Elixabete Garmendia eta Josu Landa: euskal kazetaritza konplexu, eta aitzakien gainetik

argia
2

[Estitxu Eizagirre Kerejeta] Abenduaren 6an egin da aurtengo Durangoko Azokako Gogoetaren Plazako lehen mahai-ingurua. Elixabete Garmendia eta Josu Landa aritu dira Gorka Bereziartuaren puntuei erantzuten “Gu gara euskal prentsa. Euskaraz eta ez elebitan” izenburupean.

Elkarrizketa tonu bizian joan da. Proiektu bera sasoi ezberdinetan partekatu izanak emandako konplizitatez, batek hasitako haritik besteak tira eginaz… une hunkigarririk ere izan da, gaurko egunez duela 29 urte Euskaldunon Egunkaria plazaratu zela oroitu dutenean, esaterako. Orain arte publikoki egin gabeko adierazpenik ere entzun dugu, eta solasaldiaren argudio nagusiak gai honi lotu zaizkio: euskarazko hedabideen alde beharrean hedabide elebidunen alde egin duten horien oinarrian zer dagoen; konplexua, batetik, eta ideologikoki kontrolatzen ez dituzten hedabideak ekonomikoki ito nahia, bestetik. Egun euskal prentsak zer ematen dien adierazi dute eta mahai-ingurua bukatu dute Bereziartuak ARGIAz atera berri duen Ez gara neutralak liburua harturik, eta hor agertzen direnez eztabaidatzeko elkarrekin bazkalduko dutela hitz emanez, hori bai, “intimitatean, pribatuki”.

Hemen Hamaika telebistaren bideoa, mahai-ingurua osorik ikusteko:

Hara hemen mahai-inguruaren laburpena (beltzez ageri direnak Gorka Bereziartuak pausatutako gaiak dira):

ARGIAn oraindik ere oso presente dugu erredakzio hutsaren irudia. Zuetako bakoitzari tokatu zitzaion bere garaian, hutsik geratutako erredakzioan lan egitea.

ELIXABETE GARMENDIA: 1977an Egin eta Deia sortu ziren eta hara jo zuten Zeruko Argiako kazetariek. Bertan gelditu ginenok numantinotzat ikusten gintuzten kanpotik, erresistente moduan baina zentzu gutxieslean. Zergatik gelditu ginen? Ez guk ere joateko eskaintzarik ez genuelako, gelditu ginen euskarazko hedibide bati eutsi behar zitzaiola sinetsita. Deiak eta Eginek esan zuten elebidunak izango zirela eta oraindik ez zegoen esperientziarik, zer gertatuko zen.

JOSU LANDA: Ez dut inoiz sentitu izan zerotik hasi izan naizenik ezertan. Ekonomikoki bai, ni ARGIAra sartu nintzenean minus bi milioi pezetatik abiatu ginen, eta garai hartan bi milioi pezeta ez ziren 12.000 euro. Ni 17 urterekin Zeruko Argiaren irakurle nintzen. Niretzat Lurdes Auzmendi, Pilar Iparragirre, Felix Ibargutxi, Elixabete Garmendia, Koldo Izagirre… animalia mitologikoak ziren. Handik bi urtera animalia mitologiko horiek hezur haragizko bihurtu ahal izatea, pribilegioa da, luxua. Egoera ekonomiko petrala zen baina humanoa oso potentea.

E. GARMENDIA: Zu beste ikasle batzuk bezala hasi zinen, Pello Zubiria, IƱaki Uria, Kike Amonarriz…

J. LANDA: Nik sei hilabete nerematzan Zeruko Argian literatur kritikak argitaratzen, eta astero joaten nintzen Okendo kaleko bulegora artikulua entregatzera. Joan nintzen batean krisi kabinete batekin egin nuen topo, erredaktore guztiek esan baitzuten ez zutela jarraituko. Ni han tokatu nintzen, nire orria eskuan, eztabaidaren erdian… Joxemi Zumalabek esan zidan: “Josu, itxaron pixka bat hor mesedez” (eta eztabaida baretu zenean) “Animatzen zara? ez daukagu eredaktorerik”. Animalia mitologiko haiek gogora ekarrita erantzun nion “a, bale”. Uda hartan bihurtu zen Zeruko Argia ARGIA.

