Errefuxiatuen krisia guztion ardura dela gogorarazi duen karabana

  • “Bi eratako mugak erauzi nahi ditugu: batetik, euskal gizarteak ezberdinak direnei ezartzen dizkion mugak. Adibidez, lana kenduko digutela uste dugulako. Gogoan izan behar dugu gu geu ere migratzaile ekonomikoak izan ginela eta zenbait lekutan besoak zabalik hartu gintuztela. Bestetik, muga fisikoak salatu nahi ditugu. Pertsonen zirkulazio askea eragozten dutenak”. Itziar Fernandez Mendizabalek horrela azaldu ditu Euskal Herriko Mugak Zabalduz ekimenak antolatutako errefuxiatuen aldeko karabanaren zioak. Antolatzaileetako bat da eta apirilaren 28tik 30era Euskal Herrian barrena ibili dira nazioarteko krisi handienetariko baten hainbat ertz salatzen.

Zierbenan giza-katea egin zuten, lotsaren harresiari begira

Apirilaren 28an Hendaian jarri zuten martxan karabana. 150 lagun inguru batu ziren lehen unetik ekimenera, baina beste hainbestek parte hartu zuten herriz herri eginiko ekitaldietan. Hendaiako Etorkinak Barneratzeko Zentroaren aurrean elkartu ziren karabanako kideak eta Ipar Euskal Herriko hainbat eragile, tartean Cimadeko kideak. Azken hau, Frantziako Estatuan errefuxiatuen eskubideen alde eta zentro hauen aurka diharduen GKE da. Aurretik, jada, zentro beraren aurkako ekintzak egin dira, ixteko asmotan.

Hendaiatik Irunerako bidean Santiago zubian egin zuen parada karabanak. Harresi moduko bat irudikatu zuten sare laranja baten bidez, bi estatuen arteko muga irudikatuz. Pertsonen zirkulazio askea aldarrikatzeko sarea moztu zuten. “Zer gertatzen da Hendaia eta Irun artean? Egunero-egunero bertatik pasatzen diren paperik gabeko pertsonak beraien jatorrizko herrialdera itzularazten dituzte”, azaldu du Fernandezek.

 

 

Irundik Andoainera abiatu ziren. Bertan, SAPA armagintza enpresaren aurrean protestak egin zituzten. Gerrak etxean hasten direla eta parte-hartze zuzena duen industria gurean dela gogoratuz. Harrera beroa jaso zuten Udalaren eta herritarren aldetik.

Gipuzkoa atzean utzi eta Nafarroara joan ziren. Ordu arte bezala, karabanak babes zabala jaso zuen Iruñean. Oraindik ere argitu gabe dagoen Elhadi Ndiaye senegaldarraren heriotza salatu zuten. 2016an Iruñeko polizia etxean hil zen. Udaletxe aurrean elkarretaratzea egin zuten.

Tutera-Gasteiz. Mendebaldearen ardura

Iruñean lo egin ostean, hegoalderantz abiatu ziren. Bardeak herriarentzat direla aldarrikatzea izan zen lehen zeregina. Bertako tiro poligonora eta gastu militarrera bideratzen den dirua gastu sozialentzat izatea eskatu zuten. Tuteran geldialdia egin zuten, En Marcha / En Acción Siriako errefuxiatu taldeak prestatutako bazkariaz gozatzeko.

 

 

Arratsalderako, hiru autobusak eta gainontzeko kideak Gasteizen ziren. Eskola segregazioak suposatzen duenaren inguruan hausnartu zuten, hezkuntza munduko eragileekin. Biharamunean, fokua Mendebaldeko herritarrongan jarri zuten, jatorri ezberdinetako herritarrekin jarrera zapaltzailea dugula ohartaraziz. Eusko Legebiltzarraren aurrean elkarretaratzea egin zuten eta EH Bilduko nahiz Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideek errefuxiatuen aldeko bandera eskegi zuten balkoietan.

Gasteiz-Bilbo-Zierbena. Lotsaren harresia eta armagintza industria

Gasteizetik Bilbora joan ziren. Azken eguna izanagatik ere, oraindik energiaz gainezka ziren parte-hartzaileak, Bilbo ingurukoa baitzen egun handia. Hileta-martxa egin zuten Plaza Biribiletik Atzerritarren Bulegoraino, Gobernu Zibiletik pasatuta. Etorkinen legearen ondorioz hildakoen hilotzak bulegoaren atean jarri zituzten. Jende andana bildu zen ibilbidean zehar eta migrazio politikaren aukako oihuak behin eta berriz haizatu zituzten.

Portugaleten bazkaldu ostean, Zierbenako portuan zuten hurrengo zita. Lau metroko harresi bat eraiki berri dute portuan, migratzaileak Erresuma Batura iristea ekiditeko. Hainbat saiakera eta hutsegiteren ostean, egun Zierbenako errefuxiatu kanpalekuan 40-50 gazte albaniar daude. Horietako batek kontatu du belauna apurtu zuela harresia gainditzeko saiakeretako batean. Karabanarekin albaniar ugarik bat egin zuten, gehienak 20-26 urte bitartekoak, eta Santurtzirainoko giza-katea osatu zuten lotsaren harresiari begira.

Pertsonen zirkulazio askea ekiditen den arren, armek ez dute harresirik Santurtziko Portutik Arabia Saudira iristeko. “Santurtzitik hilero armez betetako barku bat ateratzen da Arabia Saudira. Gure bonbak eta gure armak eramaten ditu eta zuzen-zuzenean doaz Yemengo gerrara”, azpimarratu zuen Itziar Fernandezek ekitaldi amaieran.

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errefuxiatu krisi globala
Migratzaileei sarrera gogortzeko ituna onartu du Europako Parlamentuak

Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]


2024-02-29 | Euskal Irratiak
Otsailean 600 migratzaile lagundu ditu Irungo Harrera Sareak

Migratzaileen kopurua anitz emendatu da Irun eta Hendaia arteko pasabidean. Irungo Harrera Sareak ohartarazi duenez, otsailean 600 pertsona lagundu dituzte, iaz, urte osoan 2.700 izan zirelarik. Iragan urtarrilean, 2.700 etorkin heldu dira Kanariar Uharteetara, egunero 80... [+]


Egunean hemezortzi migratzaile hil ziren bataz beste iaz Espainiako Estatura iristeko ahaleginetan

Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak “Monitoreo Derecho a la Vida” txostenaren edizio berrian egindako balantzea da: 6.618 hildako izan dira mendebaldeko Muga Euroafrikarrean; horien artean, 384 haur.


2023-09-29 | ARGIA
Frantziako Gobernuak Bidasoako muga ixtea ez dela zilegi berretsi du Europako Auzitegiak

Europako Justizia Auzitegiak (EBJA) erabakia hartu du mugako barne-kontrolak berrezartzeko Frantziako Gobernuaren politikari buruz. Bidasoaren mugan ohikoak diren zenbait praktika. hala nola muga igarotzeko debekuak eta berehalako itzulketak, ez direla legearen araberakoak... [+]


Hil gaitzazue

2021eko abuztuaren 15ean, talibanek Kabul mendean hartu zutenean, milaka afganiar ihes egiten saiatu ziren. Soilik hilabete hartan, 35.000 pertsona baino gehiagok zeharkatu zuten Pakistango muga, eta 2022. urtea hasi orduko 145.000 ziren beste aldean. Aldiz, gertakari horien... [+]


Eguneraketa berriak daude