziren ahalduntzerako estreinako erremintak. Arenys de Munt herrixkakoa izan zen lehena. Justizia espainolak udaletxeari antolatzeko eskubidea debekatu, eta herritarrek hartu zuten ardura. “Lehen kontsulta hura olio tanta baten gisara hedatu zen, herritarrak izanik beti oinarria. Belaunaldi ezberdinak elkarlanean hasi ziren”. Uhina 2011ko Bartzelonako kontsultarekin amaitu zen. Hilabete eskasera jarri zen abian bigarren erraila, kasu honetan olio tanta lez baino, eztanda moduan piztu zena: Kataluniako M15a. “Euskal Herrian ez bezala Katalunian oso indartsua, jendetsua eta transbertsala izan zen. 300 herri batzarretik gora, gehienak kanpaldiekin, autoantolakuntza prozesu zenbakaitzekin”. Bi errail horietarik bakarrean zebiltzan herritar eta antolakunde ugari, baina beste asko bietan aldi berean.

"Mugimendu sozialak monitorizazio eta kontrola egitetik, erabakiguneetan parte izatera pasatu ziren"

2012an, kaleak herritarrez beteak zeuden. Egoerak goi burgesian kezka eragin zuela azaldu zuen Rodriguezek. Horren adierazletzat du Artur Masek Kataluniako enpresaburuekin orduan eginiko bilera: “Masen mezua izan zen: zuek ez kezkatu, ni hemen nago mugimendu hau birbideratzeko”. Ez zuen agindutakoa erdietsi, ordea. 2012tik aurrera, Omnium Cultural eta ANC buru, “herri eragileek gobernari politikoei pultsua botatzeko jarrera eta gaitasuna erakutsi zuten”. Eragileek are pisu handiagoa hartu zuten CUPek Mas “historiaren zaborrontzira bota zuenean, beste une gako bat”. Izan ere, Puigdemont buru zuen gobernuarekin “mugimendu sozialak, boterearen monitorizazio eta kontrola egitetik, erabakiguneetan sartzera pasa ziren. ANC eta Omnium jada ez ziren gonbidatuak, zuzendaritzan sartu ziren”.

Jesus Rodriguez: "CUPek Mas 'historiaren zakarrontzira botatzea' beste une gako bat izan zen". Argazkia: Dospordos.
2017ko urria: une fundatzailea eta bere mugak
"Herritarrek jaso zuten kontsignen arabera jokatu balute erreferendumean, oso bestelako agertokia izango genuke. Seguruenik, irtenbide paktatua erreferendumaren ostean. Baina haustura egon zen, izugarrizko inpaktu emozionala, eta orain oso zaila da marko horretatik irtetea"

“Gertatuko zena eta egingo zena jendearen eskuetan zegoen eta ez gobernuarenean edo erakundeenean. Uste hori zabalduz zihoan”, azaldu zuen La Directako kazetariak. Boteretze horrek azaltzen du urriaren 1ean gertatutakoa: “Erreferenduma gehiengo berri baten fundazio unea izan zen. Gehiengo batek erabaki zuen haien tutoreetatik independizatzea”. Aurreko ahalduntze prozesuak egun hartako desobedientzia ariketa masiboan haragitzeak, ordea, ez du esan nahi emaitza posible bakarra hori zenik. Bilakaera bestelakoa ere izan zitekeen: “Debekuaren aurrean ANC eta Omniumen kontsigna izan zen eskoletan ilarak osatu eta argazkiak ateratzea. Baina jendeak horrez gain eskolak okupatu eta herri harresiak antolatu zituen. Ñabardura oso adierazgarria: jendartearen zati handi batek ulertu zuen haiek zirela giltza. Guztiek jasotako kontsignen arabera jokatu balute oso bestelako agertokia izango genuke. Seguruenik, irtenbide paktatua erreferendumaren ostean. Baina haustura egon zen, izugarrizko inpaktu emozionala, eta orain oso zaila da marko horretatik irtetea”.