Uste duzue euskal prentsa zer den eztabaida irabazia dagoela, alegia, euskaraz idatzitako prentsa dela euskal prentsa? edo oraindik nagusiki gazteleraz eta frantsesez argitaratzen duten medioak ere sartzen dira izendapen horretan?

E. GARMENDIA: Nik “euskarazko kazetaritza” erabiltzen dut eta horrela ihes egiten diot debate horri. Sentitzen dut “euskal” dela euskaraz egiten dena, baina ez naiz debate antzu horretan sartuko. Erdaretan idatzitakoa ez da herri honetakoa? Herri honetako hainbat jende espresatzen da hizkuntza horietan…

J. LANDA: Uste dut garai batean egon zen gerra ideologiko-politiko hori irabazi egin genuela, alegia, euskal prentsa euskarazkoa bakarrik dela. Hamar urtean hori izan zen gure guda-zelai nagusia. Eta hori izango da nire bizitzan irabazi dudan gerra bakarra: gaur egun inork gutxik kuestionatzen du euskal prentsa euskaraz egindakoa denik. Ezin da gauza bera esan hedabideez: euskal telebistaz, euskal irratiaz… baina “euskal prentsa” bai, hala da, eta hori guk irabazitako gerra da.

Fikzio ariketa egiteko eskatuko dizuet. Uste duzue 70eko hamarkada bukaeran, 80ko hamarkada hasieran, alderdi abertzaleek egunkariak euskaraz izatearen aldeko apustua egin balute, beste egoera batean geundekeela?

J. LANDA: Ez zen alderdien kontua soilik ordea. Garai hartan euskaltzaleek ere, erakundetu gabe zeudenek, pentsatzen zuten euskarazko prentsak ez zeukala etorkizunik. Urte mordoa pasatu genituen getto batean gotortuta. Kalera atera, eta topatzen zenituen zure ezagun euskaltzaleen %90ak esaten zizun “zertan ari zarete?”. Beraz, ez ziren bakarrik Egin eta Deia, ez ziren bakarrik alderdi abertzaleak… Baina lortu zen aldatzea, eboluzio handia eman zen bizi izan nituen 12 urteetan, baita Ezker Abertzalearen baitan ere. Eboluzioa eman zen, besteak beste, ASK-k egindako lanari esker, lortu baitzuen egitura organikoak euskara hutseko egunkariaren aldeko apustua egin zezan. ETAk babestu ez balu barne egituretan Euskaldunon Egunkaria ez zen kaleratuko, duela 29 urte, gaurko egunez.

E. GARMENDIA: Iragarpenak egiten oso txarra naiz. Bi gauza zeuden: alderdi politikoen eta oso politizatuta zegoen jendearentzat zer zen lehentasuna? Ahalik jende gehienarengana iristea, eta biderik ekonomiko eta efizienteena gazteleraz egitea zen. Arrazoi hori beti egon da eta jarraitzen du egoten. Eta bestetik, konplexu izugarria zegoen. Euskal hiztunok eta euskaldunok oso akonplexatuta gaude, oraindik ere, izan dugun gutxiespenagatik. Euskaraz bizi garenok eta euskarazko kazetaritza garatzea erabaki dugunok oso konbentzituta egon gara, eta plus bat ere izan da, ikusten genuelako misio bat jokatzen genuela gure herriarekiko. Baina konplexu horien aurka borrokatu behar dugu, behin eta berriz, ariketa psiko-soziologiko hori eginez. Oso sartuta baitaukagu.

J. LANDA: “Guztiengana iristeko”, eta horrelako argudioak oraindik ere erabiltzen dira, pentsa, duela gutxi “irisgarritasuna”ren hori asmatu zuten diru-laguntzak emateko… horiek aitzakiak dira, instituzioetan daudenek asmatutakoak, batzuei diru publikorik ez emateko. 90eko hamarkadan esaten zen prentsa arrosa egin behar zela euskaraz, eta oraindik ere esaten da… Aitzakiak dira. Osasun-hesia beti egon da, historikoki, EAJren aldetik Ezker Abertzalearekiko. Badirudi gauzak mugitzen ari direla, oxala gehiago mugituko balira. Hesi sanitario horren barruan alderdiak kontrolatzen ez dituen medioak ekonomikoki itotzeko, aitzakia guztiak dira baliozkoak. Denetik entzun ditugu. Baina funtsean dagoen arrazoia da, osasun-hesi horren bidez, tablero politikoan etsai duzun horren gauzak itotzea.

