Down sindromedun haur bat eta bere ama etxetik kaleratu dituzte Iruñean

  • Errotabide-Cogremasa eraikuntza enpresak jarritako salaketa dela medio, epaitegi batek Maria Jaurrieta iruindarra eta bere zazpi urteko down sindromedun semea etxetik kaleratu ditu, urtebetez alokairuaren errenta ez ordaintzeagatik.


2014ko urtarrilaren 24an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Jaurrieta, bere kasuaren berri ematen duen erreportajea eskutan, etxetik bota ostean. (Arg: Edu Sanz)

Etxea Iruñeko Ezkaba auzoan kokatua dago, eta Mariak iragarri digunez berarena ez da kasu bakarra izanen: "Laister nire portaleko beste bi familiei gauza bera gerta dakieke. Bati epaitegiko abisua iritsi zaio, eta besteak 11 hilabete daramatza errenta ordaindu ezinik".

Sarritan jendea nahasten bada ere, Nafarroan ez dago etxe 'sozialik'. Alta, babes ofizialeko etxeak dira baliabide gutxiko jendeari bideratzen zaizkionak, promotora pribatuen esku gehienak. Errentariak dituen diru-sarreren arabera, Nafarroako Gobernuak hilabetekoaren zati bat ordaintzen du. Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko iragan urteko edo orain bi urteko Errenta Aitorpena da kontuan hartzen dena, eta, bizi dugun krisi egoera honetan, baldintza pertsonalak egun batetik bestera aldatu daitezke, Maria Jaurrietari gertatu zaion bezala: "Urtebete neraman ordaindu gabe, gobernuko dirulaguntzaren portzentaia jeitsi eta 270 euro ordaintzetik 470 euro ordaintzera pasatu nintzelako. 615 euro jasotzen ari nintzen, eta bizi edo etxea ordaintzearen artean aukera egin behar izan nuen".

Koldo Azkunek Jaurrietaren adierazpenak bildu ditu ARGIArako.

Plataformak kaleratzeak ekiditeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari

Hipotekek Kaltetutakoen Plataformak (HKP) Nafarroako Gobernuari eskatu dio 'errentariak nahi duenean bere egoera ekonomikoaren azterketa berria eskatzeko aukera izatea', kaleratze berri hau, besteak beste, ekiditeko. Bidenabar, alokairu hauen gehiegizko prezioak salatu dituzte, merkatu librean prezioek behera egiten duten bitartean, babes ofizialeko etxeetan Kontsumorako Prezioen Indizea hartzen baita neurri gisa. Horrela, babesik gabeko etxeak babes ofizialekoak baino "200 euro garestiagoak" dira: "Nafarroako 10.000 gizakientzat, Babes Ofizialeko etxe baten alokera bazterketa sozialean erori aurreko azken eskaloia da. Nafarroako Gobernuaren dekretu eta legeekin, ostera, promotora hauei merkatuko prezioen gainetik dauden alokairu batzuk ezartzea ahalbidetzen diete, 'babestuak' direla argudiatuta. Zer da babesten dena? Maria babesten dute, edota promotora hauek aberasteko duten eskubidea?".

Egoera honetara iritsi baino lehen, Maria Jaurrietak Nafarroako Gobernuarekin eta etxea kudeatzen duen enpresarekin baldintzak negoziatzeko ahaleginak egin zituen. Alferrik. Orain, Nafarroako Gobernuko Gizarte Ongizate Departamendutik iragarri diote astebetez pentsio batean lo  egiteko aukera emanen diotela, eta gero tratu txarrak jasan dituzten emakumeendako etxe batean geratzeko aukera izanen duela. Mariak erakunde publikoko ordezkariek mehatxuak egin dizkiotela esan du: "Zure semea mantentzeko gai ez bazara, etxe duinik ez baduzu, neurriak hartu beharko ditugu".

Ezkaban gertatu dena salatzeko Plataformak zenbait protesta antolatu ditu hurrengo egunetarako. Bere kideek adierazi digutenez Nafarroan etxe kaleratze gehienak alokaturiko etxe hauetan ematen dira, eta Mariaren kasua ezagutu ahal izan bada, aurretik HKP-ren bileretara etortzen zelako izan da. Isilean ematen diren etxe-kaleratze pila dagoela adierazi dute, "zientoka".

Txantreako Gazte Mugimenduak ere bideoa osatu du desjabetzearen irudiekin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Etxegabetzeak
Etxegabetzeak 48 ordutan burutu ahal izateko lege aldaketa proposatu du EAJk

EAJren asmoa da legezko aldaketa azkar bati ekitea, 48 orduko epean etxegabetzeak egin ahal izateko etxebizitzak okupatzen diren kasuetan.


Iruñean familia bat etxegabetuko dutela salatu dute Harituk eta Jaki Tokik

Bilatu dituzten beste etxeetako jabeek ez diete etxerik alokatu nahi izan familia ugaria, soldata bakarra eta atzerritar jatorrikoak izateagatik.


2024-02-13 | ARGIA
Hamabi familia etxetik bota nahi dituzte Pasaian, trenbide zati bat egiteko

Pasaiako portuko langileen familiak bizi diren Trintxerpeko etxebizitza bloke bat bota nahi dute Pasaiako Portu Agintaritzak eta Euskal Trenbide Sareak, 400 metro inguruko trenbide zati bat egiteko. Lau hilabetetan etxea utzi behar dutela ohartarazi diete.


Bilboko etxegabetzearen aurka protestan ari direnen kontra oldartu da Ertzaintza

Ostiral goizerako zegoen ezarrita etxegabetzea eta horren kontrako protestara dei egin du Bilboko Etxebizitza Sindikatuak. Protestan ari direnen aurka oldartu da birritan Ertzaintza, eta dagoeneko pertsona bat atxilotu du, Gedar-ek jaso duenez. Etxegabetzea burutu dute.


Eguneraketa berriak daude