Albert Botran (CUP): "Euforiko gaude asteko mobilizazio maila ikusirik"

  • Albert Botran Pahissa CUPeko idazkaritza nazionaleko kidea da eta Espainiako Kongresuko hauteskundeen zerrendan bigarren postuan doa. ARGIAk elkarrizketa egin dio Kataluniako Legebiltzarrean, ostegunean, astelehenetik etenik gabe kateatu diren mobilizazio masiboak tarteko eta ostiraleko greba orokorraren bezperan. Berandu azaldu da hitzordura, Bartzelonan mugikortasuna bera baldintzatzen duten protesten ondorioz. Elkarrizketaren lehendabiziko atal hau aste honetako gertakarietan zentratzen da. Aurrerago bigarren zatia argitaratuko dugu, Espainiako hauteskundeetara aurkezteko CUPen erabakia eta arnas luzeagoko hausnarketak jorratuko dituena.


2019ko urriaren 18an - 09:04
Argazkia: Victor Serri.

Sententziaren aurkako protesten laugarren egunean gaude. Zer balorazio egiten duzu orain artekoaz?

Sentsazioa oso ona da, euforiko gaude asteko mobilizazio maila ikusirik. Ez da espontaneoki sortzen, azken bi urteetan mobilizaziorako tenperatura galdu ez dadin saiatu gara. Fruituak ikusten ari gara egunotan. Mobilizazio masiboak eta oso anitzak izaten ari dira.

Astelehenean Tsunami Democràtic-ek deituta El Prat aireportua blokatu zen. Hausnartzeko moduko elementu asko ditu ekimenak: deitzailearen izaera, antolakuntza mota, helburua, moduak... Zer nabarmenduko zenuke?

Aurrera egiteko balio diguten mobilizazio mota horietakoa izan zen, hainbat gako konbinatzen baititu. Jende mota ezberdinari irekia, adinez esaterako. Ez-biolentzian oinarritua, konpromiso handia eskatzen badu ere poliziaren jarrera dela-eta. Estatuaren gobernantza gaitasuna neurri batean kolapsatzeko gaitasuna –aireportua estatuaren azpiegituren parte sentsiblea da–. Azkenik, nazioartean eragiteko gaitasuna.

Tsunami-ren ildoak beste elementu garrantzitsu batzuetan ere jartzen du arreta. Ibex 35eko enpresetan esaterako, Katalunian bizi dugun egoeran alderdi politikoek besteko erantzukizuna dute, ez bada gehiago.

Ematen du mobilizazio-ziklo berria ireki daitekeela. Tsunami-ri eginkizun garrantzitsua aitortzen diozue arlo horretan?

Bai orientazioagatik, bai erreferentzia aitortu dion herritar kopuru handia dela-eta, uste dugu funtzio klabea jokatuko duela.

Aste honetan herritarrek eta herri mugimenduek protagonismo erabatekoa hartu dute alderdi politikoen aldean.

Bai. Beti izan da pixka bat horrela, processa babesten ez duten indarrek herritarrak zein euren burua engainatu nahi izan badituzte ere; esanez hau alderdiek zuzentzen dutela eta herritarrak erabiltzen dituztela. Gezur zakarrak. Eskuin espainolak, ezker espainolak zein ezker katalan ez independentistak egin dute hori. Baina hau mugimendu sakonki herrikoia da, eta horrela manifestatzen da. Baita testuinguru honetan ere, sententzia ezagutu aurreko egunetan bi alderdi independentista nagusien ordezkariek mezu desmobilizatzaileak bota dituztenean. Artur Masek eta Gabriel Rufianek adierazi zuten akatsa litzatekeela ekonomiari eragin diezaioketen ekimenak egitea. Eta, aldiz, mobilizazio masiboak piztu dira Katalunia osoan, nazioarteko aireportu baten blokatzea barne. Hori da processaren historia: behetik eragiten duen mugimendu herritarra. Une batzuetan mugimenduen eta alderdien arteko distantziak agerikoagoak dira, besteetan gehiago egiten dute bat, baina uneoro autonomoa da.

Generalitatea jarrera nahasia ari da erakusten. Behin baino gehiagotan entzun dizkiogu jendeari bi ideia: Generalitatean inor ez dagoela agintean, eta Esquadra Mossoak Espainiako poliziaren agindupean ari direla zuzenean. Ados zaude?

Bai. Hauteskunde autonomikoen ostean, gobernu eraginkorraren ideiarekin presionatu gintuzten hautagaitza baten alde egin genezan. Argi geratu da argudio hori oso ahula dela. Kataluniakoa botere oso gutxi duen gobernua da, legebiltzarraren jarduna epaileek mugatua dago. Uste dugu legebiltzarra burujabea eta gobernua eraginkorra diren fikzioa elikatzea kalterako dela. Errealitatea onartu behar dugu: polizia ez du Barne Kontseilaritzak zuzentzen, eta mossoen praktika abusiboen defentsan gotortzeak ez gaitu 155etik salbatuko. Estatuak gure instituzioen kontrola dauka 155a aplikatu aurretik ere.

Orain arte ikusi ez ditugun istiluak, eta polizia eta manifestarien arteko liskarrak ikusi ditugu egunotan. Astelehenetik bertatik, manifestari askok bestelako jarrera bat erakutsi zuten poliziaren jazarpenaren aurrean. Aldaketa bat eman da?

Desobedientzia ez-biolento masiboak emango dizkigu garaipenak. Hori da gure apustua. Istiluen ardura nagusia poliziaren jarreran dago. Edonola ere, 2017ko urrian pilatzen hasi zen amorrua dago. Poliziak barrabaskeriak egin zituen inpunitate osoz. Normala da, hortaz, egunotan ikusi ditugun amorru eztandak gertatzea.

Liskarretan jende gazte asko ikusten da.

Orain politizatzen ari den belaunaldi berri bat dago, energia asko du. Espetxeratzeengatik eta oinarrizko eskubideen ukazioagatik ari dira protestan. Baina ez horregatik bakarrik. Ziurtasunik gabeko etorkizuna bizi dute, gatazka nazionalaz gain krisi kapitalistaren ondorioz eta ingurumenaren suntsiketagatik. Lehen lerroan egoteko arrazoia hori ere bada.

Urrian bazegoen uste oso zabaldu bat: ez-biolentziaz eta herritarren ekimenez dena da posible. 2017tik hona bizitakoen eta sententziaren ondorioz konbentzimendu hori pitzatu izanak ere azaltzen ditu istiluak?

Frustrazio maila handia dago. Masiboki eta modu baketsuan mobilizatu gara, eta jipoiak hartu ditugu, umiliatu egin gaituzte, espetxeratu egin gaituzte, nahiz eta orduan istilurik ez zen egon. Gainera, hedabideek jendartea zatitzearen arduradun egiten gaituzte. Guk ez dugu uste frustrazioa ekintza biolentoen bitartez bideratu behar denik, baina inork zergatiak aurkitu nahi baditu hor bilatu behar du.

Kale istiluek etenik gabe jarraituko dute ala egunotako gertakari isolatuak izango dira?

Estatuaren jarrera izango da horretan erabakigarria. Bide errepresiboan sakontzen jarraitzen badu istiluek jarraituko dute. Gaur goizean ikasleen mobilizazio jendetsua egon da. Ia ez da poliziarik agertu, eta ez da istilurik izan.

Borroka moldeen osagarritasuna edo osagarritasun eza eztabaida klasikoa da ezkerrean. Istiluek independentismoaren batasuna eta mobilizatzeko gaitasuna baldintzatu dezakete?

Beste testuinguru batean zatiketa azaleratuko litzateke, baina orain jende askok, justifikatu gabe ere, poliziarekiko liskarren oinarrian dagoen amorrua eta frustrazioa ulertzen du. Bestalde, jende gehienak istiluen ardura nagusia poliziari egozten dio. Mobilizatzeko gaitasunari dagokionez, momentuz ez du eraginik izan. Guk, edonola ere, bidea desobedientzia ez-biolentoa dela uste dugu, mugimenduak batasuna eta etorkizunerako estrategia sostengarria izan dezan.

Estatuarengandik zer espero duzue? Mehatxuaren tonua gogortzen ari da PSOEren jarduneko gobernua...

Zoritzarrez, irtenbide errepresiboa lehenesten jarraitzen du PSOEk. Erresistentzia prestatu behar dugu, eta instituzioek ezin dute mehatxuaren arabera jokatu. Irudipena dugu batzuetan gure instituzioek ez dituztela neurri egokiak hartzen mehatxuengatik. Legebiltzarrak ebazpen jakin batzuk ez baditu onartzen edo gobernuak mossoen jardunari ez badio mugarik jartzen estatuaren interbentzio bat saihestearren, 155a jada aplikatua izaten ari da.

Errepresio handiagoko egoeran egon gaitezke. Ez dugu arinkeriaz jokatu nahi, ez gara “zenbat eta okerrago orduan eta hobeto” teoriaren zaleak. Alabaina, eusten jakin behar dugu; orain, eta etor daitezkeen baldintza okerragoetan.

Desobedientzia ez-biolentoaren aldeko apustua egiten duzuela errepikatu duzu. Gehien aldarrikatzen eta praktikatzen ari diren mugimendu herritarren artean, CDRak eta Tsunami daude. CDRak kolpatu dituzte jada, Marlaskak publikoki adierazi du Tsunami ikertzen ari direla. Horien aurkako kolpe errepresibo berriak aurreikusten dituzue?

Noski gertatu daitezkeela. Hala ere, herri hau esperientzia hartzen ari da eta erreminta politikoak esperientzien arabera moldatzen ari da. Tsunami-ren kasuan nabarmena da. Aurpegia emanda mobilizazioak antolatzen dituzten antolakundeen errepresioaren aurrean, Tsunami-k ez du pertsona fisikorik ikusgai. Errepresioa nola saihestu ikas dezakegu. Estatuak errepresiorako gaitasuna du, baina guk indar herritarra eta pilatutako inteligentzia dugu. Estatua boteretsua da, baina ez garaiezina. Urriaren 1a eta 3a dira froga.

Lau egun jarraian protesta masibo zenbatezin izan dira, baina estatuak ez du atzera egiteko keinurik egin. Epe motzean zein agertoki antzeman dezakezu?

Mobilizazio iraunkorra, baina denboran sostengarria behar dugu. Mobilizazioei norabide politikoa ematea ere behar dugu. Orain, sententziaren aurkako jarrera adierazten ari dira, baina edukia eman behar zaio arbuio horri: autodeterminaziorako eta independentziarako eskubidea irabaztea; amnistia; eta prozedura judizial guztiak bertan behera geratzea. Ahalik eta eragile politiko eta sozial gehienak batu beharko ginateke horren inguruan.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


'La Directa' babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: "Kazetaritza ez da terrorismoa"

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere "terrorismoagatik" inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Eguneraketa berriak daude