Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak Zaballako Tratamendu Batzordeak emandako irteera baimenak kendu zizkion Gorka Loran euskal preso politikoari. Presoaren helegitearen alde egin du orain Auzitegi Nazionalak, eta baimenak berrezarri dizkio.
2021eko irailean Arabako Zaballa espetxeko Tratamendu Batzordeak irteera baimenak onartu zizkion Gorka Loran euskal preso politiko ohiari. Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak baimenak indargabetu zituen, ordea, eta Olaranek helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Nazionalean. Jose Ricardo De Prada epailea buru duen epaitegiak eman du ebazpena –Concepción Espejel ordezkatu du De Pradak–, eta Olarani irteera baimena berrezarri dizkio. De Pradak berak idatzi du ebazpena, eta Francisco Javier Viera epaileak boto partikularra eman du aurka.
“Damua agertzea eta biktimei barkamena eskatzea ez da baldintza legala, inondik ere", espetxe baimenak lortzeko, auzitegiaren esanetan. Biktimei barkamena eskatzea presoaren “bilakaera ona” baloratzeko elementu “adierazgarri” bat gehiago izan daiteke, baina ez “beharra”. Epaiak dio kontutan hartu behar dena presoak jada beteta duen zigorraren zatia dela, eta zigorra betetzeko falta duen denbora. Zigorraren hiru laurdenak aspaldi bete zituen Olaranek, 2003an espetxeratu zuten eta 2023ko abenduan du irteera data.