Portlandeko Lemoako (Bizkaia) eta Olatzagutiko (Nafarroa) langileak kaleratuak izateko arriskuan daude, enpresak haietako bat ixtea pentsatzen ari dela aitortu baitzuen atzo. Portlanden asmoa da Espainiako Estatuan dituen bi enpresa itxi eta 500 lagun kaleratzea, horien artean leudeke Bartzelonan dituen bi lantegietatik bat eta penintsulako iparraldeko lau lantegietatik beste bat, tartean Lemoakoa eta Olatzagutikoa.
Etxegintzaren krisiak gogor eragin dio zementuaren sektoreari eta enpresa egoera txarrean aurkitzen da. Lemoako lantegiko 123 langileak EEE baten pean daude eta Olatzagutiko lantegiko bi labeetako bat geldirik dago. Portlandek hainbat estrategia jarri ditu martxan krisiari aurre egiteko: lantegiak eta lantaldea berregituratzea; zorrari aurre egiteko kapitala handitu eta AEBetako Gian Cement filiala salmentan jartzea; eta negozio lerroa dibertsifikatzea, besteak beste hondakinak errez. Hain zuzen, PSNk Nafarroako erraustegia ez dela egingo jakinarazi eta gero, Olatzagutiko lantegiaren errausketa proiektuak indarra hartu du.
Inamak ateak itxiko ditu
Muxikako (Bizkaia) Inamako 107 langileek kaleratzea onartu dute azkenean. Enpresako jabeekin hitzartutakoaren arabera, urteko 30 eguneko kalte-ordaina jasoko du langile bakoitzak 20 hilabeteko mugarekin. Akordioa batzarrean onartu zuten 63 langileren babesarekin.