Aldaketak alderdi sistemaren egitura lehiakorrean?


2024ko apirilaren 22an - 09:44
Azken eguneraketa: 11:08

Okerrik ezean, Imanol Pradales izango da lehendakari berria. Hala ere, PSE-EEren babesa beharko du horretarako. Izan ere, berdinduta gelditu dira EH Bildu eta EAJ eserleku kopuruan. Hori pentsaezina zen duela gutxi arte. Zer aldatu da EAEko alderdi sistemaren egitura lehiakorrean?

1980az geroztik, EAEko alderdi sistema definitu izan da sistema plural polarizatu gisa. Beste modu batera esanda, historikoki honako hiru ezaugarri izan ditu.

Bat. Espainiako eta Frantziako estatuen legitimitatea onartzen ez duen euskal alderdi baten presentzia (Ezker Abertzalea: sistemaren begietara “nazionalismo erradikala edota antisistema”).

Bi. Espainiar trantsizioa legitimatzearen truke erdigune politikoa okupatu duen euskal alderdi baten existentzia (EAJ: sistemaren begietara “nazionalismo moderatua”).

Hiru. Oposizioaren parte diren alderdien artean gobernu alternatiboak eratzeko ezintasuna euren arteko distantzia ideologikoak eraginda (Ezker Abertzalearen eta gainerakoen artean: EA, EB, PSE-EE, PP…).

Egitura lehiakor hori izan da sistema autonomikoari “egonkortasuna” eman diona. Era berean, ordea, abertzaleen eta ezkerrekoen aliantzak oztopatu ditu ardatz nazionalean eta sozialean.

Gai izango ote da EH Bildu sistema plural polarizatuaren egungo inertziak hausteko, sistema plural moderatuan harrapatuta gelditu gabe?

Noizbait izatekotan, Lizarra Garazi garaian egon zen auzitan aipatutako hezurdura lehiakorra. Orduan, EAJ prest agertu zen erdigune politikotik mugitzeko, eta burujabetzarako bidean ezker abertzalearekin bide-orri bat adosteko. Prozesuak ez zuen aurrera egin. Saiakera hura ez zitzaien merke atera bi alderdiei. 2009ko hauteskundeetan Ezker Abertzalea legez kanporatua izan zen – 100.000 boto inguru baliogabetuz– . Aldiz, EAJ gobernutik baztertu zuten PSE-EEk eta PPk.

EAJren aldetik, 2012tik aurrera bere apustu estrategikoa izan da PSE-EErekin aliantza egitea lehendakaritza ziurtatzeko (hau da, sistema plural polarizatuan alderdi “moderatua” izatea).

Ezker Abertzalearen kasuan, estrategia izan da justu kontrakoa. Bere burua kokatu nahi izan du sistema plural polarizatuak ezartzen dizkion kategoria eta dikotomietatik – sistema/antisistema edota erradikal/moderatu– kanpo. Horretarako, EH Bildu koalizioa sortu zuen beste alderdi batzuekin batera. Berrikuntza politiko horrek ahalbidetu dio EH Bilduri gainerako alderdiekiko distantzia ideologikoak murriztea, eta lehiaren ikuspegitik erdigune politikoaren disputan murgiltzea, betiere, bere jatorriari uko egin gabe (horren lekuko dira lortu dituen 27 eserlekuak). Alabaina, EAJren eta PSE-EEren aliantzak mugatu egiten du EH Bilduk izan dezakeen eragin politikoa.

Horregatik guztiagatik, legegintzaldi hau mugarria izan daiteke etorkizuneko alderdi sistemaren egitura lehiakorra finkatzeko. Gai izango ote da EH Bildu sistema plural polarizatuaren egungo inertziak hausteko, sistema plural moderatuan harrapatuta gelditu gabe?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EAEko hauteskundeak 2024
Joera kontrajarriak?

“Inoizko [EAEko] parlamenturik abertzaleena” vs. “Independentismoa minimo historikoetan dago”. Bi baieztapen horiek azken aldian entzuten ditugu, eta areagotu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan apirilaren 21ean izandako hauteskundeen ondotik. Bi esaldi... [+]


Eguneraketa berriak daude