E. GARMENDIA: Hori faktore bat da. Nik telebistan lan egiten nuenean entzuna diet programen arduradunei eskatzen “xelebrekeriak egin”, “zerbait arinagoa egin”… “Arinago” hori entzuten dudan bakoitzean tximista dariola jartzen naiz. Euskara lotzen da gauza intimo-maiteekin eta xelebrekeriekin. Gutxiespena eta konplexuak daude hor.

J. LANDA: Ados. Baina ez dut ahazten 80ko hamarkadan Eusko Jaurlaritzak egin zuen bere euskarazko proposamena HABE aldizkariarekin. Hori martxan jarri zuten, debalde aldizkaria zabalduz… ez da egia euskarazko prentsaren alde egin ez zutenik, egin zuten baina beste apustu bat zen: “Artikulu batek ezin du orrialde bat baino gehiago hartu” zen irizpideetako bat. Barregarria da, egia ez balitz. Niretzat ez da konplexua, niretzat aitzakiak dira. Baina jendeak ere hori erabiltzen du aitzakia bezala: “Nik ez dut hori irakurtzen, euskara zaila darabilelako”. Barkatu, zurea da problema, hori ez da konplexua, aitzakia da.

Hizkuntza batek imaginario bat ere sortzen du. Zuen ustez, euskarazko prentsa irakurtzen duenak zer irabazten du imaginarioan, edo zer galtzen du erdaraz soilik irakurtzen duenak?

J. LANDA: Azken 15 urteetan euskal prentsak eman duen aurrerapausoa erraldoia da. Nik Berria eta ARGIA irakurrita, aldian behin egiten dut ariketa ni duela hamar urte non nengoen pertsona bezala, nire pentsamenduak eta sentimenduak non zeuden, eta non nagoen orain, eta egin dudan aldaketa (nik eboluzioa deitzen diot), eta hor euskal prentsak zer eragin izan duen… izugarria da. Aldiz, Euskadi Irratia jarri kotxean, paso. Radio Euskadi, paso. Onda Vasca, Diario de Noticias edo Diario Vasco… eta nik jada, azken hamarkadan euskal prentsa egiten aritu zaretenoi esker, ez dut mundu horretara itzuli nahi. Askoz pertsonago sentitzen naiz euskal prentsan.

E. GARMENDIA: Bat egiten dut esan duzun horretan, eta hor sartzen dut Euskadi Irratia ere.

J. LANDA: Ematen dituzten erdarazko iragarkiak alde batera utzita, eta kontraesanak kontraesan, baina nik ere bai.

E. GARMENDIA: Gaur egun Berri eta ARGIA hobeak dira inguruan dauden beste medioak baino. Hala dira.

J. LANDA: Ez euskaraz dagoelako. Baina espainolez horrelakorik ez dago! Euskal prentsak ez dauka parerik, nik ezagutzen ditudan erdaretan.

Hizkuntza minorizatu batean bizitzeak laguntzen du beste zapalkuntzekin enpatizatzen?

J. LANDA: Berez, ez.

E. GARMENDIA: Nik uste dut baietz. Sentiberatasuna ematen dizu. Lorea Agirre eta Idurre Eskisabelek atera duten Trikua esnatu da liburuan euskararen aldeko borroka eta feminismoarena lotzen dute. 80ko hamarkadan erabaki nuen: “Nire bizitza ez du hipotekatu behar ez euskaldun izateak, ez emakume izateak”. Uste dut ez zidala erabaki horrek asko iraun, ze euskaldun izateari ez nion utzi eta emakume izateari ere ez. Idurre eta Lorea bi gaiak lotzen hasi zirenean, pentsatu nuen “hemen bazegoen zerbait”. Zapalkuntza bat bizitzeak kontzienteago egiten zaitu.

