Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ukatu egin zion etxera gerturatua izateko eskaria Fraileri. Erabaki hori bidekotzat jo du Estrasburgoko Auzitegiak.
Gorka Fraile euskal presoak durangarrak 2016an eskatu zuen Euskal Herriratzea, bere familiarengandik gertuago egoteko. Badajozen, etxetik 700 kilometrora preso egondako tartean senideek bisitarik ezin izan ziotela egin adierazi zuen Frailek.
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, ordea, atzera bota zion babes helegitea, sakabanaketak presoaren eskubiderik urratzen ez zuela argudiatuz. Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi berri duenez, erabaki hori zuzenbidearen araberakoa da eta Frailek "familia bizitzarako eskubidea" bermatua zuen. Auzitegiaren arabera, sakabanaketa ez da izan “desordena, delinkuentzia eta ingurukoen eskubideak eta askatasuna babesteko helburuarekiko neurrigabea”, azpimarratuz ETA ez zegoela deseginda Espainiak Fraile urruntzea erabaki zuenean, presoa erakundearekin eta borroka armatuarekin lotuz. Erabakia hartu duen epaimahaia zortzi epailek osatu dute, Maria Elosegi donostiarra tarteko.
Presoaren abokatu Iñaki Goioagak Berriari adierazi dionez, “helegitea aurkeztu zenetik hona erabat aldatu dira baldintza politikoak" eta "momentu honetan ez dauka oinarririk presoen urruntzea mantentzeak".
Fraile etxetik gertuago dago iaztik, zigorraren hiru laurdenak beteta Duesoko (Kantabria, Espainia) espetxera lekualdatu baitzuten.