Drama onen defentsa dramatikoa


2023ko irailaren 26an - 08:13
Azken eguneraketa: 2023-09-27 22:17:50

Biolentzia esplizitua, gertakari izugarriak, injustizia basatiak, malko eta aiene zaratatsuak… Zein da film dramatiko ona eraikitzeko formula? New Directors sailera zuzendu naiz erantzun bila, bai eta nire galdera erantzuten duten bi film gomendagarri topatu ere. Gaurko kronikan, haien artean oso ezberdinak (gaiari, planteamenduari zein estetikari dagokionez) diren bi filmei helduko diet, Bahadur the Brave eta El otro hijo, biek ala biek dramatismoa pantailan lantzeko klabe interesgarriak proposatzen dituztelakoan.

Bahadur the Brave filmeko protagonista dugu Hansi, Nepaleko behargina. COVID-19 izurritea dela eta India eta Nepal arteko muga ixten denean, Indian geratzea erabakitzen du Hansik, Nepalen dagoen familiari dirua bidaltzeko asmoz. Hori da, behintzat, berak dioena. Hansi beraren xelebrekeriak baliatuz eta, aldi berean, haren egoera bidegabekeria salatuz, Nepaleko langileen (haiei eskaintzen zaie filma) egoera penagarria jo puntuan jartzen du filmak.

Baina, Hansi xelebrea badugu protagonista, eta ez Bahadur ausarta, zergatik hartzen du azkenaren izena filmak? Hori erantzuteak spoiler galanta egitea izango zenez, izenburu berria proposatuko diot irakurle begiluzeari: Hansi xelebrea. Hansi nagia. Edota, Hansi gezurtia. Zailtasunez esan genezake Hansi pertsona ona denik, baina, gustatu ala ez, protagonistek ez dute zertan pertsona ona izan. Horri esker, ikuspegi manikeoak gaitzetsi eta konplexutasun handiagoz janzten da filmeko argumentua, pikaroaren figura erreberritzen duen protagonista eraikitzen, zeinak, leporatzeko hamaika gauza eta bat dituen arren, maitagarria eta xaloa ere bada beste askotan.

Testuinguraketari dagokionez, COVID-aren narratiba hankamotz gera zitekeen, baina, egia esan, hura aitzakia baino ez da gaurkoak eta gertukoak zaizkigun beste hainbat auzi zabalagoei heltzeko: mugen arbitrariotasuna, gasaren garestitzea, jazarpen poliziala… Indiara joan beharrik ez dago horiek gurean identifikatzeko, ezta?

Itxuraz hain urrunekoa zirudien langile nepaldarren egoerara duintasun handiz hurbiltzen gaitu Bahadur the Brave-ek. Gainera, bidean hartzen dituen erronkak ez dira batere makalak: askotan gorrotagarria den protagonista eta humorearen zentralitatea. Diwa Shah zuzendari indiarraren lanak frogatzen duenez, gai dramatiko edo egoera arbuiagarriak jorratzeak ez du umorerako aukera ezabatzen; kontrara, egoki erabiliz gero, sakontasun eta perspektiba handiagoa eskaintzen lagundu dezakete. Errealitatean dena ez delako beltza ala zuria eta, dramatismoa ere, mila modutara eraiki daitekeelako.

'El otro hijo'.

Hansi Bahadur ez den bezala, Fede ez da Simon. Hala ere, festa baten erdian Simon terrazatik erori eta hiltzen denean, anaiak utzitako hutsuneari aurre egin beharko dio Fedek bere etorkizuneko planak eta egunerokotasuneko ziurtasunak hankaz gora jartzen doazen heinean. Simonen heriotzak ematen dio hasiera El otro hijo dramari, zeinak, hasiera-hasieratik utzi nauen besaulkira itsatsita eta bihotza uzkurtuta.

Zoritxarrez, filma abiarazten duen gertakizuna ezaguna zaio Juan Sebastián Quebrada zuzendariari, berak ere galdu baitzuen anaia nerabea zelarik. Zintak, ordea, ez du asmo autobiografikorik, doluaren eta erruaren bide ilun eta ez-ziurrak ibiltzea du, aldiz, xede. Maite ditugun horien heriotzaren ostean geratzen den minari erreparatzen dio filmak; aurrera jarraitzeko grin temati ala jazotakoa gainditzeko ezintasuna bihurtu. Gertukoen heriotzaren ostean irekitzen den bularreko zuloak nola ez du ba indar nahikoa mundua geldiarazteko?

Arranguraz betea dagoen kontakizunak, antzezpen lanari uzten dio, batik bat, karga dramatiko guztiaren pisua. Zentzu horretan, azpimarratzekoa da filmaren dramatismoa haien bizkarretan daramaten Miguel González (Fede) eta Jenny Navarrate (Clara, anaien ama) aktoreen lana. Lehenaren isilune basatiak eta frustrazio mutua eta bigarrenaren nahigabe suntsitzailea dira aipatu beharrekoak. Antzezlan apartekoek betetzen dute pantaila, ortaz, ez dago errekurtso artifizialen bakarrik. Kameraren funtzioa protagonisten dolua laguntzera murrizten da. Ez dago erresumina puzteko saiakerarik, ezta horretan esku hartu edo hura epaitzeko intentzionalitaterik. Biziki gustatu zait nola ematen zaion behar beste espazio protagonisten doluari, izan ere, Quebradarenean galderak soberan daude eta ez dago mesfidantzarako inolako lekurik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2023
2023-10-02 | Ixone Santamaria
Donostia Zinemaldiak eman duena
Oroituko dugunaz


Sail Ofiziala. 9.eguna | Lehiatu ez diren bi lan
Dantza egiteko unea


Eguneraketa berriak daude