Kontsumoa vs. genealogia

Gorka Bereziartua
0

Euskal kultura hobeto ezagutzeko lekua ere bada Durangoko Azoka, kontsumo hutsetik harago (argazkia: Durangoko Azoka).

Estatistikekin eta datuekin jarraitzen dugu: Durangoko Azokak igandea baliatu du bere eragin ekonomikoari buruzko datuak emateko. Siadeco etxeak egindako inkesta baten berri eman dute gaur Azokako areto nagusian eta horren arabera, sei milioi euro mugitzen ditu euskal kulturaren plaza honek. Bisitariek produktu kulturaletan gastatzen dutenaz gain, inguruko ostalaritzan duen eragina ere kontuan izan dute besteak beste, egunotan Durangoko kaleetan ibili den edonorentzat begi-bistakoa dena ere aipatuz, alegia, ez direla basque international festival in the middle of the night-ak bakarrik beste inpaktu hori eragiten dutenak.

Baina datu horiek xehe-xehe azalduz Andoni Imazek Berria-n idatzitakoari begiratuz, badaude beste kontu batzuk ere azpimarratzea merezi dutenak. Ororen buru, hona etortzen diren gehienak “euskal kultura bultzatu nahiak” ekartzen dituela nagusiki. Eta horrek zenbait galdera-ikur jartzen dizkio azken urteotan pisu handia hartu duen kontzeptu bati: “kontsumoa” zertan den erreparatzea marko egokia da Durango bezalako fenomenoak ulertzeko? Azokatik kanpo urte osoan egiten duguna aztertzeko? Edo beste mota bateko faktoreei eskaini beharko genieke arreta?
Gaur ere jendez beterik daude Landakoko kaleak, gaur ere liburuak, diskoak, DVDak, egutegiak, harpidetzak, rol-jokoak, mahai-jolasak, USBak, QR kodedun txupa-txupsak saltzen ari dira postuetan. Baina gaurko liburu-aurkezpenetako baten ondoren bururatu zait kontsumoaren partez beste zer indartzeko leku egokia den Azoka: euskal kulturaren genealogia martxan ikusteko lekua ere izan daiteke hau, ez dira alferrik pabilioi berean elkartzen belaunaldi ugaritako artistak eta bisitariak. Haietako bakoitzaren ibilbideetako geltokiekin metroko lineen estiloko mapak osatuko bagenitu, imajinatzen duguna baino panorama kultural aberatsagoan barrena ibiltzeko gida edukiko genuke.
Genealogiak interpelatu egiten zaitu kontsumoak egiten ez duen modu batean: nondik zatozen, zeri jarraitu diozun, zerekin hautsi duzun. Eta beti agertzen da ezusteko zerbait arbolan behera abiatzean.
Nobedadeen eta kontsumoaren logikak ez diote jaramon handirik egiten genealogiari, nahiago dute atzo aipatzen genuen star systema eta dena berria eta aurrekaririk gabeko gisa aurkeztea, horrek produktuari mesede egiten diolakoan; baina horren problemetako bat urteroko tristuratxoa da, hemen gertatzen dena behin eta berriz zerotik esplikatu beharra.
Gure kulturaren genealogia-ariketak egitea geroz eta premiazkoagoa iruditzen zait, ez agian bisitari gehiago erakartzeko, baina bai haien jakin-minaren dentsitatea handitzeko. Eta haiekin konektatzeko salerosketarena gainditzen duen modu batean. Durangoren inpaktu ekonomikoa baino puskaz handiagoa baita oraindik ere haren inpaktu kulturala –eta hori baieztatzeko ez dago ikerketarik egin beharrik ere, datorren urtean hona bueltatzearekin aski izango da–.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA