Lehen lerroan bai, aitortza errealik ez

  • Martxoan etxean gelditu ginen eta ikusi genuen nola batzuk bizirauteko oinarrizkoa den guztiari eusten ari ziren: zaharrak zaintzen egoitzatan eta etxe partikularretan, ospitaletan eriak artatzen, garbiketa lan sakonak egiten, farmazian herritar aztoratuak artatzen... Eta ikasi genuen oinarrizkoa bermatzen zutela sektore horiek, eta ikusi genuen langile gehienak emakumeak zirela, eta konturatu gara prekarioak direla. Ohartzeak ordea, ez du esan nahi emakume horien bizi eta lan baldintzak aldatu direnik. Sistema kapitalistari ez zaio interesatzen.


2020ko abuztuaren 02an - 06:35
Argazkia: Dani Blanco.

Hedabideetako argazki hura, emakume aurpegia zuen irudi hura, aztertzen laguntzeko eskatu diegu bi sindikalistari. LABeko Eli Etxeberriaren eta ELAko Jone Bengoetxearen analisiak baliatu ditugu ondoko erreportajean.

Itxialdian itota eta  engainatuta

Ezinezkoa da pandemia garaiko emakumearen argazkia egitea. Erraz ahazten bada ere, emakumeen arteko diferentziak, bizi-egoerak, oso desberdinak dira, eta abiapuntuaren arabera, osasun krisiaren eragina aldatzen da gorputz batetik bestera. Bengoetxeak esango digu ez dela gauza bera emakume euskaldun zuri eta baserritar bat izatea edo etxeko lanetan egun osoz ari den paperik gabeko emakume arrazializatua, adibidez. Agintari politikoek erabakiak hartzerakoan ez zituzten emakumeen egoera desberdinak kontuan hartu: enplegua zuten ala ez, adin txikikoak eta nagusiak ardurapean zituzten ala ez, enplegu gabekoak ziren ala oinarrizko zerbitzuetan ari ziren.

Etxeberriak eta Bengoetxeak egun batetik bestera etxean harrapatuta geratu zen emakumearen argazkia ekarri dute gogora segituan. Etxeberriak emakumeak erabat itota, gaindituta eta engainatuta sumatu zituen. Pandemiak kontraesanak agerian uzten lagundu zuen, nola sistemak ezin dion eutsi emakumeen doako lanik gabe eta zaintza lanak prekarizatu eta ikusezin bilakatu gabe. Prestatu eta negoziatu gabe, emakumeak egun batetik bestera zaintzaile, umeen irakasle, etxe garbitzaile, etxekoen emozioen kudeatzaile... bihurtu ziren. Askok, gainera, telelana egin zuen.

Biak ados dira genero rolak indartu zirela pandemian. Bengoetxeak dio COVID-19 aurreko garaian denboren eta lanen banaketa desorekatua bazen, hilabete haietan desorekak gora egin zuela: “Telelanean aritu ziren, eta lana eta bizitza pertsonal-familiarraren arteko muga ezabatu zen, jardunaldi bikoitzak eta hirukoitzak egin zituzten. Kontziliazioa ez da erreala”.

Gizonak etxean inoiz baino gehiago egonda, kontziliazioa errazagoa izango zela pentsatzea ameskeria baino ez zen izan: “Mugimendu feministak lan itzela egin du genero rolak kolokan jartzen. Alabaina, ezin dugu pentsatu egun batetik bestera sexuaren araberako lan banaketa, zaintza lanen banaketa, aldatuko denik. Ez da berez aldatzen. Jakin nahi nuke zelan bizi izan den hau guztia etxeetan”, dio Etxeberriak.

Ez etxean, ez lan merkatuan. Pandemia baino lehen ere, emakumeen bizitzak eta lanak prekarietateari lotuta zeuden. Orain agerian geratu dira. COVID-19 garaiko emakumeen egoerak ulertzeko, adibide baten bidez atzera jotzea proposatu digu Bengoetxeak: “Jendartearentzat garrantzitsua al zen COVID aurretik 1.000 eurora iristen ez zen supermerkatu kate bateko emakume langile baten lan egoera, zeinak jardunaldi partziala duen eta ardura familiarrak? Garrantzitsua al zen?”. Gipuzkoako eta Bizkaiko zahar egoitzetan egindako greba luzeak ekarri ditu gogora, baita Gipuzkoan epaitegi eta komisaldegietan bederatzi hilabetez egindako greba ere. Ez da ezer aldatu: torlojuak eta armak egiteak edo burtsan inbertitzeak pertsonak zaintzeak edo eraikinak garbitzeak baino gehiago balio du.

