Argiak piztuko ditu ostiralean Durangoko Plateruenak

  • Kudeaketa publiko eta komunitarioa oinarri, ibilbide berriari ekingo dio Plateruenak. Herriko eragileen aterpe izango da, euskararen gune eta sortzaileen plaza.

Plateruenak martxoaren 3an zabalduko ditu ateak, kudeaketa publiko eta komunitarioarekin. (Argazkia: Durangoko Udala)

2023ko otsailaren 28an - 10:00

Pandemia izan zen mahai gainean kolpea eman eta kafe antzokiaren bideragarritasun ekonomikoa kili-kolo jarri zuena; hala jakinarazi zuten 2020ko irailean. Ateak itxi zituzten abendu hartan, eta konturatzerako hiru urte pasatu dira jada berezko Plateruenarik ikusi ez dela; azken Durangoko Azokako edizioan zabaldu zituen ateak salbuespen gisa, Ahotsenea bilakatzeko.

Atzera ere martxoaren 3an piztuko ditu argiak Durangoko Plateruenak, datorren ostiralean, Piztu argiak ospakizun-ekitaldiarekin ibilbide berriari hasiera emateko. "Piztu argiak, poztu bihotzak eta puztu aterpe hau", adierazi du Maider Larrañaga gunearen koordinatzaileak ekitaldia aurkezteko prentsa agerraldian. Hiru ardatz izango ditu Plateruenak: euskara, kultura eta sorkuntza. Eta era berean, bost funtzio bete: "Harrobia, esperimentazio gunea, topagunea, sortzaileen plaza eta erreferentzialtasuna".

Lehen aldaketa, begien bistakoa, izenean dator: aurrerantzean ez da Plateruena Kafe Antzokia izango; kultur aterpea izango da.

Kultur Mahaia oinarrian

2020ko abenduan, ateak itxi zirenean, Durango Udalak hartu zuen bere gain gunearen kudeaketa, eta eragile eta herriko makina bat partaiderekin batera abiatu zen Plateruena eta gero zer? hausnarketa-dinamika. Emaitzak eman ditu prozesuak, eta horren adibide prest agertu direla atzera ere argiak pizteko.

Kudeaketa publiko eta komunitarioa izango du Plateruenak: jabetza udalarena da, baina herritar talde batekin batera osatutako Kultur Mahaiak gogoetatuko du; lan lerroak eta ideiak trukatzeko bilgune izango da. Herriko 70 partaide inguruk izango dute ordezkaritza mahai horretan, eta erabakiak talde eragile baten esku egongo dira. Udaleko teknikariek osatuko dute taldea, eta Kultur Mahaiko bi kide ere egongo dira bertan, komunikazioa zuzenagoa izan dadin.

Ostiralean zita, 20:00etan

Leire Vargas idazle durangarrak gidatuko du aurkezpen ekitaldia, eta besteak beste Anari Alberdi musikari azkoitiarrak girotuko du agertokia, Peru Magdalena idazle durangarrarekin batera. Horrez gain, Odei Barroso rap abeslari urruñarra eta Aitor Bizkarra bertsolari abadiñarra ere ariko dira oholtza gainean; eta, bestalde, Durangoko Mockers musika taldea, Garazi Abraldes dantzaria edota Durangoko Bertso Eskolako gazteek hartuko dute parte ekitaldian.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Plateruena
2022-11-29 | ARGIA
Durangoko Plateruena berriak 2023an irekiko ditu ateak

Udalak hartu du Durangoko kafe antzokiaren ardura, eta kudeaketarako kultur mahai bat osatuko da. Hiru helburu nagusi ditu egitasmo berriak: euskalduntzea bultzatzea, herriko eragileentzako erreminta izatea, eta euskarazko kulturgintzarentzako gune bilakatzea. Martxoaren 3rako... [+]


2021-01-21 | Jone Markuleta
"Plateruena eta gero zer?" dinamika abiatu dute

Kultur esparruan aritzen den jendeak eta kulturak kezkatzen dituen herritarrek bat eginik, "Plateruena eta gero zer?" dinamika abiatu dute. Plateruena berriz irekitzeko aukerak aztertuko dituzte, eta bide horretan herriak zer behar duen jasoko duen diagnostikoa egin... [+]


2020-09-30 | ARGIA
Durangoko Plateruenak ateak itxiko ditu, egoera ekonomikoak behartuta

"Azken urteetan Plateruenak izan dituen zailtasunei COVID-19ak ostalaritzari eta kultur arloari eragin dizkien baldintzak gehitu zaizkie, eta horrek ezinezko egin du orain arteko kudeaketa ereduaren bideragarritasunari eustea eta eraikinaren ustiapen-epea luzatzeko... [+]


Plateruenak 10 urte bete ditu eta herritarren laguntza eskatu du

Durangoko Plateruena Kulturguneak 10. urteurrena ospatuko du urriaren 31n. Antzokiaren bideragarritasuna bermatzeko laguntza eskatu diete herritarrei.


Eguneraketa berriak daude