Arrazista naiz, baina


2022ko ekainaren 15an - 06:03
Argazkia: quefranquicia.com

Baina norbaitek egin behar ditu guk –oraindik– egin nahi ez ditugun lanak ostalaritzan, garbiketan, zaintzan, garraioan, eraikuntzan.

Arrazista naiz, baina poza eman dit irakurtzeak “langile eskasiari aurre egiteko Kolonbiatik 50 bat pertsona ekartzeko egitasmoa lantzen” ari dela Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea, eta Espainiako Gobernuak antzera egin nahi duela lan-eskua faltan duten sektoreak asetzeko, horretarako Atzerritarren Legea bera moldatuta. 2013an irekitako aukera eskuzabala pixkatxo bat eskuzabalagotzea da azken batean, ez besterik –urte horretatik landa, 500.000 euroko jabetzaren bat erosten duen atzerritarra automatikoki hartzen du beso zabalik Espainiako Erreinuak komunitateko kide legal gisa–.

Arrazista naiz, baina epela, demokratiko samarra, “ez naiz arrazista, baina” esan ohi duten horietakoa. Nahigabe epel demokratikoa eragiten didate Bidasoako ur hotzetan tantaka hiltzeko ohitura duten horiek, eta ez nituzke, jakina, kaletik iraindu edo egurtuko gixajoak. Horregatik dut Vox salatzen publikoki, bere muturreko arrazakeriagatik; baina eskertzen intimitatean, nire arrazakeria zuritzeagatik: a ze eskandalua zor zitekeen pertsonak baliabide huts gisa maneiatzen dituzten goikoen moduko ekimen arrazistekin bestela.

Arrazista naiz, baina norbaitek garbitu behar ditu gure enpresetako, gure etxeetako, gure ipurtzuloetako kakak, norbaitek zerbitzatu behar gaitu gure asteburuko edo oporraldietako mozkor eta bazkaritan. Bai, nik ere nahiago nuke, aukeran, gutar batek egitea, lan baldintzak duindu eta lan postuak zuritzea, baina ez da erreala –ez da ideologia kontua, merkatu kontua baizik–. Askozaz errealagoa da pixka bat itxoitea, bihar guk geuk erregutuko baititugu gaur baztergarriak zaizkigun baldintzetan esplota gaitzatela, esplota gaitzatela behintzat, eta orduan bidaliko ditugu ostiko batekin bueltan orain ekarriko ditugun baliabide horiek guztiak.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


Eguneraketa berriak daude