"Garapenerako laguntzen forma hartu du kolonialismoak"

  • Emakumeen Mundu Martxaren V. ediziotik tiraka, Bergarako Martxanterak taldea hainbat gai lantzen ari dira azarotik martxora bitartean. Migrazioen kudeaketa Europa gotorlekuan hitzaldia eskaini zuen Kartzela Zaharrean, Cecilia Themmek (Lima, 1967), Emakume Migratu eta Arrazializatuen Euskal Herriko Sareko kideak.


2020ko azaroaren 27an - 10:10
Cecilia Themme, emakume migratu eta arrazializatuen sareko kidea. Argazkia: Goiena

2016an sortu zenuten Euskal herriko emakume arrazializatu eta migratuen sarea; zer helbururekin abiatu zenuten?

Kolektibo ez misto bat gara, Euskal Herrian bizi diren emakume arrazializatu eta migratuek soilik osatzen duguna, Euskal Herrian bizi dugun egoeraz hausnartzeko asmoz. Proposamena gure arbasoen ondarearekin jarraitzea da; hau da, arrazakeriaren, kolonizazioaren eta pairatzen dugun ordena patriarkalaren aurka borrokatuko den feminismoa eraikitzen joatea.

Kolonialismoa pairatzen duten emakumeen ahotsa entzutearen garrantzia azpimarratu izan duzue...

Beharrezkoa ikusten genuen gure artean sareak sortzea, geure kontuez hitz egitea, guri eragiten digutenez, sistema kolonial, arrazista, kapitalista eta heteropatriarkalaren baitan beste gorputz batzuek bizi dituztenen bestelakoak direlako. Baita gure narratiba propioak guk geuk eraikitzeko beharra ere, bitartekaririk gabe. Adibidez, emakume migratuez hitz egin behar badugu, gu geu izatea hitza eta protagonismoa hartzen dugunak, eztabaidatzea eta argudio horiek guztiak jartzea mahai gainean.

Hitzaldira etorrita, zergatik Europa gotorlekua?

Europa, iparraldeko herrialde asko moduan, itxita dago, migratzeko eskubidea batzuentzat bakarrik utziz, eta ez guztientzat, hala, giza eskubideak urratuz. Kolonialismoak indarrean jarraitzen du; lehen, itsasontziak erabiltzen ziren, eta, orain, modernitatea, nazioarteko enpresak eta garapenerako laguntzen forma hartu du. Mugak altxatzen dira pertsonentzat, baina ez lehengai eta merkantzientzat. Etengabeko harrapaketa eta pobretze horrek sortzen ditu migrazioak. Diskurtso hegemonikoaren atzean ordena sozial bat dago, arrazazkoa. Estraktibismo horrek milaka pertsona migratzera behartzen ditu; asko migratu nahi ez duten pertsonak izaten dira, euren burua horretara behartuta ikusten dutenak. Gorputz batzuk horrela ere heriotzara kondenatuta daude; nekropolitikei esker, heriotzaren politika horiek hainbat pertsona hiltzera kondenatzen dituzte. Horren adibide da egun dugun hobi komun handienetako bat, Mediterraneoa. Hala, Europa gotorlekua pertsonentzat itxita egotea, eta ez merkataritzarako indarrean dagoen sistema kolonialaren ondoriotzat ulertu behar da egungo testuinguruan.

Zer dakar Europako estatuentzat itxiera horrek?

Espainiako Estatuaren kasuan, esaterako, migrazio-politikaren kontrola industria handi bilakatu da. Por Causa fundazioaren datuen arabera, 2014tik 2019ra bitartean Espainiako Gobernuak 1.600 kontratu publiko baino gehiagoren bidez 164 milioi euro esleitu zizkien migrazioa kontrolatzeko enpresei; gehienak lehiaketa publiko gabe esleituak, gainera.

Nola egin aurre diskurtso hegemoniko eta kolonialismo horri?

Pertsona arrazializatu eta migratuak askotarikoak gara gure borroketan; hortaz, askotariko erresistentziak sortzen dira, narratiba bera bezala. Nire kolektiboaren kasuan, gauzak dekolonialitatearen paradigmatik ikusteak zentzua ematen dio gertatzen den guztiari, baita errealitatea lerro jarraitu gisa ez ulertzeak. Guretzat lerroak zirkularrak dira, nondik gatozen eta norantz goazen finkatuz.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude