Estitxu Eizagirre: "Zenbat balio du komunikabide bat zazpi lurraldetara iristeak?"

  • Estitxu Eizagirre ARGIAko zuzendariak sari banaketari ekin aurretik eman duen hitzaldia osorik:


2015eko urtarrilaren 30an - 11:45
Azken eguneraketa: 2015-02-02 11:19:29
Dani Blanco / ARGIA

Baloreen krisia aipatzen da sarri "krisi" deitzen zaion garai honi lotuta. Behar bada iritsi gara gauza bakoitzaren balioa balantzan jartzera, diruz larri ikusi dugunean gure burua, zeri eutsi eta zeri ez erabakitzeko. Eta sarri iritsiko ginen euskalgintzaren sorrerazko ondoriora: alegia, gauzen balioa neurtzeko ez direla unitate egokienak mundua mugitzen omen duten txanponak. Txanponetan neurtu izan bagenu beti gure ametsen balioa, hemen aurrean zaudeten hainbat proiektu ez ziren inoiz martxan jarriko.

Argian horixe egin dugu 2014an, gure balioak birdefinitu ditugu eta egiten dugun kazetaritza berriz kokatu dugu balio horietan: besteak beste lurraldetasuna, erabakitzeko eskubidea, euskaltzaletasuna, justizia soziala, parekidetasuna, giza eskubideak, jasangarritasuna, parte-hartzea, kulturaniztasuna... Gure ildo editoriala balioek markatzen dute, horrek esan nahi du ideologia edo alderdi ezberdineko jendeak bat egiten dugula balio hauetako bakoitzaren inguruan.

Guretzat beraz, "balio" hitzak aipatutako "balore" horiek esan nahi du. Aldiz, txanponetan edo audientzian neurtzen dugunean, "balio" hitzak beti esan nahi du "zenbat?".

Zenbat irakurle dituzu? zenbat harpidedun? zenbat bisita? zenbat klik? galdetzen zaio etengabe komunikazio proiektu bati. Zenbaki horiek bere horretan neurtuko balute bezala komunikazio proiektu baten balioa.

Zenbat, zenbat...

eta Euskararen iraupenerako? zenbat balio du euskarazko komunikabideetako harpidedun bakoitzak, zenbat? Durangoko azokan 80 urteko harpidedun batek esan zigun: "nik egunero irakurtzen ditut Berria, Jakin eta Argia". Ene, zer balio du horrelako irakurle bakoitzak?

eta zenbakiek beti dute balio bera? alegia, harpidedun bat harpidedun bat da, baina zer balio du Zuberoan dugun harpidedun bakan bakoitzak? zer balio du harpidedun berri bat Trebiñon egin izanak?

Eta Euskal Herria eraikitzerakoan, zer balio du komunikabide bat zazpi lurraldetara iristeak? zazpi lurraldeetako pertsonek albiste berak irakurtzeak, alegia, errealitate bat konpartitzeak? Nazio mailako hedabideak dira Euskal Herriaren imaginarioa egunero elikatzen dutenak, eta euskarazkoak dira Euskal Herri osoko herritarrek partekatu ditzaketen  bakarrak.

Eta bertako ekonomiara bagatoz? edo bertako langabezi tasetara? Gure enpresan ere egon da beharra kostuak murrizteko, eta batzarrean adostu genuen langileak gutxitu beharrean guztiok soldata bera edukitzea. Zer balio du krisi urteetan langile kopuruari eutsi izanak eta are gehiago langile bat gehiago kontratatu izanak?

Gurean kaleratu, kaleratu, Kike Amonarrizen "Azken Txorakikeriak" txiste liburua kaleratu dugu abenduan. Nola baloratu, 34 urtean astero astero Argian euskara umoreari lotzen Amonarrizek egin duen lana! Nola neurtu ez dakigu, baina txalo bero batekin eskertuko diogu, hementxe dago eta.

Eta kaleratu, baita ere, Argiako langileak eta irakurleak atera ginen kalera, hementxe Usurbilen, 22 urteren ostean, berriz berreskuratu baitugu Argia Eguna. Zer unitatetan neurtzen da bertan bildu ginen komunitateak sentitu genuen konexioa?

Kalean, herritarren artean, kazetari independenteen lanak balioa eta estimu handiagoa irabazi duela dirudi, informazioa boterea baita, noiz eta herritarrentzat exijentzia urgentea bihurtu denean sistemaren demokratizazioa eta gardentasuna. Prentsa askatasunaren aurkako erasoak etengabeak dira mundu zabalean, eta gurera etorrita, azpimarratu nahi genuke Iraitz Salegiren egoera: Salegi, iaz hemen saritu genuen Topatu.info proiektuko kazetaria da eta jarraipen informatibo bat egiteagatik soilik kartzelara joateko arriskuan da. Beraz, alde batetik prentsa askatasunaren estimua handia da, baina bestalde, kostua ere, ez da ez, txantxetakoa.

Kostuak kostu, ohartzen gara, bai, baliotsua bezain ezinbestekoa dela Euskal Herriaren berri munduan euskaldunok guk geuk komunikatzea. Horregatik jarri dugu martxan Argiaren ingelesezko edizioa, eta bertako bi artikulu Erresuma Batuko Open Democracy webgunean argitaratu dituzte gure lizentzia libreei esker.

Lizentzia libreei esker baita ere, sarean aurki daitekeen euskarazko ikus-entzunezkoen bilduma zabalena eskaintzen dugu.  1.700 bideo baino gehiago, mundu osoan doan ikusteko aukera. Zein litzateke, ohiko telebistaren prezioetan bilduma horren balioa?

Altxor bat daukagula patrikan. Horrela sentitzen gara euskalgintzako jendea askotan, ezta? esku artean dugun gauzen balioaz poz-pozik. Noski guztion nahia dela altxor hori ahalik gehien zabaltzea eta ekonomikoki zukua ateratzea. Baina altxorrari balioa norberak ematen dio, ez neurriak, ez zenbatekoak. Norberak egiten ditu altxor patrikako objektu batzuk eta ez besteak.

Argia, neurriz, harri txiki bat da. Ez mendi bat. Baina ai, harri-txintxar hori, hankapean dugunean! harrizko mendi hannnndi baten lilurak bezainbat mugiarazi gaitzake.

Argia harri txintxar bat da... Daviden patrikan. Davidek aurrean du Goliat (Goliat, bertako eta munduko handikiak, oligarkia) eta hor ari zaio Goliat, kolpe hilgarriak jotzen, herritarren gehiengo osoari azken tantara arte xurgatzeko dirua, baliabide naturalak, denbora, osasuna eta hezkuntzarako aukera, hitza eta erabakimena... eta gu Daviden patrikan kokatzen gara, herritar guzti-guztientzat bizitza duina, merezi duen bizitza  borrokatu dezan.

Harri koxkor bat da Argia, ez mendi bat. Beraz, ea apunteria fintzen dugun eta Daviden abaila (alegia, gure baliabide denak, webgunea, astekaria, Larrun, sare sozialak, bideoak...) trebe erabiltzen asmatzen dugun. Horiexek baitira Argia hainbeste urtean bizi-bizi mantendu duten galderak: ez hainbeste zenbat, zenbat, zenbat... baizik eta zer egin eta nolakoa.

Orain bai, 2014ko altxortzat dauzkagun komunikazio proiektuak sarituko ditugu. Ez diegu audientziaz ez diru kontuez galdetu, ba egia esan faktore horiek ez dutelako datu esanguratsurik aportatzen gure baloraziorako. Argiarentzat balio gorena izan duten proiektuak dira, Argia saria merezi dutenak, eta ojala Argia Sari horrek balio badie egiten duten lana jende gehiagorengana iritsi dadin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIA Sariak
Irauteko borroka egin dutenentzat

Negozioak eta interesak zapaltzaileen buruetan. Izan herri bat zapaltzeko, hizkuntza bat, kultura bat, memoria edo ingurumena. Dirua, sosa. Egoerarik makurrenetan ere, ordea, usu pizten da erresistentziaren su txikia, interesen gainetik duin bizi nahi duen jendearen mugimendua... [+]


Eguneraketa berriak daude