Bisitarientzat euskal kultura bultzatzeko aukera, eragileentzat erakusleiho

  • 110.000 bisitaritik gora izan ditu Durangoko Azokak lau egunetan. Gerediaga Elkarteak eta Azokako guneetako ordezkariak pozik agertu dira. Elkarteak 54. edizioa emankorra, orekatua eta oso jendetsua izan dela adierazi du. Siadeco enpresak Azokari buruzko datuak bildu ditu inkesta bidez, eta ikerketaren arabera Azokaren inguruan sei milioi euro mugitzen dira.


2019ko abenduaren 09an - 12:17
Argazkia: Dani Blanco.

110.000 bisitaritik gora, iaz baino 5.000 lagun gehiago. Egunik jendetsuenak 6 ostirala eta 7 larunbata izan dira. Bisitari kopuru handiena ostiralean elkartu zen, ia 40.000 lagun.

Mahaien arteko ibiliaz gain, zazpi gune egon dira eta haien bilakaeraren balorazio positiboa egin du Gerediaga Elkarteak, nahiz eta adierazi duen gune batzuek beste batzuek baino arrakasta handiagoa izan dutela.

Abenduaren 8an, igandean, Siadeco enpresak Gerediaga Elkarteak enkargatutako ikerketaren emaitzak eskaini ditu. Iazko Azokan egindako inkestetan oinarrituta daude emaitzak. 15 urtetik gorako 710 laguni egin zizkieten galderak, eta 154 eragileri. Ondoko lerroetan dituzue datu esanguratsuenak:

- Liburutan milioi bat euro gastatzen dute bisitariek, gastu orokorraren %60.

- Diskotan milioi erdi euro, zaku orokorraren %28,3.

- Azokan 49 euro uzten ditu bisitariak, batez beste, eta 28 euro Azokatik kanpo merkataritzan eta ostalaritzan.

- Gehien gastatzen dutenak 36 eta 45 urte artekoak dira.

- Gizonek diru gehiago gastatzen dute; eta emakumeak gehiago joaten dira Azokara.

- Urtean zehar emakumeek gizonek baino liburu gehiago erosten dituzte euskaraz.

- Emakumeek gehiago irakurtzen dute euskaraz eta erdaraz.

- Bisitarien erdiak Gabonetarako opariak erosteko baliatzen du Azoka.

- Bisitarien erdiak dio Azokaren eraginez, ondoren, libururen bat erosten duela.

- Azoka garaia heldu arte, bostetik bi bisitarik ez dute liburu bakarra erosi. Beste hainbestek ez du euskaraz irakurri.

- Bisitari gehien, proportzioan, Bizkaitik eta Gipuzkoatik joaten da, eta bereziki Gipuzkoatik.

- %92 euskaldunak dira, %5 ia euskaldunak, eta %3 erdaldunak.

- Azokara joateko bisitarien motiboak: euskara eta euskal kultura bultzatu nahi izatea; euskal kulturaren inguruko giroaz gozatzea; eta produktuen berri izatea.

- Azokaren alde txarrak: jendetza handiegia; sortzaile ezezagunentzat espazio gutxi; eta autoa uzteko eta garraio publikoa erabiltzeko zailtasunak.

- Eragileen balorazioa: Azoka erakusleiho da; harremanak egiteko toki aproposa; eta izaera nazionaleko topagunea.

- Azokaren alde txarrak, eragileen ustez: mahaien prezio garestiegia; eragile batzuk azokatik kanpo geratzea; eta nobedadeak epe motzean pilatzea.

- Batez beste, urteko fakturazioaren %22 egiten dute Azokan.

 

 

 

 


Eguneraketa berriak daude