Greba bi astez luzatuko dute Bilboko portuko zamaketariek

  • Bilboko Estiba enpresa eta portuko zamaketarien artean dagoen lan-gatazkak ez du amaierarik: langile batzordearen gehiengoak greba deialdia luzatu du bi astez, azaroaren 9ra arte. 


2020ko urriaren 21an - 11:16
Greba luzatzea erabaki dute Bilboko portuko zamaketariek.

Ez dago hartuemanik zamaketarien ordezkarien eta Bilbo Estiba osatzen duten enpresen artean, eta patronalaren jarrerari erantzuteko, greba deialdia bi astez luzatuko dela jakinarazi dute sindikatuek, langile batzordearen gehiengoaren babesarekin –sektoreko sindikatu guztiak ELA izan ezik, zentral sindikal honek bere deialdia egin baitu baldintza beretan–. 

Hamaika egun daramatzate greban dagoeneko eta indarrean dagoen deialdia igandean bukatzen bazen ere, zamaketariek azaroaren 9ra arte luzatuko dutela jakinarazi dute. Aurreko greba egunetan, bi orduko lanuzteak edo txanda osoko lanuzteak tartekatu dituzte. Protesta berrian aldiz, egun bakoitzeko txandak dituen orduen erdiak egingo dituzte. Grebaren helburu nagusia langile finkoen enplegua bermatu eta aldi baterako langileen baldintzak hobetzea da. 

Langile guztiek, bai Bilboestibako lan kontratu mugagabea dutenek, bai Randstadeko lan poltsako aldi baterako langileek, batasuna, elkartasuna eta atxikimendua erakutsi dute grebarekin, sektorean deitutako lanuzte guztiekin bat eginez. Salatu dutenez, enpresek errepresaliak hartu dituzte aldi baterako langileen aurka haiek kontratatzeari utziz. Horrek esan nahi du behin-behineko 100 zamaketari baino gehiago kaleratu dituztela. Zamaketari horiek azken 12 urteetan 130 txanda inguru egin dituzte urtean, batez beste.

Egun oraindik ez dago bilerarik aurreikusita zamaketarien ordezkarien eta Bilboko Estiba enpresaren artean. UGTko ordezkari Israel Ruizek Berria egunkarian adierazi duenez, enpresak Lan Harremanen Kontseilura (LHK) jo du baina beraiek ez dute oraingoz deirik jaso. Mobilizazioen bidez zamaketariek salatu nahi dute lan-hitzarmena "behin eta berriro ez betetzea" atseden egunei eta langileak kontratatzeari dagokionez; behin-behinekotasunaren igoera, bereziki azken bi hilabeteetan; makineriaren baldintza txarrak eta Portuko Enplegu Zentroa "desegiteko etengabeko mehatxua".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zamaketariak borrokan
2017-06-15 | Aiaraldea
Txema Landeta (zamaketaria)
"Portuaren heriotza ekidin behar dugu zamaketariok"

Txema Landeta Largo (Lutxana, 1962) Arrankudiaga-Zollon bizi da. 16 urte zituenean hasi zen portuan lan egiten, mekaniko gisa hasieran eta zamaketari moduan gero. 48 orduko grebari ekin zioten asteazkenean Espainiako Estatu guztiko zamaketariek. Bizi duten egoeraren inguruan... [+]


2017-06-14 | Xalba Ramirez
zamaketarien dekretuaren ostean
Bilboko portuko edukiontzien terminala multinazional txinatar batek erosi du

Cosco Shipping Ports Hong Kongeko multinazionalak, espainiar estatuko portuen edukiontzien jabe den enpresaren %51 erosi du.


Zamaketariek greba atzera bota dute beste behin, negoziazioei leku egiteko

Espainiako Estatuko zamaketarien lanuzteak maiatzaren 23an ziren hastekoak, baina lehen bost greba egunak bertan behera utzi dituzte sindikatuek eta patronalak adostutako aurre-akordioa dela eta.


Zamaketariek EAJri aurpegiratu diote haiek kaleratu nahi izatea

Bilbo eta Pasaiako zamaketariek protesta egin dute Bilboko portuan eta EAJri aurpegiratu diote “langileen aldarrikapen zilegiekin negozioa egin nahi izatea”; zamaketaren liberalizazioaren alde bozkatu zuen EAJk Espainiako Kongresuan.


PPk, EAJk eta UPNk porrot historikoa jasan dute, zamaketarien lege dekretuak ezetza jasota

Espainiako Gobernuak atzera bota du lortu zamaketa sektorea liberalizatzea helburu zuen legea, Kongresuaren ezezkoa jaso ondoren. Porrot historikoa izan da, 1979tik ez baitzen errege dekretu bat atzera botatzen. Zamaketariek greba deialdia ezeztatu dute.


Eguneraketa berriak daude