"Gure haurra bizirik lapurtu bazuten, bizimodu ona eraman izana espero dut"

  • Gipuzkoako Audientzia Probintzialak lehen aldiz haur lapurtuen inguruko kasu bat irekitzea hobetsi du: Carlota Dominguezen gurasoei kendu zieten haurraren kasua, hain zuzen ere.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2017ko otsailaren 10an - 09:48

1963ko martxoaren 2an jaio zen Juana eta Joseren lehenengo haurra Donostiako Arantzazuko Ama ospitalean, baina haur hori ez zen inoiz beraien besoetara iritsi. Hala, duela 6 urte, Carlota Dominguezek ikerketa bat hasi zuen bere gurasoei lapurtutako haur haren inguruko benetako istorioa ezagutzeko asmoarekin. 

2011n hasitako ikerketa hura, hurrengo urtean artxibatu egin zizueten.

Oso azkar itxi ziguten bai, 2012ko abuztu bukaera edo irail hasieran. Gure ustez ikerketa oso eskasa izan zen. Lehenengo instantziako epaitegiak artxibatu zuen kasua ia inongo ikerketarik egin eta deklaraziorik hartu gabe. Beraz, orain, Gipuzkoako Audientzia Probintzialak kasua irekitzea garaipen handia da guretzat.

Zer moduz aurkitzen zara albiste honen ondoren?

Asteartean jaso nuen berria eta, egia esan, oraindik ez dugu guztiz asimilatu. Kalean nengoen abokatuak deitu zidanean. Lehenik, Guillermo Peña nire abokatuak pare bat aldiz errepikatzea behar izan nuen, eta bigarrenik, barruan nuen emozio eta sentimendu guztiak askatzeko libertatea hartu nuen. Negarrez hasi nintzen, baina pozik nengoen. Nire gurasoengan pentsatu nuen, eta baita jaio zen haur harengan ere. Gure haurra zen, eta inork ezin izan zuen ez ikusi, ez besarkatu, ez musukatu.

Zer moduz hartu zuten berria gurasoek?

Egun Caceresen bizi dira. Negarrez nengoen deitu nienean, eta ondorioz nire ama oso urduri jarri zen. Esan nion lasai egoteko, negarrez nengoela baina pozik egoteko momentua zela. Aitari pasa zion telefonoa. Bera lasaiago aurkitzen zen eta dena kontatu nion. Aitak asko sufritu du, ume hura lortzeko gehiago ez egitearen errudun sentitzen da. Behin eta berriz esaten diogu errudun ez sentitzeko, ezin zezakeen ezer egin. Gero ama jarri zen berriro. Lasaiago zegoen, dena kontatu nion eta bera ere negarrez hasi zen. Barruan zuen guztia hustutzeko beharra zuen.

Kasua irekitzea aho betez onartu du Audientzia Probintzialak.

Oso pozik gaude. Itxura denez, kasu bat irekitzeko bi epaileren baiezkoa behar da. Berdinketaren kasuan, hirugarrengo batek ematen du iritzia. Gure kasuan ez zen beharrik izan, aho batez hartu baitzuten erabakia. Ez dakigu oraingo ikerketa honekin noraino iritsiko garen, baina ikertzen uzten digute eta aurrerapauso handia da hori. Lekuko garrantzitsu bat dugu, eta gure iritziz, lehenengo aldia da duintasunarekin eta biktima moduan tratatzen gaituztela.

Gainerako biktimentzat ere erabaki hau oso baliagarria izango da, ezta?

Bai, jakina. Beraientzat ere albiste pozgarria izan da. Ez bakarrik hemengo biktimentzat, Espainia osoko biktimentzat bultzada handia izan da. Zorion deiak jaso ditugu hainbat tokitatik: Madril, Kordoba, Sevilla, Valentzia, Bartzelona... Jendea oso desanimatuta zegoen. Urte askotako lana da, eta aurrerapausoak emateko aukerarik gabe.

Umea jaio zela badakizue. Zer gertatu zen?

Ama asteazken batean joan zen ospitalera eta haurra larunbat goizean jaio zen. Gela isolatu batean sartu zuten. Gela txikia eta iluna zen, eta ez zioten bisitarik izaten uzten. Soilik aita sartzen zen eta bakarrik bost minutu egoten uzten zioten. Zerbait gaizki zihoala eta, aitari umea eta amaren artean aukeratzeko esan zioten, soilik bietako bat aterako zela bizirik. Baina egin ditugun ikerketen arabera, badakigu umea bizirik jaio zela, arnasa hartu zuela eta begian tanta batzuk bota zizkiotela. Gainera umearen eta amaren osasun txostenak ditugu, eta dena ongi zegoela ere badakigu.

Kontraesanak baina asko dira.

Bai. Dokumentu batean umea erditzean hil zela aipatzen da, eta beste batean berriz jaio zen arratsalde hartan tenperatura hartu ziotela eta osasuntsu zegoela. Aitari hil egin zela esan zioten, baina ez zien inoiz haurra erakutsi. Ospitaleko lorategian lurperatu zutela aipatu zioten. Lasai egoteko, guztiaz beraiek arduratzen zirela ere esan zioten. Aitak egunak pasa zituen lorategi haren bila...