Gerta zitekeen ere herritarrek beldurrari men egitea. Hori zen Estatuaren estrategia, goizetik interbentzio bortitzak puntu estrategiko mediatikoenetan kontzentratu zituenean. Poliziaren bortizkeriaren amaiera nazioartetik jasotako deiek ekarri zutenaren ustea “espekulazio hutsa” da Rodriguezen ustetan. Epaiketa ezberdinetako dokumentu polizialen irakurketek bestelako ondorioa uzten dutela adierazi zuen: “Kalean zegoen jende kopuruaren handiak eta unitate polizialen higadurak eginarazi zien atzera. Estatuko eraikin ofizialak eta itsasontziak babestera egin zuten”.

Urriaren lehen egunetan ez, baina ondoren bai izan zen emankorra beldurraren estrategia, Rodriguezen hitzetan. “Mehatxua etengabea izan zen: adierazpen politikoak, ustezko interbentzio planen filtrazioa hedabideetara eta beste. Horrek blokeoa ekarri zuen, erakundeetan baina baita jendartearen zati batean ere. Fokua gero eta gehiago agintari politikoengan zentratu zen, jendeari 27an etxean geratzeko deia egin zitzaion... Orduz geroztik egindako urrats guztiak mehatxu horren pean ulertu behar dira”.

Guardia Zibil durangar bat eskuin mutur katalana antolatzen

Indarkeriaren eta mehatxuaren beste ildo bat eskuin muturraren eskuetan geratu zen. Ohikoak bilakatu ziren espainolisten eta talde txikien ekintzak, kaleko eta udaletxeetako sinboloen edota pertsonen aurka. “Gu talde horiek ikertzen saiatu gara. Talde txikiak dira, pertsona gehienak iraganeko eskuin muturreko antolakunde marjinaletatik datoz. Katalunian gehienez ere 300-400 pertsona izango dira. Baina finantziazio handia jaso dute, gehien bat VOXen eskutik”.

Jose Manuel Opazo Durangon jaiotako Guardia Zibila aritu da eskuin muturreko taldeak finantzatzen

Sustatzaile garrantzitsuenen artean, Durangon jaiotako eta bertan Guardia Zibil aritutako Jose Manuel Opazo seinalatu zuen Rodriguezek. Erakunde militarra utzi, eta 80ko hamarkadan Suitzara mugitu zen Opazo. “Han eraikuntza enpresa batzuk sortu zituen, batek lotura zuen Rodrigo Ratorekin”. Erreferendumaren garaian Katalunian agertu zen Opazo: “Talde horiekin biltzen hasi zen, VOXen sartu zitezen eta haien ekintzak koordinatu eta finantzatzeko. Ez dakigu bere enpresetako diru propioarekin edo VOXek jaso duenarekin”.

Taldeek ekintza ugari egiten zituzten, Espainiako telebistetako kamerak ondoan zituztela beti, errealitate mediatiko bat sortuz. VOXek baino gehiago, Ciudadanosek jasotzen duen uzta, “baina funtzionalak dira elkarrekiko, ontzi komunikatu bezala funtzionatzen dute”. Estatuak gatazka soziala irudikatu eta sustatu nahi du independentismoa indargabetzeko. “Badago tentsioa, ez dago konfrontaziorik eta ez du lortu hori egoterik. Garrantzitsua da etengabe errepikatzen duten mantra hori ezeztatzea”.

Denborak aurrera egin ahala, konfrontazioaren estrategiak bumeran efektua sortzen ari duela uste du Rodriguezek. “Haien zenbait bozkatzaile ikusten doaz, Ciudadanos berak salatzen duen konfrontazio hori ari dela sustatzen. Inkestetan pixkanaka behera doa, Alderdi Sozialistaren mesedetan”.

Jesús Rodríguez: “Indarkeria erabiltzen duten eskuin muturreko taldeak ikertzen saiatu gara. Talde txikiak dira, Katalunian gehienez ere 300-400 pertsona izango dira. Baina finantziazio handia jaso dute, gehien bat VOXen eskutik”. Argazkiak: Dospordos.
Aurrera begira, ziurgabetasuna nagusi

Etorkizun hurbila definitzeko, ziurgabetasuna erabili zuen Rodriguezek: aldagai erabakigarri asko mahaigainean, eta guztiak definitzeke.

