Ohartarazi du ChatGPT lanketa emozional “sakonak” egiteko erabiltzea “arriskutsua” izan daitekeela ez duelako erabiltzailearen testuingurua ezagutzen eta “gehiago biktimizatu” dezakeelako.
Aukera, erronka eta kezka asko ekarri ditu adimen artifizialak. Osasun kontuak, zalantza legalak eta beste kezka asko argitzeko erabiltzen da maiz. Horrez gain, geroz eta gehiago erabiltzen da psikologo moduan. Horren adibidea da Open AI enpresaren ChatGPT solaskide artifiziala. Mireia Centeno Gutierrez psikologo eta psikopedagogoaren arabera, zalantza konkretu bat argitzeko “lagungarria” izan daitezke ChatGPT bezalako tresnak, baina lanketa terapeutiko “sakonak” egiteko ez. Horregatik, zenbait arriskuz ohartarazi du.
Afera bat kontatzen diozunean ChatGPTeri “zurekin nago”, “ulertzen zaitut” eta “entzuten zaitut” bezalako hitzak esaten ditu: “Epaitua ez sentitzeko lagungarria izan daiteke. Nerabezaroan adibidez, segun eta zein lagun dauzkagun, batzuetan sentitzen badugu epaituko gaituztela, eta ez badugu behar beste indar horretarako, agian, ChatGPT da eskura duguna”. Alabaina, psikologoak entzuteaz gain, norbere testuingurua ulertzen laguntzen du: “Pertsona batzuei euren testuingurua ulertarazteaz aparte, euren errealitatea ez denez egokiena, testuinguruan kokatu behar dira. Hori agian ez zaio horren erraza egiten ChatGPTri. Hori dela eta sentitzen duzuna indartu, eta gehiago patologizatu zaitzake”. Gainera, norberaren ideologia, jatorria, kultura eta bestek ere eragina dute lanketa emozionalean. Horregatik, uste du segun eta nondik jotzen duen gailuak “oso arriskutsua” izan daitekeela: “Zuk kontatzen diozun gauzetan zentratzen da ChatGPT. Orduan, gerta daiteke gehiago biktimizatzea”.
ChatGPTeren kasuan, segun eta zer-nolako kontua eta bertsio daukazun informazio bat edo beste gordetzen du. Adibidez, ordainduz gero kontatzen diozun guztia gordetzen du, eta hortaz, ez da beharrezkoa zalantza bat galdetzen diozun bakoitzean nor zaren argitzea. Hala ere, Centenok nabarmendu du ez dela aski pertsona horren testuingurua ezagutzeko: “Psikologoak badaki zein galdera egin behar dizkizun zure testuingurua ezagutzeko eta bide bat eraikitzeko, baina adimen artifizialak oraindik ez dauka gaitasun hori. Zuk kontatzen diozunaren arabera, zuk entzun nahi duzuna edo entzun beharko zenukeena esaten dizu”.
Gainera, zenbait gai lantzerako orduan mugak ditu ChatGPTek. Esate baterako, zeure buruari edo beste norbaiti min eman nahi diozula esaten badizu mezua ezabatzen du “erabilera politikak urratu” ditzakeelako. Hala ere, erantzuten jarraitzen du. “Segun eta zein erantzun jasotzen duzun gaizki sentiarazi zaitzake”, esan du Centenok.
Testu bidez ere zenbait informazio galtzen da bidean; hala nola tonua eta gorputz hizkuntza. Centenok dionez, “askotan” erabiltzaileak esaten duenak baino, esateko moduak informazio “gehiago” ematen du: “Zerbait kontatzen dizu, eta bere aurpegia edo postura ikusita badakizu ez dela egia edo erabat horrela”. Gaineratu du psikologoak gorputz hizkuntza zaintzea ere garrantzitsua dela. Izan ere, erreakzioak ostean esandakoa baldintzatu dezake: “Askotan, pazienteak zerbait kontatzen dizunean, jartzen duzun aurpegiarekin edo egiten dituzun mugimenduekin gehiago lagundu dezakezu gerora esaten diozunarekin baino”.
Adimen emozionala txikitatik lantzeko premia
Zenbait zalantza argitzeko adimen artifizialaz baliatzea lagungarria iruditzen zaion arren, terapiarako erabiliz gero “arazoak” sortu daitezkeela gaztigatu du: “Saiatu behar gara pertsonak horretara ailegatu behar ez izaten”. Centenok dionez, batzuetan ez dago besterik: “Gaur egun, hemen, behintzat, psikologoarenera joan nahi baduzu hiru hilabetera ematen dizute hitzordua publikoan. Gainera, gainezka dagoenez, batzuetan pribatuan ere kosta egiten da”. Horregatik uste du sistema publikoa indartu beharko litzatekeela.
Horrekin batera, adimen emozionala lantzeko premia azpimarratu du. Iruditzen zaio gaur egun, gazteek “gehiago” ikasten dutela adimen emozionalaren inguruan sare sozialen bidez, aurrez aurre baino: “Arazo bat daukagu. Eskolan adibidez, ez da nahikoa ikasten horren inguruan. Ez badiogu aurre egiten eta ez badiegu guk irakasten, beste era batera bilatuko dute informazioa”. Horretarako hezkuntza sistema testuinguru “egokia” izan daitekeela dio: “Ez baditugu gauzak aurrez aurre ikasten, beraientzat ez da erraza izango aurrez aurre praktikan jartzea”.
25,6 eguneko batez besteko itxaron zerrendak daude Osakidetzako Osasun Mentaleko Zentruetan. Larrialdi kasuetan, aldiz, 24 eta 72 ordu arteko itxaronaldiak daude.
Psikiatria zerbitzua Bidasoatik Donostiako ospitalera lekualdatu dute. Hori salatzeko, 'Osakidetza entzun: osasun mentalik gabe ez dago etorkizunik' lemapean manifestazioa egin dute 12:00etan.