AHT Gelditu! plataformak elkarretaratzera deitu du abenduaren 23an, Eusko Jaurlaritzak Donostian duen Andia kaleko egoitzaren aurrean, 2016ko EAEko aurrekontuetan Euskal Y-aren obretarako aurreikusitako dirutzagatik (350 milioi euro) protesta egiteko. Mobilizazioa arratsaldeko 18:00etatik aurrera egingo dute.
Deitzaileek azpimarratu dute AHTrako gastuen dirua Ingurumen Sailaren zorrotik hartzen dela batez ere. Zehazki, sail horren aurrekontuaren erdia inguru bideratuko da abiadura handiko trenera, adierazi dutenez. Hala, elkarretaratzearen leloa “Ana Oregi, dena orlegi: ingurumen aurrekontuen %52 AHTrako” izango da. Deialdiaren kartelean, Oregi sailburuaren karikatura ipini dute.
“Klima aldaketari buruzko Parisko gailurra amaitu berri den honetan, salatu nahi dugu Euskal Y-aren eraikuntza lanek 2,5 milioi tona CO2 isurtzea eragiten dutela”, esan du AHT Gelditu!-k. Haien ustez, ontzat emanda ere –eta ez dituzte ontzat ematen– AHTk eragingo lukeen erregai fosilen kontsumoaren beherakadaz Eusko Jaurlaritzak zabaldutako datuak, 100 urte baino gehiago igaro beharko lirateke Euskal Y-ak berotegi efektuko gas isurketak “aurrezten” hasi orduko.
Bestalde, gogorarazi dute Lakuak bideratuko duen dirutzatz gain Espainiako Gobernuko aurrekontuetan beste 290 milioi euro daudela aurreikusita Euskal Y-rako.