Gose greban 24 egun daramatzaten Sevilla II kartzelako zortzi euskal presoek 12-13 kilo galdu dituzte batez beste, haien hurbilekoek jakinarazi dutenez.
Urriaren 28an hasitako gose grebari heltzen dioten presoak dira: Iker Agirre, Gurutz Agirresarobe, Koldo Aparicio, Asier Arzalluz, Juan Mari Etxebarri, Jesus Goikoetxea, Juan Lorenzo Lasa eta Roberto Lebrero.
Garikoitz Etxeberriak greba utzi behar izan du, osasun arazoek bultzatuta, Urtzi Paulek eta Manu Gonzálezek aurrez egin bezala. Beste protesta mota batzuk mantenduko dituzte hiruek, txapeoak adibidez.
Etxeratek gogorarazi duenez, Sevillako espetxean "aspalditik bizi duten tentsio egoera gogorra" salatzeko daude presoak gose greban. "Euskal preso politikoak espetxe honetara eraman zituztenetik, muturreko bizi-baldintzak jasaten dituzte: beti isolamenduko moduluan izaten dituzte; ez diete inolako aktibitaterik egiten uzten; patiora irteterakoan metal detektagailutik igaro arazteaz gain, ukimenezko miaketa egiten dizkiete gorputz osotik, noiznahi barrabilak edo zakila ukitzera helduz, tentsio une handiak bizi dituzte; Arkaitz Bellon euskal preso politikoak jipoia jasan zuen; aurrez aurreko bisitetatik bueltan miaketa integralak (osoki biluztera behartuz) egin izan dizkiete; eta abar luze bat".