Beste dokumentu batean berriz, Polloeko hilerrian lurperatu zutela esaten da.

Jaio eta sei egunetara. Jende ezezagunek eraman zuten hara. Dokumentu horretan hilerriko 3. lerroan, 11. lekuan eta bigarren zenbakian ehortzi zutela jartzen du, hilobi komun batean. Gaur egun, hilobi haien arrastorik ez da geratzen. Leku horretan errausketa-labea dago.

Zein garapen izango du hemendik aurrera prozesuak?

Nire abokatuak beharrezkoak ikusten dituen lekukoak deklaratzera deituko ditu. Horietako bat oso garrantzitsua da, gainera. Eta horretaz gain, ditugun probak, liburuak, dokumentuak... aurkezteko aukera izango dugu.

Ez dakigu noiz hasiko garen prozesuarekin, nik ez ditut denborak markatzen. Abokatuaren esku uzten dut. Konfiantza osoa dut berarengan, badakit nola hartu duen kasua eta nola garatzen ari den eta begira zer lortu duen. Egiara, duintasunera doan bidea da. Guraso eta biktima horien duintasunera. Asko sufritu dute eta bide berri hau argia izan dadila espero dut.

Egia guztion artean eraikitzea nahi dut, eta horretarako jende zintzo eta ausart gehiago agertzea da nire nahia. Ume asko daude desagertuak, lurperatu gabe... Errealitate bat da. Eta ezin gara ahaztu Espainia, Kanbodiaren atzetik, desagertu gehien dituen herrialdea dela.

Zer ikasi duzu bide honetan?

Bide zailak gogorrak direla, baina aurrerapauso txikienak ere atseginak eta pozgarriak direla. Gainera, norberaren esfortzua beste batzuei baliagarri egiten zaie. Horrek bete egiten zaitu, nolabait, duinagoa bihurtu.

Proba berriak aurkezteko moduan zara.

Bai, proba berriak lortu ditut. Ikertzen jarraitu dut, ez naiz gelditu urte guzti hauetan. Deskantsuak hartu izan ditut, hala ere. Aste batzuetan edo hilabete batzuetan gelditu egin behar izan dut oso gogorra egiten zitzaidalako. Baina geldialdi hori indarra hartzeko izaten zen. Nire bide propioa aurkitu dut, nire ondoan nahi nituen pertsonak aurkitu ditut, nire lekua aurkitu behar izan dut, asko irakurri dut, hemeroteketan bilatu... Nire gurasoek hau guztia merezi dute. Ez nuen uste hau guztia egiteko indarrik izango nuenik, eta oraindik sinistu gabe nago, baina nik maite ditudan pertsonek ondo egin dudala esaten didatenean, lasai eta gustura sentitzen naiz. Familia elkartua gara, umilak, eta horrela hezi gaituzte nire lau anai-arrebei eta niri.

Kasua artxibatu zenean, nolabait justiziarekin haserre zinela adierazi zenuen. Nola sentitzen zara orain?

Adiskidetzeko nahian nago momentu honetan. Kolpe asko izan dira eta arduratsu jokatu nahi dut. Baina Audientzia Probintzialean erakutsi duten sendotasuna ikusita, adiskidetasunerantz pauso bat izan da. Nire azken agerraldi publikoetan justiziarekin konfiantza galdu nuela esan nuen, baina berreskuratu nahi dut, jakina.

Zerk mugitzen zaitu?

Egiak. Gure familiaren borroka egia jakitea besterik ez da. Nire familiari eta niri ez gaitu ez gorrotoak, ez diruak ez eta mendeku goseak mugitzen. Gure haur horregatik eta gurasoengatik egiten dugu, beraiek bakarrik baitakite zer pasa zuten.

Egia jakiteak beldurra ematen dizu?

Gure haurra bizirik lapurtu bazuten, bizimodu ona eraman izana espero dut. Gainera, nire desioetako bat da, nahiz eta beste familia batean hazi eta hezi den, berari iristea bere gurasoek eta anai-arrebek maite dugula. Eta hilik lapurtu bazuten, nik ez dut barkatuko. Bizirik lapurtzea, modu batean, barkatuko nuke baina bestea ez, horrek esanahi baitu izozkailu batean eduki zutela, eta gainera nire gurasoei haurra eman gabe.

Albiste hau Zumaiako Baleikek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Lapurtutako haurrak
"Administrazioak umeak lapurtu dizkigu"

Hainbat gurasoren garrasia da, minez eta amorruz betea: seme-alabak kendu dizkiela administrazioak, haiek behar bezala zaintzeko kapaz ez direla iritzita. Salatu dute arinkeriaz eta gehiegikeriaz jokatzen dutela teknikariek, txostenak puztuz eta desitxuratuz, bermerik ez duen... [+]


Eguneraketa berriak daude