Bougainvillek independentziaren alde egin du erreferendum ez-loteslean

  • Bougainville Papua Ginea Berritik bereiztearen aldeko botoa eman du: 249.358 biztanleko artxipielagoan azken asteetan egin dute independentzia-erreferenduma, 20 urte baino gehiago luzatu den prozesuari amaiera emanez.

Erreferenduma hainbat aste luzatu da Bougainvillen. Irudian, Buka hiriburuan galdeketa egin zenean elkartutako talde bat aurtengo azaroan.

2019ko abenduaren 11n - 13:53

Botoa eman dutenen %98k babestu du independentzia, Papua Ginea berrian “autonomia handiagoz” geratzearen alde agertu den %2ari erraz gailenduz.

The Guardian egunkariak jaso duenez, Buka hiriburuan elkartutako herritarrek txaloka hartu zuten erreferendumaren emaitza, hura jarraitzeko sortutako batzordeko ordezkari Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohiaren ahotik.

2001. urtera joan behar da erreferendum honen aurrekariak esplikatzeko: hamarkada bat iraun zuen gerra zibilaren ondoren, Papua Ginea Berriko gobernuak erreferenduma egingo zela zin egin zuen, bake-akordio zabalago baten barnean.

Orain, erreferendumaren emaitza eskuan, ospakizun egunak dira Bougainvillen. Baina herrialdea independente bihurtzeko prozesua oraindik ez da amaitu. Galdeketa ez da loteslea eta, beraz, Papua Ginea Berriko agintariekin egindako negoziazioen arabera independentzia gauzatu gabe gera liteke.

Bougainvilleko gobernu autonomikook presidenteak, John Momisek, adierazi du konfiantza daukala James Marape Papua Ginea Berriko lehen ministroarengan: “Entzuteko prest dago”.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bougainville
Eguneraketa berriak daude