48. Durangoko Azokak ateak zabalik

  • Igandera bitartean Durangon bilduko dira euren lanak euskaraz publikatzen dituzten argitaletxe, diskoetxe eta enpresak, euskarazko kultur produktuen 48. azokan.


2013ko abenduaren 05an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Jende ugari elkartuko da Durangon gaurtik igandera bitartean.

Berrikuntza nagusia: Landako gunetik herri osora zabalduko dela Azoka eta sakondu egingo dela aurreko urteetatik ematen ari zen gunekako aldaketan.

Funtsean, Azoka Kulturaren Plaza bihurtu nahi dute edizio honetan. Hori lortzeko zeresan handia izango du Ahotsenea guneak. Aurten Landakoren atzean ezarriko dute sortzaileei eskainitako espazioa. Ez da lekuz aldatuko den bakarra izango: ikus-entzunezkoei eskainitako Irudieneak Zugaza zinemetan hartuko du ostatu Azokako egunetan.

Gainontzeko guneek leku berdinetan jarraituko dute eta denek egitarau zabala prestatu dute. Ondorengo loturetan ikus dezakezu egunotan zer aurki daitekeen Durangoko Azokan.

- Ahotsenea, sortzaileen guneko egitaraua.

- Plateruena kafe antzokian egunotako ikuskizunak.

- Saguganbara, haur eta gazteentzat prestatutako guneko egitaraua.

- Irudienea, ikus-entzunezkoen txokorako prestatu duten programa.

- Szenatokia, arte eszenikoen aretoak hilaren 7rako prestatu duen egitaraua.

- Kabi@ teknologia berrien eta eduki libreen guneko programazioa.

Nevadako kutsua

Bihar jasoko du William A. Douglass antropologo estatubatuarrak Durangoko Azokako Argizaiola saria. 20:30etan izango da sari-emate ekitaldia San Agustin Kultur Gunean.

Mr. Basque ezizena jaso izan du Douglassek Euskal Herriarekin izan duen harremanarengatik. Antropologoa eta Nevadako Unibertsitateko Euskal Gaien Zentroko irakasle emeritua, 1963az geroztik Euskal Herrian hainbat landa lan egin ditu, batez ere Etxalarren (Nafarroa) eta Aulestian (Bizkaia). Amerikan eta Australian ere ikertu du euskaldunen presentzia.

Gainera, Euskal Herriko gatazka armatua konpontzeko saioetan bitartekari lanetan aritutakoa da, 2009. urtean argitaratu genuen Larrun aldizkarian kontatu zuen moduan.

Ez da Nevadarekin lotuta zeresana emango duen kontu bakarra. Seguruenik aurtengo Durangoko Azokan irakurleek gehien espero zuten liburua atzo aurkeztu zen eta AEBetako lurralde hura dauka tituluan. Bernardo Atxagaren Nevadako egunak ozta-ozta iritsiko da aurtengo azokara. Renon egindako hamar hilabeteetan hartutako oharrak baliatuz “kronikatik nobelara” doan liburua idatzi du asteasuarrak.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Eguneraketa berriak daude