Eroen aldarriak mahai gainean

  • Indarkeria psikiatrikoaz mintzatu dira Iruñeko Katakraken. Eromenaren despatologizazioa, saretzeko beharra eta eromenaren autogestioa aldarrikatu dituzte, besteak beste, 'Zapalkuntza psikiatrikoa eta eromenaren autogestioa' jardunaldietan.

'Zapalkuntza psikiatrikoa eta eromenaren autogestioa' jardunaldiak Iruñeko Katakraken. Argazkia: Zoe Martikorena.

2024ko martxoaren 11n - 12:15
Azken eguneraketa: 13:16

Sufrimendu psikosozialak lekua egin du Iruñean. Pertsona psikiatrizatuek, eroek –esanahi politikoz bete, eta bere egin duten iraina–, desgaitu psikosozialek, sistema psikiatrikotik bizirik atera direnek eta bestek, beren aldarri politikoak jarri dituzte mahai gainean, Katakraken, martxoaren 2an eta 3an egindako Zapalkuntza psikiatrikoa eta eromenaren autogestioa jardunaldietan. Xedea izan da, besteak beste, hausnartzea, saretzea eta sufrimendua politizatzea. 

Elisenda Tuneu i Tarrés eta Hug Roger Figuera Bibre izan dira jardunaldietako antolatzaile nagusiak. 2023. urtean, Judi Chamberlin aktibistaren Por nuestra cuenta: Alternativas autogestionadas frente al sistema de salud mental ("Geure kabuz: osasun mentalaren sistemari autogestioan oinarritutako alternatibak") liburua itzuli zuten ingelesetik gaztelerara. Jardunaldietan behin baino gehiagotan aipatu dute Chamberlinen izena. Izan ere, aditu bezala “kontuan hartu ez duten” erreferente bat da askorentzat. "Guretzat zilegitasuna duten ahots bakarrak adituak esperientziagatik diren pertsonenak dira", esan du Tuneuk. 

Askok salatu dute psikiatriaz eta prozesu psikiatrikoez hitz egiten denean, soilik, edo batez ere, psikiatrek eta bestelako langileek esaten dutena hartzen dela kontuan, eta albo batera uzten direla pertsona psikiatrizatuen aldarriak. Horregatik, jardunaldietan soilik esperientziatik adituak direnek hartu dute parte. Kataluniako Insania, Nafarroako Mejora, Bizkaiko Zoroa, Madrilgo La Porvenir eta Orgullo loco (Harrotasun Eroa), Kolonbiako A.L.C.E eta beste kolektibo askok hartu dute parte jardunaldietan.

"Egiturazko" indarkeria

Mugimendu zabala eta askotarikoa denez, bizipen eta iritzi desberdinak dituzte. Hala ere, bat egiten dute gauza askotan; hala nola, gaur egungo osasun mentalaren sistema apurtu nahi dute, eta eromenaren patologizazioa, kriminalizazioa eta medikalizazioa salatzen dituzte. "Botiken bidez gurekin esperimentatzen dute. Ematen dizkigute, baina azaldu gabe zein ondorio izanen dituzten, eta ez dakite nola kendu gero. Askotan, ez dute kentzeko asmorik ere", salatu du Madrilgo Harrotasun Eroko kidea den Fátima Masoundek. Beste askok ere, berretsi dute hori, eta gaineratu dute "menpekotasun handia" sortzen dutela botika askok.

Botikez gain, ohera lotzea eta elektroshocka dira psikiatrikoetan "behin eta berriz" baliatzen dituzten indarkeria praktikak. "Etengabe torturatzen gaituzte", esan du ozen Masoundek. Nafarroako Mejorana elkarteak lortutako datuen arabera, 2023. urtean, Nafarroako psikiatriko publikoetan 171 aldiz lotu zuten norbait ohera. Nafarroako Gobernuak ohera lotzen dituzten pertsonen erregistrotik lortu du datua, baina "oso zaila" izaten da datu horien berri izatea. 

Saretzeko beharra

Hizlari askok aipatu dute geroz eta gehiago hitz egiten dela osasun mentalaz, baina behin ere ez dela indarkeria psikiatrikoa aipatzen. "Ez dugu espetxerik nahi, baina ez gara kezkatzen psikiatrikoetan daudenengatik", esan du Crisek, La Porvenir proiektuko kideak.

Zaintzan oinarritutako sare bat sortu dute, eta egunerokoan sortzen diren beharrei aurre egiten saiatzen dira: "Unean uneko beharrei erantzunak ematen saiatzen gara; batzuetan kozinatzea izaten da". Saretzeren eta autogestioaren garrantzia izan dira jardunaldietan bolo-bolo ibili den beste gai bat. Zaintza sare horietan osasun arloko profesionalik egon behar ote den eztabaida piztu da. Batzuk psikiatrekin eta bestelako profesionalekin aliantzak egiteko prest dauden arren, beste batzuek ez dute harremanik nahi. "Ez dut torturatu nautenekin hitz egin nahi", esan du Marikarmen Freek, Insania kolektiboko kideak.

Aliantzak egiteko aukerez galdetu duten profesionalei zuzendu da Beatriz Perez. Activament elkarteko kideak esan die estatuarengana jotzeko: "Esan garbi ez duzuela indarrez inor giltzapetu nahi eta ez duzuela inor lotu nahi".

Jardunaldien beste helburu bat elkartzeko eta saretzeko espazioak sortzea da, profesionalek ez dietelako euren artean sarerik sortzen uzten. "Giltzapetzen gaituztenean esaten digute ezin garela lagunak egin eta ez maitemintzeko. Paper bat sinatzera behartzen gaituzte", salatu du Solek. Hala ere, debekuen aurrean tinko agertu dira eta indarkeria psitarikoari aurre egiteko antolatuta daude.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Indarkeria psikiatrikoa
Eguneraketa berriak daude