Espainiako hauteskundeen ostean 155 gogorragoa aplikatuko balitz zer? "sektore zabalek ez dute uste aurreko pasibotasunarekin jokatu behar denik"

Espainiako hauteskundeek zer esan handia izango dute. PP-Ciudadanos-VOX gobernu batek 155 gordina lekarke; PSOE-Ciudadanos batek 155 “malguagoa” baina edonola ere aurrekoa baino sakonagoa eta denboran luzeagoa. Batek zein besteak agertokia astinduko luke, aurreko 155a “maila batean onartua” izan bazen ere, beste baten aurrean “sektore zabalek” ez baitute uste, “orduko pasibotasunarekin jokatu behar denik”. Oraingo egoera urte batzuez luzatzeko aukera bakarra Cridak eta ERCk gobernua Sanchezi ematea litzateke, “beste edozein agertokietan urte amaiera mugitua eta intentsua” aurreikusi zuen Rodriguezek.

Kataluniako hauteskundeak aurreratuko direnik ez du uste kazetariak. Cridak eta ERCk CUPek aurreko legegintzaldiko ordezkaritza berreskuratu eta erabakigarriak izateari “ikara” diotela esan zuen: “Nahiago dute oraingo gobernagarritasun ezegonkorra luzatu”. Indar independentisten arteko mesfidantza handia baita. Baina agenda sozialak zentralitatea irabazi du Katalunian –etxegabetzeek, eredu energetikoak, kostaldeko hirigintza basatiak...– eta ondorioz mesfidantza horietan “pisu gehiago du egun eredu sozialak, bide orri independentistak baino”.

"Polizia Nazionalak, Guardia Zibilak eta fiskaltzak interesn handia dute 18/98 katalan bat abiatzeko"

Errepresioaren aldagaiak izango du ere zeresanik. Goreneko epaiak eragina izango duela onartuta ere –urteetako zigorrak segurutzat eman zituen–, begirada zabalago baten beharra agertu zuen Rodriguezek. Orain artekoa errepresioaren lehenengo fase bat litzateke haren hitzetan. Bigarren fase bat filtratu zen iazko apirilean, PSOEk gobernua hartzeak momentuz gelditu duena. “Baina Polizia Nazionalak, Guardia Zibilak eta fiskaltzak interes handia dute 18/98 katalan bat abiatzeko: Omnium, CDRak, ANC, Arran... ikusiko dugu zer gertatzen den hurrengo hilabeteetan”.

Ezusteko pozgarrietarako aukerak zabal-zabalik

Analisi hotzak ezkortasunaren alde egiten duela ematen zuen. Ordura arte osatutako argazkiari, alderdi independentista nagusien jarrera gehitu zion Rodriguezek amaiera aldera: “Irudipena dut nolabaiteko impasse eta porrot arteko fase hau onartu dutela”. Baina itxuraz litekeenaren muga sendoak direnak edozein momentutan gainezkatuak izateko aukera ere zabalik utzi zuen. Ezustekoak ekarri ditzaketen gertakariak piztu daitezke: “Hori izan da hain zuzen ere prozesu honetan askotan gertatu dena: egitekorik ez zegoela ematen zuen bakoitzean beti agertu da aktoreren bat, proposamenen bat egoera desblokeatu eta urrats berrietarako aukera zabaldu duena”.

Urteotako procésa boteretze ariketa herritar luze baten moduan azaldu zuen Jesus Rodriguezek hitzaldiaren hasieran. Ahulduta egonagatik ere, “oraindik ere urriaren 1ean desobeditzen ikasi zuten ehunka milaka herritarrak hor daude”, bizirik dira pilatutako ahalmenak. Horrek egiten du ezinezko procésaren kronika itxitzat ematea.

 

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


'La Directa' babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: "Kazetaritza ez da terrorismoa"

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere "terrorismoagatik" inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Eguneraketa berriak daude