Arantza Quirogaren dimisioa: PP barruko liskarren azken ginda

  • Arantza Quiroga EAEko PPko buruak dimisioa aurkeztu du asteazken goizean. Urriaren 6an Askatasun eta Bizikidetza Lan Taldea sortzeko proposamena eraman zuen Legebiltzarrera, baina egun bat geroago atzera egin zuen, Madrilgo Genova kaleko PPren egoitzatik eta Terrorismoaren Biktimen Elkartetik jasotako presioak zirela medio. Egun batzuk publikoki agertu gabe eman ostean, kargua uztea erabaki du.  


2015eko urriaren 14an - 10:30

Quirogaren zikloa alderdi barruko tirabirek markatu dute. 2013an iritsi zen EAEko PPko presidentetzara, kargua utzi zuen Basagoitik berak aukeratuta. Hasiera hartan Basagoitiren bidea jarraituko zuela adierazi zuen, baina pixkanaka ildo propioa hasi zen jorratzen.

Arabako PPrekin tirabirak

Orduantxe sortu ziren bere lanarekiko alderdi barruko lehen desadostasunak. Legegintzaldiak aurrera egin ahala, alderdikideen babesa galduz joan zen, eta idazkari nagusi bezala Nerea Llanos aukeratu eta Iñaki Oyarzabal baztertzeak krisia piztu zuen alderdi barnean –erabakiak Arabako PP sumindu zuen–. Gauzak horrela, 2014an PPk egin zuen kongresuan presidente batek azken hamarkadetan jasotako babesik txikienarekin (%72,8) berretsi zuten karguan.

Gipuzkoako alderdikideak ere kontra

Giroak ez zuen lasaitzera egin, eta aurtengo udal eta foru hauteskundeetan berriro ere kontra izan zituen hainbat alderdikide. Kasu honetan, Quirogak Donostiako zerrendaburu izateko Miren Albistur hautatzeak piztu zuen sua. Erabaki hau Gipuzkoako PPko presidente Borja Semperren irizpidearen kontra –hau Ramon Gomezen aldekoa zen– hartu zuen.

Erabaki honek Semperren haserrea piztu zuen, eta azkenean urratsa eman ez zuen arren, Gipuzkoako PPko buruzagitza uzteko prest agertu zen. Quirogak aurretik Arabako PPrekin tirabirak bazituen, eta ordutik aurrera Gipuzkoako PPrekin zuen harremana ere gaiztotu egin zen.

Bakegintza: orain ez da momentua PPrentzat

Hirugarren eta azken liskarra Elkarbizitzari buruzko lantaldearen proposamenak eragin du. Quirogaren egitasmoaren funtsa "gaitzespen" hitza baztertu eta indarkeria "arbuiatzea" zen. EH Bilduk berak proposamen hau "aurrerapausotzat" jo zuen, baina ibilbide ezin motzagoa izan zuen.

Espainiako Gobernuak eta biktimen zenbait elkartek gogor estutu zuten jada EAEko PPko buruzagi ohia dena, egitasmoa erretira zezan. Azkenean hala egin zuen, Bilduk ekimena "garaipen" bezala saldu nahi zuela argudiatuz.

Geroztik astebete inguru agertu gabe egon ostean, asteazken goizean egin duen agerraldian kargutik dimititu egin duela iragarri du. Quirogak amaiera eman dio honenbestez alderdiaren barruko tirabira eta liskarrek markatu duten ziklo nahasi bati. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arantza Quiroga
2015-10-15 | ARGIA
Alfonso Alonso izango da PPko EAEko buru

Arantza Quirogaren lekua Alfonso Alonso gasteiztarrak beteko du. Quirogak joan den astean aurkeztu zuen mozioa atzera botatzera behartu eta honek dimititu ostean etorri da aldaketa. Alderdiko lurralde presidenteek eta Gasteizko Legebiltzarreko ordezkariek hautatu dute... [+]


PPren familiako bost izen Rajoyren buruhausterako

Aste nahasia bizi dute PPn eta asteazkenean baino ez gaude. Alderdia uztea erabaki duten beteranoak, jendaurrean alderdia gogor kritikatzen duten buruzagi ohiak, isiltasun esanguratsuak… Espainiako eskuina kriki-kraka dabil Euskal Herriko eta Kataluniako egoerei nola... [+]


Rajoy-Urkullu bilera azkartu nahi du PPk Bilboko manifestazioaren ondoren

Manifestazioek ez dute espetxe politikarik aldatzen Jorge Fernandez Díaz Espainiako Barne ministroaren esanetan, baina PPn mugimenduak ekartzen dituzte. Asteazkenean Arantza Quiroga EAEko popularren burua eta Mariano Rajoy Espainiako presidentea bildu dira eta erabaki... [+]


2013-05-13 | Jon Torner Zabala
Arantza Quiroga izango da EAEko PPko presidentea

Aurreikuspenak bete egingo dira: Arantza Quiroga irundarrak ordezkatuko du Antonio Basagoiti EAEko PPko presidente karguan. Iñaki Oyarzabal izango du alboan Quirogak.


2013-05-10 | Jon Torner Zabala
Arantza Quiroga, Basagoiti ordezkatzeko hautagai nagusia

Arantza Quiroga ez da Antonio Basagoiti EAEko PPko burua ordezkatzeko hautagai bakarra, baina bai nagusia, Madrilgo eta EAEko PPko kideen artean duen babesagatik, bere jarrera "kontserbadorea" dela medio.


Eguneraketa berriak daude