Aitortza sozialik izan al da?

Biek oso antzeko iritzia dute, eta sentsazioak elkarbanatzen dituzte. Bai, osasun krisiak lagundu du oinarrizko sektoreak zein diren bistaratzen, gizarteak ikusi du sektore horietako langile ia denak emakumeak direla, eta era berean, lanbide prekarizatuak direla. Etxeberria haratago doa eta iruditzen zaio mugimendu feministak hainbat urtez azpimarratu duen “bizitza erdigunean jarri” mezua ulertzeko balio izan duela: “Orain arte jende ugarik ez du asko pentsatu bizitza zer den eta nola sostengatzen den. Pandemian horretaz konturatu izana positiboa bezain harrigarria da”. Alabaina, ohartzeak edo jabetzeak esan nahi al du aitortza soziala lortu dutela emakume langileek eta lanbide ezkutatuek? Solaskideek ez dute uste hala denik. Biek aitortza soziala aldaketarekin, lan baldintzak hobetzearekin, lotzen dute. Txaloak dira horren adibide. Aitortza egiteko borondate oneko ekintza bazen ere, azkenerako pandemiari aurre egiten lehen lerroan ziren langile askok eskatu zuten txalo gutxiago jotzeko eta zerbitzu publiko sendoagoak garatzen saiatzeko. Erakunde publikoek bazekiten oinarrizko sektoreak zein ziren, beste gauza bat da aitortzea interesatzen zaien. Hala dio Etxeberriak: “Botere publikoak ez daude prest sektore horiei behar duten balioa emateko. Zaintza lanen atzean dagoen negozioa itzela da eta negozioa izaten jarraitzea nahi dute”.

Bengoetxeak uste du botere faktikoek eta establishment orokorrak bere pribilegioei uko egitea zaila izango dela: “Patronalen ‘denok barku berean’ gaudenaren mantra ezagunak oihartzuna du eta ‘denok estutu beharko ditugula gerrikoak’ ere bai. Guztiok lasterketan posizio berean egongo bagina bezala”. Beraz, diskurtsiboki nolabaiteko aitortza bai, baina politika aurrerakoiak ezartzeko borondate politikoa nekez. Aurreko inertzietara bueltatzeko seinale asko daude.

Emakumeen artean ere mailak

Sektore prekarizatu eta feminizatuak denak, baina haien artean ere kategoriak antzeman ziren. Argazkietan medikuak, erizainak, ospitaleko laguntzaileak… ikusi genituen. Egoitzatako gerokultoreak apenas agertu ziren eta etxeko langile atzerritarrak azaldu ere ez.

Gutxien azaleratu ziren eta prekarioen diren sektoreak aipatzerakoan guztiz bat egiten dute solaskideek. Ekonomia ezkutuan aritzen direnak, egoera administratibo irregularrean daudenak, etxebizitzarik gabekoak eta bazterketa soziala bizi dutenak ez ziren agertu ere egin. Etxeetan adinekoak zaintzen eta garbikea lanak egiten ari diren emakume atzerritarrak dira okerren daudenetakoak. Osasun krisian, une batez, agenda politikoan tokia izatea lortu zuten. Laguntza ekonomiko baten bidez aurrerapauso txiki bat ematea lortu zuten, pauso sinbolikoa eta ez oso erreala. Etxeberriaren ustez esanguratsua da etxeko langileekin egin zutena: “Benetako zaintza lanak egiten dituztenak horrela tratatuak izan baziren, horrek esan nahi du sistemak oso gaizki tratatzen gaituela orokorrean”.

Sektore prekarizatuenak ez ziren azaleratu pandemian, sistema kapitalistari ez zaiolako interesatzen, eztabaida potoloak mahai gainean jarri beharko liratekeelako. Ez da beraz, kasualitatea emakume langile batzuk telebistan ez ikustea. Hala dio Etxeberriak: “Eztabaidak egiteak esan nahi du kontraesan guztiak mahai gainean jartzea. Gure zaintza sistema pertsona batzuen esplotazioan sostengatzen dela aitortzea gogorra da, eta gainera, sistema eroriko litzateke. Horregatik, ez da eztabaidatzen”.

 

“Geure buruari bidaltzen genizkion kemen mezuak”

Nieves Hérnandez Herrero, BM-Ercoreca supermerkatuko langilea

 

Argazkia: Hodei Torres.

Osasun krisia lehertu zenean ez zen supermerkatuan lanean ari. ELA sindikatuko ordezkari liberatua zen. Egun batetik bestera bere lankide ohiak zurrunbiloak harrapatuta sumatu zituen eta egoera garratzari eusteko supermerkatura itzultzeko baimena eskatu zuen. Muskizeko BM dendan aritu zen. Beraienean, eta beste denda askotan ere, kaos galantak sortu zirela dio. Erosleak komuneko paper, irin eta legami bila zetozkien, egunean hiru aldiz sartzen zirenak ere bazituzten.

Muskizeko dendan hogei bat lagun aritu ziren lanean, hamabost bat emakumeak. Psikologikoki eta fisikoki porru eginda gelditu zirela aitortu du. Kalerainoko ilarak zituzten. Lan zamari ezin zioten eutsi eta era berean langileek haien osasuna arriskuan jarri zuten. Ia inolako babes neurririk gabe hasi ziren lanean, gero helduko ziren maskara eta bestelakoak. Supermerkatu kate horretako bost langilek baino ez zuten positibo eman, baina bestelako arrazoiengatik hartutako bajak hamarnaka izan ziren.

Hérnandez 8:00etan hasten zen lanean, eta 14:00tan, 15:00etan edo 16:00etan bukatzen zuen, eguneko lanaren arabera. Lanaldi murriztua dauka. 18, 14 eta 12 urteko hiru seme-alaba. Ama ere etxean, arrisku taldean. Beti etxekoak kutsatzeko beldurrez. Malabarismo batzuk egin behar izan zituen, baina etxekoek eutsi ziotela sentitzen du: senarra eta seme zaharrena arduratu ziren etxeaz, neurri batean. Zorionekoa sentitzen da babesa izan zuelako eta bi soldatak mantendu zituztelako. Sektorean gehienak emakumeak dira eta lanaldi murriztu asko daude. Panorama latzak ezagutu zituen: lanaldi murriztuan ari ziren langile batzuen soldata, ordura arte familiako bigarren soldata zena, etxeko soldata bakar bihurtu zen. Pozez negar egin zuten enpresak 500 euroko gehigarria emango ziela iragarritakoan.

Mirestekoa iruditu zitzaion osasungintzako langileek egin zuten lana. Hala ere, amorruz dio supermerkatuetako langileak ez zirela lehen lerrora eraman hilabeteak pasa arte. Txalorik ez haientzat. Beren burua goratu behar izan zuten, kemen mezuak, argazkiak eta bideoak zabaldu zituzten langileen arteko whatsappetan.

 

“Langileak amorratuta eta zapuztuta gaude”

Larraitz Varas Sánchez, erizaina Barakaldoko Gurutzetako ospitalean

 

Argazkia: Hodei Torres.

Larrialdietako ebakuntza-gelan egiten du lan, pediatrian. Zortea izan zuela dio. Beste lankide batzuk zerbitzuz aldatu zituzten, eta berak ez zion zuzenean aurre egin behar izan COVID-19ari. Hala ere, maskarak berrerabili zituen eta hasiera hartan ezagun egin ziren zakarretarako plastikozko poltsak erabili zituzten babeserako jantzi moduan. Protokolo bateraturik ezean, ezjakintasun handiz lanean aritu zirela dio.

Bere buruagatik baino, etxekoak eta ospitaleko pazienteak kutsatzeko beldurra zuen, birusa izanez gero. Babes gutxirekin lanean ari zirenez, aldi bakoitzean dutxatuta joaten zen etxera. 3 eta 4 urteko umeak eta senarra kutsatzeko beldurra zuen, eta batik bat pandemia betean asko lagundu zion ama kutsatzekoa. Telelanean ari zen ama, ez zen arrisku taldekoa, baina bai erretzaile amorratua.

Kirioak dantzan jarri zitzaizkion 4 urteko umea gaixotu zenean, burutik pasa baitzitzaion kutsatu zuela. Sustoa baino ez, eskarlatina baitzuen.

Erizaina ospitalean. Gremiokoek txalo zaparradak jaso zituzten. Herritarrek txaloak jotzea eskertu zuen, baina desmotibatzailea zitzaion herritarrak supermerkatuetan eta terrazetan aurrera eta atzera lasai ederrean ikustea: “Badakit txaloak zintzoak zirela, baina herritarrak ez dira ohartzen osasun sistema pribatizatzen ari direla eta langileok eskubideak galtzen ari garela. 32 urte dauzkat eta 21ekin hasi nintzen erizain lanetan. Okerrera goaz”. Langileek amorru eta zaputz handia dutela dio, horrela lan egitea ez dela batere atsegina. Ospitalean egoera latzak bizi izan ondoren, dena baretu zela dio eta berriz lehengora itzuli direla, alegia, okertzen ari den osasun sistema batean lan egitera. Ingelesezko burn out terminoa erabili du langileen egoera adierazteko. Terminoak esan nahi du langileak neke profesionalaren sindromea daukala: neke fisiko, emozional eta intelektuala du eta lanbidearen eskakizunei erantzuteko gai ez izatera iritsi den langileak nabari duen estresaren ondorioz sortzen da.

 

“Guk ere merezi genituen txaloak”

Lucero Gutiérrez, etxeko langilea

 

Lucero Gutiérrez ez dira bere egiazko izen-abizenak. Ez du enplegatzaileek ezagutzerik nahi eta argazkia ere bizkarrez atera diogu
SOS Arrazakeriaren bulegoan. Argazkia: Dani Blanco.

Bi enpresarentzat egiten du lan. Batak asteburuetarako eta jai egunetarako lana ematen dio, menpekotasun handia duten adinekoak etxean zaintzen. Bigarren enpresaren bidez etxe garbitzen aritzen da astean zehar. Osasun krisian lan batzuk galdu zituen adinekoen seme-alabak etxe aldetik zebiltzalako eta haiek egin zituztelako lehen kontratatutako langileek egiten zutena. Oinarrizko sektore ugaritan bezala, berak ere babes neurriak hartzeko aukera gutxi izan zuen, hasieran materialik ez zegoelako.

Kutsatzeko beldur handia izan zuen. Paranoia hitza erabili du berak. 21 urteko alaba eta bikotekidea ditu eta haiengana hurbiltzeko zailtasun handiak zituen, kutsatzeko beldurrez. “Umorea ere aldatu zitzaidan, ez nintzen ni. Hilko banintz alabari zer gertatuko zitzaion pentsatzen hasten nintzen, oraindik gaztea baita! Familia da gauzarik handiena”.

Ordukako enplegu guztiak ez zituen galdu COVID-19ak eragindako ondorioengatik. “Normaltasun berrira” itzultzen ari ginela, garbiketa lanak egiten zituen etxe batean 90 urteko gizonak ipurdia ukitu zion. Esan zion ez zegoela prest horrelakorik onartzeko. Lanik gabe utzi zuten: “Lana joan eta etorriko da, duintasuna da garrantzitsuena”.

Osasungintzako langileek txaloak jasotzea ondo iruditu zitzaion, baina berak beste emakume batzuen alde jotzen zituen esku zartak: etxeko langileen, supermerkatuko eta farmaziatako langileen alde, adibidez. Txalo-orduan pareko bizilagunari horixe bera galdetu zion, ea besteok ez al zuten txalorik merezi, eta baietz, arrazoi zuela erantzun zion bizilagunak.

Artikulu hau ARGIAren Aktualitatearen Gakoak aldizkarian argitaratu da. Paperean irakurri nahi baduzu, Azokan eros dezakezu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2020
2020-08-02 | Z. Oleaga
Eta hurrengo konfinamenduan, zer?

Aurreko konfinamenduaren digestio politiko, ekonomiko edo emozionala egin gabe gaudela oraindik, uda ostean berriz ere antzeko neurriak ezarriko dizkigutela aurreikusten duten ahotsak gero eta ugariagoak dira. Zer gertatu da martxoa eta ekaina artean alor ekonomikoan, politikoan... [+]


2020-08-02 | ARGIA
2020an ikusteko zortzi film gomendagarri

Jarraian ARGIAko erredakzioko kideok gomendatzen dizkizugun zenbait filme.


2020-08-02 | ARGIA
2020an ikusteko zortzi telesail gomendagarri

Jarraian ARGIAko erredakzioko kideok gomendatzen dizkizugun zenbait telesail.


Antonio Aretxabala, geologoa
"Egun autoa duten 500 pertsonatik bakarrak izango du etorkizunean"

Joan Josep Boch ekonomialariari maiatzean egin genion elkarrizketan berak zioen lagun baten esanetan planetak ez zuela negoziatzen, eta ekonomiaren uzkurtzea bai ala bai etorrriko zela. Geroxeago jakin genuen lagun hori Aretxabala zela. Uztail hasieran aurkeztu zen Sustrai... [+]


2020-08-02 | ARGIA
2020an irakurtzeko hamasei liburu gomendagarri

ARGIAko erredakzioko kideok ondoko hamasei liburuak proposatzen dizkizuegu udarako eta udazkenerako.


Eguneraketa berriak daude