J. LANDA: Euskara ez badoa ideologia edo mundu ikuskera bati lotua, euskara izan daiteke Ainhoa Artetarena. Baina euskara lotuta badoa jarrera ideologiko batekin, formazio bat dago. Nire animalia imaginarioetan, Zeruko Argian, miresten nituen gehienak emakumeak ziren eta gero etorri zen basamortu gizonezko bat. Orain naiz horren kontziente. Garai hartan ez genuen betaurreko morerik, ez genuen gaia barneratua. Oraingo Berria eta ARGIAn, gustukoen ditudan artikuluen %70en egileak emakumeak dira. Ez da broma! Ez euskaraz delako. Euskara ez badoa lotuta ikuspegi, jarrera eta proiektu edo norantza ideologiko batekin, ez dago transformaziorik. Horrek laguntzen du ez bertan goxo gelditzen, mejoratzen.

Oraindik ere elebitasunarekin badago horrelako joera bat, dena erdi eta erdi egitea: albiste erdiak euskaraz eta beste batzuk erdaraz. Horrek laguntzen du benetan Euskal Herri euskaldunagoa edukitzen?

E. GARMENDIA: Oxala Diario Vasco erdia euskaraz balitz, adibidez, herrietako kronikak.

J. LANDA: Gaur gaurkoz planteatu duzun hori absurdo bat da. Orain ez al dago modan “belarriprest”? Bada jarri “begiprest”, irakurtzeko prest zaude, nahiz eta ez hitz egin? Hori da sorrerako planteamendua, huts egin zuena. Eskandalua dena da, baliabide publikoak ematen zaizkiela erdal enpresei euskara sustatzeko. Vocento taldeak zenbat diru jasotzen duen ez bakarrik diru-laguntzetan, baita publizitatean, eskandalua iruditzen zait niri, baina nonbait ez da eskandalu bat, hauteskundeek diote zuzen ari direla.

E. GARMENDIA: Oinarria da euskarak diskriminazio positiboa behar duela. Horren baitan, euskarazko hedabideek gehiago jaso behar dute. Ni askoz gehiago asaldatzen naiz publizitatearekin. Ikaragarria iruditzen zait. Administrazio publikoak nahikoa luke, euskararen aldeko diskriminazio positiboa oinarri hartuta pautak jartzea, euskarazko hedabideetan publizitate gehiago jartzeko.

J. LANDA: Diskriminazio positibotik harago doa kontua. Nagusiki erdaraz ari diren hedabideei ez zaie dirurik eman behar. Diru-laguntza inbertsio bat ere bada, eta kasu horietan inbertsioa zero da, diru-laguntza bukatzen den egunean hedabide horietan ez dagoelako euskararik. Diru-laguntza publikorik gabe uste duzu El Correok argitaratuko lituzkeela euskarazko orrialdeak? Ezin zaie dirurik eman euskaraz publikatu dezaten, nagusiki erdaraz egiten duten hedabideei.

Balantze bat egiteko eskatuko dizuet. Euskarazko prentsak bide luzea egin du. Zer botatzen duzue faltan, zer sobera?

E. GARMENDIA: Kazetaritza narratiboa, arnas luzeko kazetaritza, uste dut hortik jo behar dela, eta esperimentatu. Oso garbi izan behar dugu Euskal Herria zerbait bada, hizkuntza komunitate bat garela. Komunitate horrentzat esan beharrik ez dago hedabideek zer garrantzia duten. Arazoa ez dut ikusten Berrian eta ARGIAn, nahiz eta beti egin daitekeen gehiago komunitate horretako ertz guztiak biltzeko, muga fisikoa kendu zen baina muga mentalak hor ditugu Bidasoaren bi aldetara… Duela hilabete gutxi Euskadi Irratian Trumpi buruzko albisteak emanez ari ziren eta segidan esatariak esan zuen: “Gatozen etxera” eta hor non hasten den Malagako albiste bat ematen!

J. LANDA: Hori egunero. “Goian bego” ere maiz esaten du, eta igande goizez oraindik meza ematen duen hedabide batean normala izango da… Zer egin? nik ez daukat ezer proposatzeko. Zuek egin nahi duzuena eta nik gozatu egingo dut.

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA